}

Legamiak alkaloide-ekoizle

2008/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Legamiak alkaloide-ekoizle
2008/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: A. Kriz)

Legamia batzuek alkaloideak produzitzea lortu dute Kaliforniako Teknologia Institutuko bi ikertzailek. Botika gisa aspaldi erabiltzen ditu gizakiak alkaloide batzuk, hala nola morfina eta kodeina analgesikoak. Orain arte, substantziok ekoizten dituzten landareetatik atera edo laborategietan sintetizatu behar zituzten, eta bata zein bestea oso prozesu garestiak eta nekezak ziren.

Kaliforniako ikertzaileek hiru landareren gene jakin batzuk sartu zizkieten legamia batzuei --Papaver somniferum (lo-belarra), Thalictrum flavum eta Arabidopsis thaliana landareenak--, eta legamiak zazpi alkaloide-mota ekoizten hasi ziren, besteak beste, morfina.

Lortu berri duten ekoizpen-bide hori errazagoa eta merkeagoa da orain arte erabili behar izan dituzten bideak baino. Gainera, alkaloideak ekoizteko bidean sortu ohi diren molekula bitartekariak produzitzea ere lortu dute, eta orain arteko prozesuekin ez zituzten eskuragarri horiek.

Alkaloideak landareek ekoizten dituzten bigarren mailako metabolitoak dira, landareek kanpo-ingurunearekin elkarreraginean jartzeko sortzen dituzten substantziak (harraparietatik babesteko substantzia toxikoak izan daitezke, polinizatzaileak erakartzeko substantziak eta abar).

1
246
2008
10
009
Mikrobiologia; Genetika
Berriak labur
6

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia