}

Larri-larri lortu zen akordioa Marrakexen

2001/11/12 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Marrakexen egin berri den Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko Hitzarmenaren VII. Konferentzia azken mementoko akordioarekin amaitu zen.
Marrakexeko klima-aldaketari buruzko konferentziaren hasiera-ekitaldia.

Kiotoko protokoloa behingoz martxan jartzeko itxaropenarekin hasi zen goi-bilera, baina azken unea arte ezkortasuna nagusitu zen. Hala ere, ordu luzeak ez atzera eta ez aurrera egon ondoren, Europako Batasunaren proposamenari esker akordiora heldu ziren 180 herrialdeetako ordezkariak. Kiotoko protokoloaren puntu nagusia, 2008-2012 urteetarako, herrialde garatuek berotegi-efektua sortzen duten gas-jaurtitzeak % 5,2 gutxitzea da

erreferentziatzat 1990eko datuak hartzen dira

Marrakexen elkartutakoek akordioa arazo handiegirik gabe lortuko zela uste zuten hasiera batean, baina gauzak oso bestela gertatu ziren. Japoniak, Kanadak eta Errusiak, bata bestearen jarraian, onartezinak ziren hainbat eskakizun jarri zituzten mahai gainean eta, azken ordura arte, irtenbide egokirik gabe egon ziren. Gainera, guztiaren atzean Estatu Batuen eskua ezkutatzen zen zurrumurrua zabaldu zen.

Atzerapausoak ematen lehena Japonia izan da. Gehiegizko gas-jaurtiketak zigortzeko Kiotoko protokoloak zehaztutako mekanismoak ez betetzeko asmoa agertu zuen. Neurri batean esan liteke Kioton egon nahi duela, baina zigorrik bete gabe. Bestalde, beren basoek berotegi-efektua sortzen duten gasak xurgatzeko duten gaitasuna zehaztea oso zaila dela argudiatuz, Kontrolerako Komiteari ez diotela horrelako daturik emango esan zuten. Azkenean, ordu luzeetako eztabaiden ondotik, Japoniak atzera egin du.

Konferentziak iraun duen bitartean, segurtasun-neurri bereziak hartu dira.

Errusiak, berriz, bere oihanek xurgatzen duten gas-kopurua berrikusteko galdegin zuen. Uztaileko Bonn-eko hitzarmenean, Errusiarren jaurtiketei egin beharreko deskontua 17,5 megatoneladan finkatu zuten, baina Errusiaren hitzetan deskontua handiagoa izan behar da. Europako Batasunak onartu egin du kalkulu batzuk zalantzan jarri eta deskontua berrikusteko galdea. Ondorioz, deskontua bikoiztu egin da.

Akordio horri esker, Kiotoko protokoloa datorren urtean jarriko da martxan, baina zientzialari asko ez dira baikor agertzen, ez baitute ahanzten Estatu Batuek ez dutela hitzarmen horietan parte hartu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia