}

Larruazaleko eta biriketako minbizi-zelulen genomak deskodetu dituzte

2010/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Larruazaleko eta biriketako minbizi-zelulen genomak deskodetu dituzte
2010/03/01 | Elhuyar
Melanoma-zelula baten 3D irudia. Arg.: Donald Bliss and Sriram Subramaniam; National Library of Medicine, NIH.

Eguzkia eta tabakoa minbizi-eragile direla berretsi dute

Britainia Handiko Minbizi Genoma Proiektuko ikertzaileek melanoma gaiztoaren eta biriketako minbizi mota baten (biriketako kartzinoma mikrozitikoaren) zelulen genomak deskodetu dituzte. Azken mota horretakoak izaten dira biriketako minbizien % 15, eta horrek eta melanoma gaiztoak urtean 250.000 pertsonaren heriotza eragiten dute.

Hainbat pazienteren zelulen genomak deskodetuta, kalteak jasateko arrisku handiena duten geneak identifikatzeko helburua zuten ikertzaileek. Horrez gain, DNA konpontzeko mekanismoak ulertzea eta botikak garatzea ere bilatzen zuten.

Ikerketaren emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dituzte. Besteak beste, mutazio asko identifikatu dituztela jakinarazi dute: 33.345 melanomaren kasuan, eta 22.910 biriketako minbizian. Gainera, ikertzaileen arabera, lana lagungarria da argitzeko minbizi-eragileek zuzenean eragiten ote dituzten mutazioak, edo DNA konpontzeko mekanismoa eragozten ote duten. Hain zuzen, ikusi dute mutazio gehienak base baten ordezkapenak direla, zuzenean tabakoan dauden substantzia batzuek edo izpi ultramoreek sortuak.

Beste ondorio bat ere atera dute hortik: bi minbizi-mota horiei aurre hartzea posible da. Hori baino zailagoa da, ordea, haien aurkako botikak garatzea, ikerketaren emaitzetan oinarrituta.

1
262
2010
3
004
Medikuntza; Genetika
Albisteak
8

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia