}

Leuzemia akutuak aurrerapenak sendabideetan

1994/02/01 Furundarena Salsamendi, Jose Ramon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jendeak badaki leuzemia odoleko minbizia dela eta horren ondorioz ulertzekoa da sortarazten duen beldurra eta etsipena.

Hala ere, ez da hain ezaguna leuzemiak era askotakoak izan daitezkeela eta sailkatzen hastekotan lehenik bi talde handi bereiziko genituzke: akutuak edo epe motzean hiltzen dutenak eta kronikoak edo epe luzeagoan eboluzionatzen dutenak. Oraingoan –aurrerapen itxaropentsuenak azken hamarkadetan eritasun honetan lortu direlako– leuzemia akutuez arituko natzaizue, eta bereziki umeengan agertzen den mota batez: leuzemia akutu linfoblastikoaz.

Argitaratu berri dituzte Estatu Batuetako St. Jude Children’s Research Hospital-ekoek eritasun honen tratamenduan azken 30 urteotan izandako emaitzak eta interesgarria deritzot gainbegirada bat emateari. 1962tik 1988rarte leuzemia akutu linfoblastikoa zuten 18 urtetik beherako 1.702 ume tratatu dituzte 11 tratamendu-protokolo ezberdinekin. Dena dela protokolo hauek 4 multzotan bil ditzakegu:

  • A multzoa: 1962tik 1966rarte erabilitako 4 protokoloek osatzen dute. Garai hartan kimioterapiarekin odoleko zelula gaiztoak desagertaraztea lortzen zen.
  • B multzoa: 1967tik 1979rarte erabilitako 5 protokoloez osatua. Lehen multzoko ume askorengan eritasuna Nerbio Sistema Zentralean berriz agertzen zela ikusita, sistema horren kontra radioterapia erabiltzen hasi ziren.
  • C multzoa: 1979tik 1983rarte erabilitako protokoloa. Droga kimioterapiko berriak erabili ziren.
  • D multzoa: 1884etik 1988rarte erabilitako protokoloa. Tratamenduaren hasieran erabiltzen diren drogen dosia ahal bezainbeste handiagotuz eta elkarren artean osagarri direnak konbinatuz osatutako protokoloa dugu. Tratamenduak 2 urte baino gehiago irauten du.

Irudian ikus daitekeenez, eritasunik gabe diagnostikoa egin eta 5 urtera bizirik irauten duten umeen proportzioak gora egin du etengabe A multzotik D multzora. Horrela A multzoan eritasunik gabe % 9 besterik ez bagenituen, B multzoan % 36 ziren, C multzoan % 53 eta D multzoan, berriz, % 71. Bestalde, medikuek badakite umeari egindako azterketetan zenbait sintoma dituztenen biziraupena laburragoa izaten dela, baina ume horien biziraupena ere asko luzatu dela esan dezakegu.

Pronostiko ona duen ume baten adibidea emanez, jo dezagun ume bat arrazaz zuria dela, 1 eta 10 urte-bitartekoa, 50.000 leukozito edo globulu zuri baino gutxiago dituena eta D multzokoa. Ume hori 5 urtera eritasunik gabe bizirik egoteko probabilitatea % 86koa da. Pronostiko txarra duen adibidetzat ume beltza jar dezakegu, urtebete baino gutxiago edo 10 urte baino gehiago dituena, 50.000 leukozito baino gehiago dituena eta D multzokoa. Ume honentzat 5 urtera eritasunik gabe bizirik irauteko probabilitatea % 60koa izango litzateke gutxi gora-behera.

Tratamendu ezberdinen lehen multzoetan arazo handienak eritasuna desagertu ondoren berriz gaixotzearen ondorio ziren. Eritasuna berriz agertzeko leku usuenak odola, nerbio-sistema zentrala eta barrabilak ziren. Azken multzoetan tratamendu trinkoagoen eta erasokorragoen bigarren mailako efektuak agertzen hasi ziren; batez ere infekzioak eta beste minbiziak.

Ume hauengan batezbeste 18 urteko jarraipen klinikoaren ondoren epe luzera agertu diren arazoak aztertu ahal izan dira. Minbizi solido izeneko 29 kasu izan dituzte eta leuzemia akutu mieloideko 27 kasu. Gorputzaren hazkunde edo garapenean ere akatsak izan ditzakete (batipat baxuagoak izan daitezkeelako) eta garapen intelektual eta psikologikoan ere aldaketak eta hutsuneak izan ditzakete.

Lan honetan umeen aipamena besterik egiten ez baldin bada ere, leuzemia akutu linfoblastikoak helduei ere erasan diezaieke eta hauengan tratamenduak lortzen dituen emaitzak ez dira hain onak izaten. Hasieran % 70-80 kasutan eritasuna desagertaraztea lortzen bada ere, 5 urtera eritasunik gabe bizirik dirauen proportzioa % 35ekoa izaten da, hau da, umeengan lortzen denaren erdia. Gainera heldu hori 50 edo 60 urtetik goragokoa baldin bada, emaitzak are eta apalagoak izaten dira.

Berriz gaixotzeko arriskua duten kasu batzuetan hezur-muineko trasplantea ere egin daiteke, baina beste baterako utziko dugu gai hau.

Beraz garbi dago leuzemia akutu linfoblastikoaz gaixotutako ume asko sendatu egin dela eta emaitzak hobetzen segitzeko ahaleginek aurrera segitzen dutela. Esperantzari irekitako leihotik gero eta argi distiratsuagoa sar dadila.

Oharra : Europako herrialde gehienetan, Euskal Herria barne, antzeko emaitzak lortzen dira eta ez dago atzerapenik Estatu Batuekin konparatuz.

Urteetan zehar eta tratamendu-multzo ezberdinen arabera bizirik eta eritasunik gabe irauteko probabilitateak gorakada nabarmena du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia