}

Larrialdi-komunikazioak hobetzeko ikerketa-egitasmoa abian

2013/10/29 Zubia Gallastegi, Bego - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

larrialdi-komunikazioak-hobetzeko-ikerketa-egitasm
Geryon ikerketa-egitasmoaren lantaldeko kide batzuk. Arg. Luis Jauregialtzo/Argazki Press

Larrialdi-komunikazioak hobetzeko helburua duen ikerketa-egitasmoa abian jarri du Geryon ikerketa-partzuergoak. Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatzen du, eta zazpi ikerketa-talderen parte hartzea du. Itelazpi eta Grupo CIS euskal enpresak ere partzuergoko kide dira. Larrialdi komunikazioak gaur egungo banda zabalaren zerbitzu aberatsagoekin osatzea dira Geryon ikerketa-egitasmo europarraren helburuak, besteak beste.

Ia edozein lekutatik modu seguruan komunikazioa bermatzea da emergentzia-komunikazioen bereizgarria. Helburuak bete ahal izateko, irrati-transmisore gogor eta sendoak erabiltzen dituzte zerbitzuok, eta Tetra izeneko sareez baliatu. Eskaintzen duten informazioa, aldiz, oso mugatua da. Ahotsezko oharrez gain, idatzizko mezu laburrak igor ditzakete. Horrez gain, larrialdi-zerbitzu guztiek ez dute Tetra sare bera erabiltzen, ezta ere irrati-transmisore berdinak. Ondorioz, zerbitzu ezberdinek ezin izaten dute elkarren artean komunikatu.

Telefonia mugikor sareek, bestalde, garapen handia izan dute, eta, sortu zirenetik gaur arte, asko handitu dituzte eskaintzen dituzten zerbitzuak: une honetan jauzi berria emateko prest daude, 4G edo LTE teknologiaren zabalkundea hasi baita.

Geryon proiektuak, beraz, helburu bikoitza du. Alde batetik, larrialdietako zerbitzuen arteko komunikazioa hobetu nahi du, zerbitzu ezberdinen arteko elkarrekintza posible izan dadin, eta, bestetik, larrialdi-komunikazioen ohiko zerbitzuak banda zabalaren zerbitzu aberatsagoekin osatzeko asmoa du.

Ikerketa-egitasmoaren helburuak gauzatzeko ez da teknologia ordezkapenik egin beharko. Zerbitzu ezberdinen arteko komunikazioa berma dadin, Geryonek proposatzen du gaur egungo komunikazio-sareen gainetik maila gehigarri bat ezartzea. Horrek bideratuko du larrialdi-komunikazioen ezaugarri diren segurtasun eta sendotasuna bermatzea.

Ikerketa-egitasmoaren emaitza 2014. urteko maiatzean prest izatea espero da. Ordurako, eredu bat, prototipo bat, garatuko dute, eta ez dute baztertzen, ondoren, merkatuko garapena izatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia