}

LIRIOAK, urriak bezain ikusgarriak

1996/07/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Lirioak

Landare polit honek osatzen duen familiarekin gure inguruko udako flora ezagutzen jarraituko dugu. Kotiledoi bakarreko familia handi hau lorategiko landare gisa da bereziki ezaguna, baina Euskal Herriko landaretza autoktonoan ere badu bere lekua eta aipamen berezia merezi du. Gure planetan 70 genero inguru ezagutzen dira, gehienbat lurralde tropikal eta epeletan bizi direnak. Europan berriz, 6 genero aipatu dira eta gure lurraldeetan 4 genero, nahiz bat edo beste naturalizatua egon eta hibridoren bat azaldu.

J. Terés

Iris generoari dagokionez, Ipar hemisferioan 250 espezie ezagutzen dira, Europan 30 eta Euskal Herrian 4 ( I. foetidissima, I. pseudacorus, I. graminea eta I. latifolia ), nahiz batzuetan zenbait espezie naturalizatu azaldu, ostargibelar arrunta ( I. germanica ) esate baterako. Lirio hauen ezaugarrietako bat lorearen forma da dudarik gabe, benetan ikusgarria. 6 tepaloz osaturik dago eta lore-orratzen hiru luzakinak zabaldu eta koloreztatu egiten dira, tepaloen antza hartuz eta hauen gainetik tolestuz. Esan bezala, lorearen edertasuna dela eta, genero hau apaingarri gisa oso erabilia da. Hibrido ugari sortu dira eta zenbait espezieren errizomak perfumea elaboratzeko erabiltzen dira.

Bestalde, aztergai dugun lirioa ( Iris latifolia ) 30-75 cm-ko landarea da. Zurtoinaren azpialdetik irteten diren hostoak kaulinarrak, luzeak eta estuak dira eta udaberrian jaiotzen dira. Loreak berriz, handiak dira, ohiz binaka elkartuak eta maiatzetik abuztura bitartean azaltzen dira. More kolorekoa da eta kanpoaldeko tepaloetan zerrenda hori laranja bat du. Landare hau oso urria da Euskal Herrian, itsasmaldetako belarkarietan eta mendizerra altuenetako larre desberdin eta basoguneetan aurkitzen da bereziki. Aipatzekoa da erdialdeko Pirinioetan larre harkaiztsuetan dituen loraldi ikusgarriak, bertan ugaria baita.

Bukatzeko, espezie interesgarri honetatik forma eta barietate ugari lortu direla esan behar, ingeles lirioak izenaz ezagunak eta ornamentaziorako oso erabiliak direnak.

Familia: iridazeoak
Espeziea: Iris latifolia (I. xiphiodes)
Banaketa: oso arraroa
Habitata: itsasmaldetako belarkari eta mendizerra altuenetako larre desberdin eta basoguneetan
Sendabelarra: ez

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia