Lehen aldiz sekuentziatu da landare baten genoma osoa
Estatu Batuek, Europako Batasunak eta Japoniak batera sustatu
duten proiektua emaitzak ematen hasi da. Arabidopsis
thaliana landarearen mapa genetikoa aurkeztu dute; mugarri da ikerlarientzat,
inoiz egin den zehatzena baita.
Genomaren
lasterketan oihartzun handiz argitara ematen diren mapak, gizakiarena
kasu, ez dira beti esaten diren bezain zehatzak. Baina badirudi Arabidopsis
thaliana landarearekin lanak oso aurreratuta daudela, hala adierazi
zuten atzo bederen Arabidopsis Genoma Proiektuko arduradunek. Orain ia
hamar urte hasitako lanaren emaitzak plazaratu zituzten.
Ez dute ADN katearen sekuentzia soila egin, informazio ordenatuaz gain
proteina askoren funtzioa ezagutzea lortu dute. Ez da harritzekoa, Arabidopsis
thaliana 1980tik landareen biokimika, fisiologia eta garapena ulertzeko
eredu gisa erabiltzen baita.
Landareen
eredua
Arabidopsis
thaliana landarea azkar eta ugari ugaltzen da, eta genoma txikia dauka.
Tamainaz ere, artoa edo soia baino ehun bider txikiagoa denez, egokia
da laborategian ibiltzeko. Azaletik, laboreak ikertzeak aplikazio lasterragoak
izan ditzakeela pentsatu daiteke. Horiek, ordea, handiagoak dira bai fisikoki,
baita genomari dagokionez ere. Gainera, beste landareek dituzten gene
berdinak izateak Arabidopsis-en ikerketa oso baliagarria bihurtzen
du.
Ezagutzera eman berri den mapa genetikoa orain arte lortutako zehatzena
da, eta genoma deskodetu dela esatearekin batera hainbat datu interesgarri
plazaratu dira. Adibidez, Arabidopsis-ek uste baino gene gehiago
ditu bikoiztuta, giza genoman gertatzen den antzera. Guztira 26.000 gene
inguru identifikatu dira, baina diferenteak direnak ez dira 15.000ra iristen.
Ikerlarientzat ezustekoa izan da hori, bikoizketa gutxi zituelakoan aukeratu
baitzuten eredu genetiko gisa. Baina ezustekoak ikasteko balio izan du:
geneen duplikazioak ez du akatsak berdintzeko balio, beste esanahiren
bat du. Esanahia misterioa da oraindik.
Antzeko
genomak
Landare
honen genoma esku artean hartuta, organismo zelulanitzen arteko berdintasun
eta ezberdintasunen oinarri genetikoa agerian geratu da ikerlarientzat.
Ikusitakoaren arabera, Arabidopsis thaliana landarearen gene gehienek
baliokideak dituzte C. elegans zizarean eta Drosophila melanogaster
eulian. Izan ere, bizidunen dibertsitatea ez zaio desberdintasun genetiko
handiei zor. Berdinak diren geneak nola antolatzen diren eta euren aginduak
zertan gauzatzen diren, hor dago koska. Izan ere, ordenak badu eraginik
kasu honetan.
Mapa genetikoak, era berean, landareei berezkoak zaizkien ezaugarri biokimikoak
finkatzen lagundu du. Landareetan espezifikoak diren funtzioetarako esleitutako
geneak zein diren ikusi da. Alde batetik, energiaren oinarrizko eraldaketaz
arduratzen diren mekanismoak genetikoki aztertzeko aukera emango du eta
bestetik, landareek sintetizatzen dituzten bestelako substantzien jatorria
ezagutu daiteke. Substantzia horiek ezin dituzte animaliek ekoitzi. Horien
artean daude, esate baterako, landareei usaina eta kolorea ematen dietenak,
baina baita ere gizakiok botika gisa erabiltzen ditugun beste asko.
Badirudi genoma badagoela, proteinen txanda dator orain. Arabidopsis-en
proteina bakoitzaren eginbeharra zein den aztertu nahi da hemendik aurrera.
Analisia.
Bego
Carton Virto, Eider
Elhuyar Zientzia
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian