Lehenengo artelana
2002/01/11 Elhuyar Zientzia
Hegoafrikar Errepublikako Blombos haitzuloan, ustez lehenengo artelana dena topatu dute. Izan ere, orain arte duela 35.000 urteko Frantziako haitzulo bateko pinturek zuten ohore hori, eta Bonblosko artelanak gutxienez 40.000 urte zaharragoak dira.
Aztarna guztien arabera, duela 77.000 urte gizabanakoren batek marrak eta triangeluak zizelkatu zituen okrezko bi harri gorritan. Egilea pentsamendu abstraktuaren jabe zela eta hitz egiteko gaitasuna zuela argi uzten dute irudiek. Gainera, irudi horiek ez dira zirriborro hutsalak. Aldiz, irudiek duten lanari eta harri bereizietan diseinu bera egin izanari erreparatuta, helburu zehatzarekin zizelkatu zirela dio Hegoafrikar Errepublikako museoko arduradunak. Dirudienez, harri okreak 30-40 km harantzagotik eraman zituzten haitzulora, eta litekeena da gorputzak pintatzeko erabili edota apaingarri gisa eduki izana.
Harriekin batera, hezur landua eta arrantza-tresnak aurkitu dituzte haitzuloan; beraz, bertako biztanleen maila teknologikoa garapen kulturalarekin bat dator. Washington Unibertsitateko antropologo baten ustean, zizelkatutako marra eta triangeluak hitzak edo zenbakiak izan daitezke.
Aztarna anatomikoetan eta genetikoetan oinarrituta, Homo sapiens-a duela milioi laurden urte inguru sortu zela uste da. Baina mintzaira, kultura eta gizaki modernoaren beste ezaugarriak noiz sortu ziren jakitea ezinezkoa da oraindik. Erantzuna artelanek eman dezakete: arteak egileek zuten gizarte-egituraren, usteen eta erritualen berri ematen du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia