Lasik: begi-kirurgian azken arrakasta
1999/12/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ongi ikusi beharra ez da gaur egungo gauza. Garai batean, miopia zutenek hondar-zakuak begietan jarrita lo egiten omen zuten. Zakuek eragindako presioak kornearen makurdura aldatzen zuen eta behin-behineko ikusmen egokia lortzen zuen pertsonak. Ordutik, begi-kirurgiak aurrerapen izugarriak egin ditu. Orain, LASIK (Laser Asisted in Situ Keratomileusis) izeneko teknikari esker, 15 minuturen buruan betaurreko edo ukipen-lenteak gau-mahaiko kaxoiaren hondoan bazter ditzakezu. Baina goazen pausoz pauso.
Gizabegia esklerotika izeneko mintz lodi batek inguratzen du, begi-globoaren aurreko aldean izan ezik. Hor, kornea dago, itxura makurreko mintz gardena. Kornean zehar iristen da argia begi-ninira eta hark argazki-kamera baten diafragmaren antzera jokatzen du, jasotako argi-intentsitatearen arabera uzkurtuz edo zabalduz. Haren atzean kristalinoa dago, argia erretinara zuzentzen duen lentea. Lentea makurtu edo lautu egiten da argi-izpia erretinan ondo foka dadin. Erretina begi-globoaren atzealdean kokatutako ehun fotosentikorra da eta bertan dauden nerbioek argia kinada elektriko bilakatzen dute. Kinadak garunera iristen dira eta, han, guk ikusten dugun irudia sortzen da. Erretina ez da irudia ondo fokatzeko ardura duen bakarra. Korneak eta kristalinoak lente bikoitz bezala jokatzen dute eta horien makurduraren arabera argia puntu batean edo bestean fokatuko da. Baina % 80an kornea da irudia fokatua ikustearen arduraduna.
Ikusmen perfektuaren atzetik
“Akats errefraktiboak” taulan azaldu bezala, ikusmen-arazoak dituzten pertsonengan argiaren fokatzea ez da erretinan gertatzen eta, ondorioz, irudiak lausotuta ikusten dituzte. Arazo horren konponbide nagusiak bi dira: lehenengoa, artikuluan aipatuko ez dena, betaurrekoak edo ukipen-lenteak erabiltzea; bigarrena, kirurgia bidez begia bera zuzentzea. Kirurgia-mota horri errefraktibo hitza gehitu zitzaion, ikusmen-arazoen jatorria argiaren behar ez bezalako errefrakzioa delako. Ebakuntzaren oinarria ondokoa da: kornearen makurdura aldatzea argiaren fokatze-gunea aldatu ahal izateko.
Lehen saiakerak 1953an egin ziren, Sato izeneko mediku japoniar baten eskutik. Lan horietan oinarriturik, 70.eko hamarkadan Keratotomia Erradial (RK) deritzon teknika garatu zuten mediku errusiarrek. Kirurgialariak "V" itxurako ebakidura erradial sakonak (kornearen lodieraren % 90erainokoak) egiten ditu kornean. Horren eraginez kornearen makurdura txikiagotu eta, ondorioz, argiaren fokatzea zuzendu egiten da. Teknika horren bidez miopia soilik zuzen daiteke, eta ez edozein miopia maila, miopia arina bakarrik. Ebakuntzaren emaitzak iragarri ezinezkoak eta oso aldakorrak izaten ziren. Gainera, egindako ebakiduren ondorioz, kornearen tentsioa txikiagotu egiten da eta denborarekin kornearen makurduraren deformazioak sor daitezke. Teknikaren beste desabantaila handia begien osatze-prozesu luze eta mingarria da.
Benetako iraultza laserrarekin batera iritsi zen. IBM etxeak helburu informatikoekin garatutako laserra egokitu eta begi-kirurgiarako erabiltzen hasi ziren 80.eko hamarkadan mediku estatubatuarrak. Teknikaren izena: Keratektomia Fotoerrefraktiboa (PRK). Nahiz eta oinarria berbera izan, kornearen makurdura aldaraztea, bidea oso desberdina da. Eskalpeloa alde batera utzi eta ordenadorez zuzendutako laser-izpi hotza erabiliko du kirurgialariak. Laser bidezko erradiazioa erabiliz, epitelioa –kornea babesten duen geruza–erauzi eta segidan, kornearen azalera zizelatzen da. Teknika horrekin, Keratotomia Erradialarekin ez bezala, miopia handia, hipermetropia eta astigmatismoa ere zuzen daitezke.
