}

LHC lanean

2008/09/10 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

CERN laborategiak gaur goizean inauguratu du LHC azeleragailua (Large Hadron Collider). Protoiak eta beste partikula batzuk azeleratzeko dagoen azeleragailu handiena eta ahaltsuena da; 27 kilometroko zirkunferentzia duen tunel baten dago, Geneva hiriaren azpian lurperatuta. Tunel horretan, beste azeleragailu ahaltsu bat zegoen, baina duela zazpi urte eta erdi bertan behera uztea eta desmuntatzea erabaki zuten fisikariek, berri bat egiteko. Azeleragailu berria gaur inauguratzen da; albiste ona da fisikaren ikerketarako.

Aurreko azeleragailua geratu zenetik berria martxan jarri duten arte igaro den denbora etenaldi luzea izan da ikerketarako. Izan ere, erabaki zaila izan zen duela zazpi urtekoa, baina, ustez, LHCaren ahalmenak konpentsatu egingo du galdutako denbora. Oso energia handiz azeleratuko ditu protoiak, 7 TeV-eko energiaz, haien arteko talka eragiteko. Talka horietan, besteak beste Higgs bosoiaren arrastoak aurkitu nahi dituzte. Oraingoz inork ez du aurkitu Higgs bosoia. Aurkitzen badute, hau da, partikula hori existitzen bada, fisikariek masaren jatorria azaltzen duen teoria onartuena baieztatuko dute. Horretarako, energia oso handiko talkak eragin behar dituzte; hori da LHC berriaren helburu nagusia, hain zuzen ere.

Argazkia: CERN

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia