}

Laserren inguruko ikerketak, Fisikako Nobel sarian

2005/10/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Roy Glauber, John Hall eta Theodor Hänsch zientzialariek jasoko dute aurten Fisikako Nobel saria, hirurek laserrarekin zerikusia duten hainbat ikerketa egiteagatik.

Sariaren erdia Roy Glauber estatubatuarrak jasoko du, argiaren deskripzio kuantikoari buruz egindako lanarengatik. Fotoiek, argiaren partikulek, ez dute beti partikula gisa jokatzen; batzuetan, uhin-izaera dute, eta difrakzioa eta beste hainbat jokaera fisiko izaten dituzte. Argi-iturriaren arabera, gainera, uhin horiek era batekoak edo bestekoak dira. Bonbilla arrunt batek igortzen duen argia, adibidez, maiztasun askoko uhinen nahastea da, eta laser batek igortzen duena, aldiz, maiztasun bakarreko uhinak dira, eta denak fasean hedatzen dira. Fisikariek horri uhin koherente deritzote; Glauberrek, hain zuzen ere, koherentzia horren azalpen teorikoa garatu du.

Sariaren beste erdia John Hall estatubatuarrak eta Theodor Hänsch alemanak jasoko dute, erdi bana. Haien ikerketek laserraren aplikazio-eremu zabal batekin dute zerikusia: laser bidezko espektroskopia. Azken batean, espektroskopia atomoak eta molekulak bereizteko modu bat da, eta beraz, fisika eta kimika analitikoaren oinarri garrantzitsua. Hallek eta Hänschek ikertu zuten teknika horri laserra nola aplikatu zehaztasun handiko analisiak egin ahal izateko.

Laserra nagusi, beraz, aurtengo Fisikako Nobel sarian. Gaur egun mundu osoko laborategietan ohikoak diren tresnak garatzen lagundu zuten fisikariak saritu dituzte.