Laserraren bidez kornearen azala oso zehaztasun handiz zizela daiteke eta, horri esker, begiari eragindako trauma txikiagoa da. Orain, kornearen lodieraren galera % 5 eta 30 artekoa da soilik (hiru giza ileren lodiera gutxi gorabehera) eta kornearen tentsioa bere horretan mantentzen da. Egun batzuen buruan epitelioa berriz sortzen da, baina korneak ebakuntzan emandako formari eutsiko dio.
Keratektomia Fotoerrefraktiboa izugarrizko aurrerapausoa izan zen begi-kirurgian, baina bazuen desbantaila handi bat: epitelioa erauztean, azpian dagoen Bowman-en mintza ere suntsitzen zuen laserrak eta zenbait pazienteen begietan ikusmena oztopatzen zuen mintz bat sortzen zen ebakuntza ondoren.
Lehen Keratomileusis –keratos (kornea) eta smileusis (zizelatu)– ebakuntza Jose Ignacio Barraquer mediku kolonbiarrak egin zuen 1949an, keratektomia lamelarrari buruz egin zituen lanen barruan. Ebakuntzaren hastapenetan, kornearen azalerako zati bat erauzi, izoztu, forma berria eman, desizoztu eta berriz bere lekuan josten zen. Erauzketa egiteko, mikrokeratomo izeneko oso aho fineko tresna asmatu zuen Barraquer doktoreak. Teknika hori 40 urtez erabili eta garatu ondoren eta teknologiaren aurrerapenez baliaturik, Luis Ruiz mediku kolonbiarrak aurrekoa baino askoz zehatzagoa zen mikrokeratomo automatikoa sortu zuen. Bi ikertzaile kolonbiar horien lanak izan ziren LASIK teknikaren aitzindariak. LASIKek, Keratektomia Fotoerrefraktiboak bezala, laserra erabiltzen du kornea zizelatzeko, baina ez du epitelioa lurruntzen. Mikrokeratomoaz baliatuz epitelioa altxa eta laserra zuzenean kornean aplikatzen da. Horri esker, Bowman-en mintza ez da suntsitzen eta ebakuntzaren ondoren ez da inolako geruzarik sortzen pazientearen begietan.
LASIK pausoz pauso
LASIK teknika 1991n abiatu zen eta geroztik kirurgia errefraktiboan gehien erabilitako teknika da. Mundu osora zabaldu da dagoeneko. Ebakuntzak bi zati nagusi ditu: lehenengo, mikrokeratomo automatikoa erabiliz, kornearen azalean 0,16 mm-ko lodiera eta 8 mm-ko diametroa duen zirkulua altxatzen da. Segidan estroma, ikusgai gelditzen den kornearen alderdia, laser bidez zizelatzen da. Laserra ordenadorez zuzendua dago eta kliskatze bakoitzean 0,25 mikrometroko lodierako geruza erauziko du korneatik. Ordenagailuak aurrez programatuta ditu egin beharreko zuzenketak eta, horrela, zehaztasun matematikoz zizelatua geratuko da estroma. Azkenik, altxatutako kornea-zatia berriz bere lekuan jarriko da eta ehunek berez itsasteko joera dutenez, ez da inolako josturarik beharko.
Guztira 10-15 bat minutu irauten du ebakuntzak eta pazientea oinez eta begietan inolako hesgailurik gabe joango da etxera. Anestesia bakarra kolirio-tantak dira eta ebakuntzak dirauen bitartean pazientearen begia tresna baten bidez irekita mantentzen da. Aldi berean, pazienteak pareko puntu gorri batean finkatu beharko du begirada. Baina bat-bateko mugimenduak eginda ere, ordenagailua mugimenduei jarraituko zaie eta laserrak zizelatu beharreko gunea baino ez du erauziko. Laserraren lana segundo gutxikoa da; ebakuntzaren denbora gehiena begia prestatzeko erabiltzen da. Beraz, ez da begia geldi mantentzeko gai ez izatearen beldurrrik zertan izan behar.
LASIK bitartez miopia, hipermetropia eta astigmatismoa zuzen daitezke. Hona hemen LASIK bidez zuzentzen diren dioptria-tarteak: miopia 0,5 eta 13 bitartean; hipermetropia 0,5 eta 6 bitartean eta astigmatismoa 0,5 eta 4 bitartean.
Miopiaren kasuan, lente-itxurako erauzketa egiten da kornearen erdialdean, kornea lautu eta argiaren fokatze-gunea erretinaraino atzeratzeko. Hipermetropiaren kasuan berriz, eraztun-itxurako erauzketa egiten da kornearen kanpoaldean, makurdura handiagotu eta argiaren fokatze-gunea erretinaraino aurreratzeko. Astigmatismorako, zilindro-itxurako erauzketa egiten da kornearen erdialdean, kornea eliptikoa esferiko bihurrarazteko. Nahi izanez gero, ebakuntza berean miopia eta hipermetropia ere zuzen daitezke.
LASIK teknika guztiz automatikoa dela esan daiteke. Mikrokeratomoak automatikoki ebakitzen du kornea-azala eta laserra ere ordenagailuz kontrolatuta dago. Horrek giza akatsen arriskuak asko gutxitzen ditu. Baina LASIKen abantaila handienetakoa gaixoaren erosotasuna da. Ez da ospitaleratzerik behar, ez du inolako minik ematen eta, lehen aipatu bezala, 15 bat minutu besterik ez du irauten. Ebakuntza ondorengo osatzea oso azkarra da gainera. Lehenengo orduetan ikusmen lausotua eta erresumina izan arren, normalean, eta zuzendu beharreko dioptrien arabera, 24 edo 48 orduren buruan ikusmena osoki berreskuratzen da. Denbora-tarte berean eguneroko jarduerei ekin ahal izango dio pazienteak, autoa gidatzea barne. Ebakuntza ondoren, astebetez antibiotikoa hartu ohi da. Hasierako egun edo asteetan kirola, eta batez ere igeriketa, baztertzeaz aparte, ohiko bizimodua egin ahal izango du pazienteak. Eta, horren truke, betaurrekoak edo ukipen-lenteak ahaztu ahal izango ditu.
Baina mirarik ez du egiten LASIKek. Laserrak miopia, hipermetropia edo/eta astigmatismoa zuzentzen ditu baina ez, adibidez, presbizia. Presbizia 40 urtetik gorako pertsonengan agertzen da, begiaren eboluzio naturalaren ondorioz. Kristalinoak gaztetako malgutasuna galtzen du eta makurtu eta lautzeko gaitasuna murriztu egiten da. Ondorioz, argia ez da ondo fokatuko erretinan eta hurbileko objektuak lausotuta ikusiko dituzte adin horretatik gorako pertsonek. Beraz, nahiz laser bidez miopia zuzendu, irakurtzeko eta antzeko jardueretarako betaurreko-premian izango dira 40 urtetik gorakoak. Presbiziari dagokionez, miopeak kasu berezia dira. Miopiak nolabait orekatu egiten du presbizia eta askotan miopeek, nahiz presbizia izan, oso hurbileko objektuak ongi ikusten dituzte. LASIK bidez miopia zuzentzen zaienean, oreka hori apurtu egiten da eta hurbileko ikusmenak okerrera egin duen inpresioa izan dezake pazienteak. Horregatik batzuetan egokia izaten da erabateko zuzenketa ez egitea eta orekaren abantaila mantentzea, nahiz eta urrutiko ikusmena ez den perfektua izango.
Pertsona guztiak ez dira egokiak LASIK tratamendua jasotzeko, badira bete beharreko zenbait baldintza: 20 urtetik gorakoa izan, kornea osasuntsua eduki eta akats errefraktibo egonkortua izan. Era berean, begietako gaitzak, diabetea edo gaitz autoinmuneak dituzten pertsonak ez dira LASIK ebakuntzarako egokiak.
LASIK ere ebakuntza da
Laser bidezko ebakuntza oso teknika segurua den arren, beste edozein ebakuntzak dituen arriskuberberak ditu. Nahiz horretarako aukerak oso txikiak izan, ikusmena honda dezaketen arazoak sor daitezke ebakuntzan, hala nola, infekzioak. Baita behin ebakuntza bukatuta ere. LASIK tratamenduak gaueko ikusmenean eragiten du esaterako. Ebakuntza ondoreneko lehen asteetan objektuen inguruan nolabaiteko dirdira edo aureola ikusteaoso arrunta da, baita itsutasun edo ikusmen bikoitzeko uneak izatea ere. Arazoak gauez azaldu ohi dira eta denborarekin gutxituz joaten dira; normalean, 6 hilabeteren buruan erabat desagertzen dira.
Gauez begi-ninia zabaldu egiten da argi gehiago jasotzeko eta ilunpean ikusi ahal izateko. Gauean, beraz, kornearen zati handiagoak parte hartzen du argiaren fokatzean. Ebakuntza egin zaienen begietan zizelatutako eta zizelatu gabeko alderdiek puntu desberdinetan fokatuko dute argia eta horregatik sortzen dira lehen aipatutako arazoak. Horiek bereziki gogaikarriak izan daitezke begi-ninien dilatazio oso handia dutenengan. Horrela, zenbait pertsonak, gauez gidatzeko edo argi gutxiko egoeretan, hala nola euria, elurra edo behe-lainoa dagoenean, ikusmen-arazoak izan ditzakete laser-tratamendu baten ondoren.
Paziente batzuek gauez egunez baino okerrago ikusten dutela nabaritzen dute halako tratamendu baten ondoren. Arrazoia lehengo berbera da: begi-niniaren dilatazioa. Egunez, kornea-zati txikiagoa erabiltzen dugu ikusteko eta jasotako argi-izpi gehienak zuzen igaroko dira begi-ninira. Ondorioa: egunez, gera dakiokeen hondar-errefrakzioa (segurtasunagatik, dioptriak ez dira erabat kentzen; beti uzten da zerbait, 0,25-0,5 dioptria adibidez) ez du nabaritzen pazienteak. Gauez berriz, kornea-zati handiagoa erabiltzen dugu ikusteko eta hondar-errefrakzio hori nabaritu egingo du pazienteak. Arazo horiek oso arruntak dira eta bigarren ebakuntza batekin, edo, gauez erabiltzeko betaurreko batzuekin erraz konpon daitezke.
LASIK teknika gaur egun begi-kirurgian dagoen teknika erabiliena eta arrakastatsuena da, kasu gehienetan oso emaitza onak lortu baititu. Hala ere ebakuntza da eta, beraz, arriskuak ere badituela ezin da ahaztu. 10 urteko esperientzia luzea eta aldi berean laburra daukate oftalmologoek teknika horren erabileran. Nahikoa ebakuntzan espezializazio-maila handia lortzeko, baina eskasa epe luzera laserrak ikusmenean sor ditzakeen arazoak iragartzeko.
Zer dio LASIKari buruz pazienteak?
Jaime Aranberri oftalmologoak eman dizkigu LASIKeri buruzko hainbat datu. Baina tratamendua jaso dutenengana ere jo dugu, beraiek baitira azken finean begiak laser-izpiaren azpian jarri dituztenak. Bi lagunen esperientzia bildu dugu guk hemen, inolako estatistikarik egiteko balio ez duen informazioa, baina laser-tratamendua jaso nahi lukeen edozeinentzat aski interesgarria izango dena. Gure lagunak 40 urtetik gorako gizon bat eta emakume bat dira. Lehenengoak ia ahaztua du ebakuntza, bi urte igaro baitira ordutik. Bigarrenak, berriz, ondo gogoan ditu une haiek, duela bi hilabete eskas igaro baitzen ebakuntza-gelatik.
Bai batak eta bai besteak oso positibotzat jo dute tratamendua, ikusmenaren ia % 100 berreskuratu baitute. LASIK tratamenduari esker, eguneroko bizimodurako ez dute betaurrekoen inolako beharrik; adinaren edo, hobeto esanda, presbiziaren ondorioz, irakurtzeko izan ezik.
Jose Javierrek Donibane-Lohizunen egin zuen ebakuntza eta ez dauka inolako oroitzapen txarrik "bi begiak batera operatu nituen eta ebakuntza oso motza eta erraza izan zen. Ez nuen inolako minik sentitu eta gero ere oso azkar osatu nintzen. Egun batzuen buruan betiko lanetan nenbilen, diferentzia bakarrarekin: ez nuen betaurreko beharrik." Jose Javierrek miopia nahiko handia zuen eta orain begi batean 0,5 eta bestean 0,75 dioptria besterik ez du. "Oftalmologoak adierazi zidanez, nahita egin zuten hori, zuzenketarekin pasaz gero hipermetropea izatera pasako bainintzateke eta hori kontraste handia da miope batentzat".
Esther-ek Donostiako Pilareko Ama Osasun Zentroan egin zuen ebakuntza eta, berak dioenez, "ebakuntza oso erraza izan zen. Medikuak egiten ari zenari buruzko azalpenak ematen zizkidan uneoro. Okerrena ebakuntza ondorengo lehenengo orduak izan ziren. Begietan erresumina eta azkura sentitzen nuen eta argia ezin zuen usaindu ere egin". Orain, ordea, oso pozik dago lortutako emaitzekin: 0,5 dioptriako miopia begi bakarrean. Ez luke atzera egingo, ez eta laser bidezko tratamenduen epe luzerako ondorioak guztiz ezezagunak direla esaten diogunean ere. "Urte hauetan teknikak hobekuntza handiak izan ditu eta ez dut uste arazorik izango dudanik". Jose Javierrek bi urte eman ditu inolako ikusmen-arazorik gabe.
Gauez edo argi gutxiko lekuetan ikusteko arazoei dagokionez, ez batak ez besteak izan dute arazorik. Lehenengo asteetan argiarekiko sentsibilitate handiagoa izateaz aparte, ez dute bigarren mailako ondoriorik sumatu. "Horrelako ondorioak izan bazeudela azaldu zidaten, baina nik behintzat ez dut ezer arrarorik nabaritu" dio Estherrek. Jose Javierrek ere gauza bera esan digu, nahiz eta "dagoen argitasunaren arabera batzuetan betaurrekoak erabili behar izaten ditut".
Beharrak baino gehiago nahiak bultzatu zituen biak laser-tratamendua jasotzera. Teknika garestia da, ordea: Jose Javierri duela bi urte 17.000 libera kostatu zitzaion bi begien ebakuntza (340.000 pta. inguru), Estherri 500.000 pta. duela bi hilabete. Baina biek merezi izan duela uste dute. Bien bizi-kalitatea hobetu egin da geroztik, gauza txikietan bada ere.
Excimer laserraren funtzionamendua
LASIK zein PRK tratamenduetan erabilitako laser aparatua da Excimer laserra. Beste laser aparatuen antzera, honek ere gas-nahaste batez beteriko hodia dauka. Nahastea argon eta fluor-ez osatua dago. Nahiz eta normalean bi elementu horiek ez duten molekularik osatzen, energia egokiz kitzikatuz gero, behin-behineko ArF molekula osatzen dute, "excited dimer (dimero kitzikatua) edo "excimer" deritzona.
ArF "excimer"-ak 193 nm-ko uhin-luzerako erradiazio ultramorea igortzen du oinarrizko egoerara itzultzen denean. Laserrak erradiazioa izpi bihurtu eta begi-kornea zizelatzeko erabiltzen du. Izpia korneara iristen denean, bertako molekulen arteko loturak puskatu eta kornearen zati mikroskopiko bat erauzten du. Prozesuari fotoerauzketa deritzo. Uhin-luzera horretako izpia erabat egokia da kirurgia errefraktiboan erabiltzeko, fotoerauzketa-prozesuan ez baita berorik sortzen. Horri esker, ez dago errekuntzarik eta begiko ehunei eragindako kalteak minimoak dira. Excimer laserra laser hotz motakoa da.
Hotz izate hori ez da laserraren berezko propietatea, korneak fotoerauzketarekiko duen erantzunaren ondorio baizik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia