Loaren eskasiak alzheimerraren garapena bizkortzen du
2019/01/24 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jakina da lo-eskasiak eta alzheimer gaixotasunak badutela nolabaiteko erlazioa, baina zientzialariek ez dute jakin izan nola gauzatzen den harreman hori. Science aldizkariak argitu du oraingoan: loa eteten denean, gora egiten du nabarmen alzheimer gaixotasunean gako den Tau proteinaren kontzentrazioak. Zehazki, Tau proteina % 50 gehiago agertzen dela ikusi dute, garuneko likido zefalorrakideotik eta hezur-muinetik gizakiei hartutako laginak aztertuta.
Berez, Tau proteina egunez jariatzen da –esna eta aktiboki lanean ari garenean–, eta lo-garaian murriztu. Batez ere nerbio-sisteman azaltzen da, neuronen axoiak egonkortzen laguntzen baitu. Kasu batzuetan, ordea,Tau proteinak elkarrekin korapilatzen dira, eta endekapen kognitiboa eragiten dute, alzheimerra kasu. Medikuntzako Washington Unibertsitate Eskolako ikertzaileek ikusi dute Tau proteinaren pilaketa toxikoak garunean hedatzen laguntzen duela lo-eskasiak, saguekin egin berri duten ikerketan.
Ikertzaileen arabera, loaren eskasiak ez du gaixotasuna sortzen, baina azkarrago hedatzen laguntzen dio jada garatzen ari denean. Hala, iradoki dute lo-ohitura onek garunaren osasuna babesten lagundu dezaketela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia