Leitzaran ibaiko sedimentuen garraioa nabarmen leheneratu da Ollokiko presa eraitsita
2025/02/27 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Leitzaran ibaiko presa bat botatzeak uharrien garraioa handitu du kopuruan eta distantzian, EHUk egin duen ikerketa batek frogatu duenez. Ikusi dute, gainera, urteetan pilatutako sedimentuak pixkanaka garraiatu direla, ez bat-batean. Geomorphology aldizkarian argitaratu dituzten emaitzak baliagarriak dira administrazioentzat, presen eraispenen ondorioak aurreikusteko.
Ibai Funtzionamendua ikerketa-taldeko ikertzaileak zazpi urtez aritu dira Ollokiko presa kentzeak sedimentuen garraioan zer eragin izan duen aztertzen. Ondorioztatu dute presa eraitsi ondoren uharri gehiago mugitu direla, eta harriek egindako ibilbidea ere luzatu egin dela.
Europako Batasunaren politikek sustatuta, erabilerarik ez duten presak kentzen ari dira ibaiak lehengoratzeko helburuarekin. Horren adibide da Ollokiko presa (Gipuzkoa). Batez ere, izokinen habitata hobetzeko xedez eraitsi zuten. Izan ere, ibaiaren funtzionamendu egokia izateko eta habitatak egoera onean egoteko, ibaiaren geomorfologiak ondo funtzionatu behar du. Besteak beste, oso garrantzitsua da ibilgua berritzea, eta, horretarako, sedimentuen zein emarien garraioak egokia izan behar du: “Ibaiak garraio-sistema bat dira eta, funtzio ekologikoa ondo betetzeko, ura, sedimentuak, nutrienteak eta izaki bizidunak mugitu behar dituzte. Baina presek, hain zuzen ere, hori oztopatzen dute. Guk esaten dugu gure zainetan sortzen diren tronboen modukoak direla”, azaldu du Askoa Ibisate ikertzaileak.
Testuinguru horretan, presa kentzea benetan eraginkorra izan den frogatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko lanak aztertu du eraispenak sedimentuen garraioari nola eragin dien prozesu osoan zehar: “Bagenekien berreskuratuko zela, baina ez genekien nola. Ezta ibaiaren puntu desberdinetan zer eragin izango zuen ere. Hala, uharrien mugimendua hiru kokapen jakinetan neurtu dugu, pareta bota aurretik, bitartean eta ondoren”, zehaztu du Ibisatek.
Mobilizatutako sedimentu-kantitateari dagokionez, ikerketak jakinarazi du desplazatutako uharri-kopurua bereziki presa guztiz bota ostean igo dela, baina Ibisatek argitu nahi izan du era progresiboan gertatu dela. Hau da, mugimendu horiek ez direla bat-batean jazo: “Presak eraisterako garaian, beldurretako bat izaten da urteetan pilatutako sedimentuak olatu baten moduan kolpetik abiatzea eta, ondorioz, uretan behera uholde-lautadan dauden erabileretan eta azpiegituretan kalteak eragitea. Aldiz, guk ikusi duguna da prozesua erregulatu egiten dela eta pixkanaka garraiatzen direla harriak”.
Hala, azpimarratu dute azterlanak informazio baliagarria ematen diela administrazioei presen eraispen-lanak planifikatzeko. Kasuan kasu erreken ezaugarri zehatzei erreparatu behar bazaie ere, ikerketak aukera ematen du ibaien funtzionamendua eta sedimentu-emarien erregimena hobeto ezagutzeko, presen eraispenen erantzun geomorfologikoak aurreikusteko eta estrategia propio bat diseinatzeko.
Bestetik, harrien desplazamendua ere nabarmentzekoa dela dio Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak: “Zenbait harrik 8,8 kilometroko distantzia egin dute urte bakarrean, eta hori asko da. Ez genuen sedimentuak hainbeste mugituko zirenik pentsatzen, eta arloko beste adituak ere harrituta geratu dira”.
Ikerketak iraun duen zazpi urtetan markatutako 1.800 harri utzi dituzte ibaiaren hiru puntutan: presaren eraginpean dauden bi tokitan (bata uretan gora eta bestea uretan behera) eta eraginetik kanpo zegoen kontrol-puntu batean. “Kontrol-puntuari esker jakin ahal izan dugu pareta botatzeak sedimentuen garraioan sortu dituen aldaketak benetan eraispenaren ondorioz gertatu direla eta ez bestelako faktore batzuen eraginez; esaterako, goraldi nabarmen bat izan delako”, zehaztu du Ibisatek.
Harriek kode bat zuten barruan txertatuta. Hala, sedimentuak zenbat mugitu diren jakiteko, ibaia arakatu dute detektagailu bat erabiliz (metalak topatzeko erabiltzen diren tresnen antzekoa): “Gailuak kode bat antzematen duenean, zer harri den jakinarazten digu eta GPS koordenatuak ematen dizkigu. Hala, guk badakigu non askatu genuen, non agertu den eta, beraz, zer distantzia egin duen”, dio Ibisatek.
Hainbeste denboraz aritu izanak balio handia eman dio ikerketari: “Normalean diru faltagatik 1-2 urteko segimendua egiten da; presa eraitsi baino lehenago eta apur bat geroago. Guk, aldiz, lehenengo harri markatuak 2016an jarri genituen, eta hurrengo 6 urteetan begiratu genuen noraino iritsi ziren. Tartean, 2018 eta 2019ko udetan, pareta eraitsi zen bi fasetan eta, ondoren, 2022ra arte egin genuen sedimentuen mugimenduaren jarraipena. Beraz, aukera izan dugu presa guztiz bota ostean, hiru urte osoz informazioa biltzeko. Denbora-tarte handia da eta, hortaz, emaitzak esanguratsuak”, sakondu du Ibisatek. Gainera, oso baldintza hidrologiko desberdinak jazo ziren azken urte horietan, eta, ondorioz, are aberasgarriagoa da bildutako informazioa. Izan ere, presa eraitsi ondoren, neurtu ahal izan dute emariek sedimentuen garraioan zer eragin izan duten ere.
