Las Hoyaseko ehiztari konkorduna
2010/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dinosauro haragijale baten hondar fosilak aurkitu dituzte Cuencako Las Hoyas aztarnategian
Cuencako Las Hoyas aztarnategian Behe Kretazeoko (duela 125 bat milioi urteko) dinosauro teropodo haragijale berri baten fosildutako hondarrak aurkitu dituzte. Espeziea Concavenator corcovatus izendatu dute, hau da, "ehiztari konkorduna". Izan ere, bizkarrean duen konkorra da haren bereizgarri nabarmenetakoa. Hain zuzen, badirudi orain artean ezagutzen ziren dinosauro guztien artean hura dela ezaugarri hori duen bakarra. Oraindik ez da argitu, ordea, elementu horrek zein funtzio betetzen zuen.
Harridura sortu duen beste ezaugarririk ere badu Concavenator-ek: humeroan edo besahezurrean protuberantzia batzuk hauteman dizkiote. Protuberantzia horien antzekoak ohikoak dira egungo zenbait hegaztitan, horien bitartez eransten baitzaizkie hegoei lumarik handienak. Zientzialarien arabera, eta nahiz eta espezie zehatz hau lumaduna ez izan, dinosauroek lumen antzeko egiturak uste baino askoz lehenago izan zituztela ondoriozta daiteke.
UNEDeko eta UAMeko ikertzaileak bi urtez aritu dira fosila aztertzen. Iberiar Penintsulako dinosauroen eskeleto artikulatu osoena da, bai eta Europa guztian ondoen kontserbatutakoetako bat ere. Espezieak orotara lau bat metroko luzera du, muturretik isatseraino.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia