Lindanoa Barakaldon: amesgaiztoaren amaiera hurbilago
2001/06/24 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Kolore zuri edo arrexka izan ohi du egoera puruan. Gehienetan, ordea, lurrarekin edota hondakin mota askorekin nahasirik ageri ohi da. Bere usain sarkorragatik, berehala antzematen da bere presentzia. Bestalde, ingurunean sortzen duen kalteagatik eta gizakiontzat oso kaltegarria delako oso arazo larria da Euskal Herrian. Lindanoari buruz ari gatzaizkizu irakurle, Bizkaiko Ezkerralde osoa K.O. utz dezakeen hauts zuriaz.
50eko hamarkadaren bukaeran, produktu organokloratuak pestizida edo intsektizida gisa erabiltzen hasi ziren. Erabilienetako bat lindanoa izan zen. Hainbat urtez lindanoa nolanahi erabili zen nekazaritzan, basogintzan, albaitaritzan eta giza osasunaren arloan, espektro zabaleko intsektizida delako; berdin-berdin balio du intsektu fitofagoak edo lurzoruan bizi diren intsektuak akabatzeko zein animalien edo gizakiaren parasitoak hiltzeko. 1984an, adibidez, 5.000 tona lindano ekoitzi zen munduan. Gerora, uste zena baino arriskutsuagoa izan daitekeela jakin da eta, gaur egun, beste hainbat substantziaz ordezkatzen da.
Lindanoa laburtzeko HCH esaten zaion hexakloroziklohexanoaren isomeroetako bat da, eta ekoizteko lehengaiak kloroa eta bentzenoa dira. Erreakziotik bost isomero nahasiak lortzen dira; ondoren, lindanoa gainerakoetatik bereizi egin behar da. Horrek esan nahi du prozesu horretan ezertarako balio ez duten hondakin asko sortzen direla. Zehazki esanda, ekoizten den lindano kilo bakoitzeko 9 kilo HCH hondakin sortzen dira, guztiak oso toxikoak.
Lindanoa Bizkaian
Lindanoa ekoitzi zuten enpresetako bat Barakaldoko Bilbao Chemicals da. 1947an hasi zen enpresaren produkzioa eta 1987ra arte jardun zuen horretan. 1947 eta 1953 bitartean, Bilbao Chemicalsek ekoitzitako HCH guztia intsektizida gisa saldu zen eta 1953an lindanoa gainerako isomeroetatik bereizten hasi ziren. Ordutik, lindanoa soilik merkaturatu zuten eta, noski, hondakin kopuruak segidan egin zion gainezka enpresari. Hondakinak batere kontrolik gabe isurtzen hasi ziren garai horretan eta horren lekuko da Barakaldon nonahi HCH hondakina egotea. 1986an administrazioak HCH hondakinak ekoizpen-gunetik ateratzea galarazi zion enpresari eta, ondorioz, hondakin horiek Barakaldoko pabiloietan metatzen hasi ziren. Gehiagorako lekurik ez zutela eta, 1987an enpresa ixtea erabaki zuen Bilbao Chemicalsek. Barakaldoko pabiloietan 4.500 tona HCH puru utzi zituzten, eta jarduerak iraun zuen bitartean 66.000 tona hondakin isuri zirela uste da.
Asuako Nexana Industrias Quimicas enpresak ere antzeko bilakaera izan zuen. 1952an hasi zen enpresaren jarduera, eta 1974an hasi ziren lindanoa gainerako isomeroetatik bereizten. Jarrera horren ondorioa Barakaldon gertatutako bera izan zen: 1982an itxi zen enpresa eta, ordurako, 18.400 tona lindano ekoitzi eta 7.000 tona kontrolik gabe isuri ziren. Geroztik, Bizkaian 50eko hamarkadan garatutako industria kimikoaren herentziak izen propioa du: lindanoa.
Behin betiko konponbide bila
Gaur egun ez da lindanorik ekoizten Euskal Herrian, baina bi enpresak itxita ere arazoa ez da konpondu. Produkzio-guneen inguruan sakabanatutako hondakinekin eta Barakaldoko HCH puruarekin zer egin? Galdera horri erantzuna topatutakoan amaituko da behin betiko lindanoaren amesgaiztoa.
Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak 1995eko azaroan aurkeztu zuen irtenbidea sustatzeko asmoz zuen ekimena. IHOBE Ingurugiro Kudeaketarako Sozietate Publikoak hartu zuen arazoari irtenbidea emateko konpromisoa. Landutako txostenean arazoak bi aurpegi zituela esaten zen: alde batetik HCH purua eta, bestaldetik, lindanoz poluitutako lurrak.
HCH purua ahalik eta gutxien garraiatzea gomendatzen zen eta, beraz, metatu ziren lekuan bertan tratatzeko modua ahalbidetu zen. Instalazioa 1999ko ekainean jarri zen martxan eta aurtengo urtearen amaierarako tratamendua amaitu eta instalazioa desegiteko lanari ekingo diotela adierazi dute IHOBEtik.
Lurrarekin eta beste industri hondakinekin nahasita dagoen HCHari dagokionez, oraindik orain, ez dago deuseztatzeko prozesu tekniko eta aldi berean ekonomikoki bideragarririk. Hori dela eta, lur poluituak aldi baterako segurtasun-biltegietan gordetzea hautatu zen, arazoa behin betiko konpontzeko irtenbide teknikoa aurkitu arte.
Segurtasun-biltegiak gai arriskutsuak gordetzeko egiturak dira, gai horiek isolatu eta ingurunera iristea galarazten dutenak. Irtenbide hori beste herrialde batzuetan ere erabili izan da, hala nola, Frantzian eta Herbehereetan, eta ontzat ematen da nazioartean.
Ibaizabalen eskuin-ibarrean poluitutako lurrak gordetzeko segurtasun-biltegia, 1998an, Loiun eraiki zen, Bilboko aireportuaren lurretan. Gaur egun, 113.000 m 3 lur poluitu gordetzen ditu. Ezker-ibarreko lur poluituak gordetzeko segurtasun-biltegia, berriz, Argalario mendiaren magalean kokatu da. 1999an hasi zituzten eraikuntza lanak eta ekainaren 4an hasi dira lur poluitua biltegi horretan metatzen. Portugaleteko 13.700 m 3 lur poluituekin batera 13 zabortegietakoak ere eramango dira bertara; orotara, 300.000 m 3 lur. Ingurugiro Sailaren kalkuluen arabera, segurtasun-biltegia betetzeko lanak 2002ko lehen hiruhilabetekoan amaituko dira, eta horretarako kamioi blindatuek 30.000 joan-etorri egin beharko dituzte. Guztia segurtasun neurri zorrotzen pean egingo da: kamioak deskargatzean hautsik airera ez dadin, hezetasun sistema bat erabiliko da; haizeak 40 km/h-ko abiadura baino handiago duenean ez da deskargarik egingo; eta lekualdatzeak hiru enpresa desberdinek zainduko dituzte. Hala ere, biltegi horien kokapena dela eta, Argalario inguruko biztanleek kexa bat baino gehiago plazaratu izan dute erreka eta zentro komertzialetatik hurbilegi daudelako.
Lindanoaren toxikotasuna
Azken hamarkadetan, pestizida gisa erabilitako hainbat substantzia organokloratu baztertu egin dira apurka-apurka, pestizida onak izan arren, ingurune eta osasun arazo larriak sortzen dituztelako. Arazo horien kausa substantzia organokloratuetako bi propietate dira: beren toxikotasun handia eta izaki bizidunetan metatzeko gaitasuna.
HCH ere toxikoa da eta izaki bizidunetan metatzeko joera handia du. HCHa irentsiz, arnastuz edo azala ukituz gero xurgatzen da. Dosi handitan hartuz gero, HCHak buruko mina, ahulezia, nekea, ezinegona, loezina, beherakoa, goragalea, oka egitea eta sukarra eragiten ditu, besteak beste. Esposizio handiagoek ataxia eta konbultsioak eragin ditzakete eta, kasurik larrienetan, koma, birika-edema, bihotz-kolapsoa eta heriotza ere eragin ditzake.
Bestalde, HCHaren kantzerigenotasunari buruzko saio ugari egin izan da, eta, horietako askotan, HCHak hainbat animaliengan minbizia sor dezakeela ikusi da. Hori dela eta, gizakiarengan ere minbizia sor dezakeela pentsa liteke, erabateko baieztapenik lortu ez bada ere. Osasunerako Mundu Erakundeak berretsi egin ditu datu horiek eta HCHa produktu kartzinogenoa balitz bezala maneiatzea aholkatzen du.
Bere toxikotasuna dela eta, gaur egun, lindanoa erabiltzea debekatuta dago hainbat herrialdetan (Japonian, adibidez, 1971n debekatu zen) eta beste hainbatetan (Estatu Batuetan esaterako) lege gogorrak ezarri dira lindanoaren erabilera eta ekoizpena arautzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia