LHC, atzerako kontaketa
2008/08/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
CERN erakundeak data jarri du, eta aditzera eman du irailaren 10ean jarriko duela martxan munduko azeleragailurik handiena. Hilabete eskas barru, beraz, bi protoi-sorta higiaraziko dituzte lehenengo aldiz LHC azeleragailuaren 27 km-ko tunelean barrena. Orduan, oinarrizko fisika berri baten ataria zeharkatuko omen dugu.
Dagoeneko hasi da irailaren 10era arteko atzerako kontaketa. Izan ere, CERNek argitaratutako prentsa-oharrean esan bezala, azeleragailu bat martxan jartzea ez da botoi bat sakatzea. Lehenengo fasea uztailarekin batera amaitu zuten: azeleragailua osatzen duten 1.600 iman supereroaleak ia zero absolutura arte hoztu eta sistema elektriko osoak ongi funtzionatzen duela egiaztatu zuten uztailean.
Hurrengo pauso garrantzitsua joan den asteburuan eman dute: azeleragailua eta protoi-sortak azeleragailuan 'injektatuko' dituen SPS sinkrotroia nanosegundo baten hamarreneko zehaztasunez sinkronizatzea. Lehen proba asteburuan egitekoak ziren, eta bigarrena, hurrengo asteetan. SPStik igarotzea protoiek azeleragailuan sartu aurretik emango duten azken urratsa da. Handik, azeleragailuan barrena ia argiaren abiaduran higitu eta energia izugarriz elkarren aurka talka egingo duten bi sorta irtengo dira.
Irailaren 10eko saioan 450 GeV-eko energia-mailan lan egingo dute, eta irailean zehar 5 TeV-eko (5.000 GeV) energia-mailaraino iristea da helburua. Ustez, errendimendu osoz lanean arituko denean, LHC azeleragailuak 7 TeV-eko energiaz azeleratu ahal izango ditu protoiak.
Irailaren 10ean, beraz, txikitasuna arakatzeko erraldoia lanean hasiko da, eta, fisikari askoren amets eta itxaropenak egia bihurtzen hasiko da.
Apirileko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian jaso genuen nolakoa den inoizko azeleragailurik handiena, bai eta zer ikertuko duen ere.
Argazkia: CERN (argazkikoa LHCren detektagailu nagusietako bat da, CMS detektagailua)
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia