Lifouko koralezko arrezifeak izugarri aberatsak dira
2002/02/05 Elhuyar Zientzia
Kaledonia Berria Ozeano Bareko hego-mendebaldean dagoen Frantziako itsasosteko departamendua da. Bertako koralezko arrezifeak mundu osoko zoologoentzako eta ekologistentzako paradisua dira, ikaragarrizko bioaniztasuna baitute. Hala ere, ikerketa gutxi egin direnez, oraindik ez dago hango altxor asko eta askoren berririk.
Aberastasun hori guztia aztertzeko asmoz, Frantziako Historia Naturaleko Museoaren eta Garapenerako Ikerketa Institutuaren artean LIFOU 2000 egitasmo zientifikoa eraman zuten aurrera. Lifou uhartea itsas gainean altxatutako atoloia da, eta bere arrezifeak zuzenean jaisten dira itsas hondo sakonera. Bertan 35 ikertzaile aritu ziren 2000. urteko urrian eta azaroan, eta galtzak bete lan izan zuten: 5 mila hektareatan, 3.000 espezie molusku bizi dira, hau da, Mediterraneo osoan baino 1,5 aldiz gehiago! Gainera, behatutako espezie gehienak oso bakanak dira, % 28 behin besterik ez baitzituzten ikusi, eta % 22 ale bakarrak ziren.
Emaitzak hain oparoak izan zirenez, orain 120 taxonomo ari dira espezieak aztertzen eta sailkatzen. Zalantzarik gabe, lana betetzeko urte batzuk beharko dituzte. Horretaz gain, aberastasun hori gorde nahi bada, erreserbak egin behar direla ohartarazi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia