Laserra, baina ehun aldiz potenteagoa
1997/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egungo edozein koloretako laserrak baino ehun aldiz potenteagoa prestatzeari ekin diote Estatu Batuetako Virginian Thomas Jefferson azeleragailuan diharduten zientzilariek. Laser honetan elektroiak “askeak” dira eta ohizkoetan bezala ez dira materialean bi energi maila finkoren artean mugatuta ibiltzen.
Laser berri honetan elektroiak materialetik erauzi, argiaren inguruko abiaduraraino azeleratu eta eremu elektromagnetiko batera jaurtikitzen dira. Hor fotoiak igortzen dituzte eta hauek laser izpi gisa ateratzen dira. Elektroiei emandako “askatasunari” esker, laser izpiaren uhin-luzera (hau da, kolorea) doitu egin daiteke eremu elektromagnetikoa erregulatuz.
Laser berria aurtengo irailean amaituta egongo da eta laster hasiko dira probak egiten. Lehenbizi infragorrien arloan egingo dira saiakuntzak eta gero, ultramorearen arloan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia