}

Lehoi gizajaleak: familiako ohitura

2003/01/27 Elhuyar Zientzia

Lehoi gizajaleak uste baino ohikoagoak dira, Chicagoko Biologia Museoko ikertzaileen esanean. Horien ustez, jokaera hori lehoi-familietan belaunaldiz belaunaldi transmititzen da.

Kondairen arabera, 1890eko hamarkadan lehoi-bikote batek trenbidea egiten ari ziren 135 langile jan zituen Kenyako Tsavo eskualdean. Datuak aztertuta, badirudi 28 langile inguru jan zituztela. Asko, edonola ere.

Azterketa berean, eskualde hartan lehoiek gizakiak jatea nahiko arrunta dela ikusi dute, gutxienez XIX. mendearen hasieratik Bigarren Mundu Gerra bitartean.

Ohiko harrapakinen eskasiak, giza gorpuen eskuragarritasunak (izurriteen ondorioz, adibidez) edo ehiza zailtzen dien beste edozein faktorek eragin dezake lehoi bat gizakiak jaten hastea. Eta, ohitura hartuz gero, batak bestetik ikasten omen dute.

Horiek eta beste hainbat datu argitaratuko dituzte 2001 Journal of East African Natural History aldizkarian.

Dena den, ez dugu ahaztu behar gizakia naturaren baitan bizi dela, eta ez gaitu harritu behar harrapari handiek harrapakin gisa ikusteak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia