Gehienontzat belarra baino ez dagoen lekuan, askoz gehiago ikusten du begiratzen dakienak. “Makurtu eta konturatzen gara espezie pila bat bizi direla hor elkarrekin, eta dibertsitatea benetan deigarria dela”, dio Arantza Aldezabal Roteta EHUko ikertzaileak. Zutitzean, eta begirada etorkizunean jartzean, ordea, liluratik etsipenera pasatzen da Aldezabal: “Une honetan, gelditzen diren belardiak nahiko ongi badaude ere, egiten dugun iragarpena negargarria da. Mantentzen dira hor abeltzain bat edo artzain bat dagoelako; baina, hori galtzen bada, zalantzarik gabe, galduko ditugu belardiak”.
“Lan handia daukagu gizarteratzen larreek duten garrantzia”, ohartarazi du. Eta ongi daki zertaz ari den, urte askoko eskarmentua baitu Aldezabalek larreak eta belardiak ikertzen. Batez ere, ardi latxen eta haragitako behien ustiaketa estentsiboekin lotutakoak ikertzen ditu bere taldeak. Ardi latxak dituzten artzainen baserrietako belardi batzuetan 100 m2-ko azaleran 15-20 landare-espezietaraino topatzen dituzte, eta Nafarroan, Sakana inguruan, 50 espezietik gora ere aurkitu izan dituzte. “Orain aztertzen ari gara zer faktorek baldintzatzen dituzten dibertsitate-maila horiek, eta zerk eragiten duten dibertsitatea txikiagoa edo handiagoa izatea”, azaldu du Aldezabalek. Besteak beste, lurpean begira ari dira, mikroorganismoen dibertsitateari. “Lurpekoaren eta lurgainekoaren erlazio hori ahalik eta hobekien ulertu nahi dugu”.
EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzailea eta irakaslea.
Bestetik, belardien egoera eta bilakaera ahalik eta ondoen aztertzeko, saiatzen ari dira satelite bidez hartutako irudiekin identifikatzen belardien kudeaketa nolakoa den, mozketarik egiten ote den edo ez, zenbateko azaleran utzi zaion mozteari eta abar. “Euskal Herrian milaka eta milaka belardi txiki daude, jabetza pribatukoak”, dio Aldezabalek. “Euskal Herrian belardiek betetzen duten azalera gaizki kalkulatua dago, ziur. Eta dauzkagun baliabideekin ezinezkoa da benetan jakitea zenbat belardi ari den galtzen. Joera argi dago, baina ez dakigu zer abiaduratan ari den gertatzen”.
«Mantentzen dira hor abeltzain bat edo artzain bat dagoelako; baina, hori galtzen bada, zalantzarik gabe, galduko ditugu belardiak»
Belardien egoera oso azkar aldatzen da, batez ere, eskualde atlantikoan. “Bizpahiru urtez uzten badiozu larratzeari edo mozteari, sastrakadi bat garatuko zaizu. Eta, pixkanaka, hariztia edo pagadia etorriko da; edo, auskalo, agian, eukaliptoa edo sasiakazia landatuko dute, errentagarriagoa dela pentsatuz”.
Larretik basora
Giza jarduera eteten bada, basoak hartzen du larrearen lekua. Eta pentsa liteke hori dela egoera ekologikorik desiragarriena. Azken finean, larre gehienak ekosistema seminaturalak dira (Pirinioetan 2.200-2.300 m-tik gorako altitudeetan naturalak dira), eragin artifizial baten ondorioz mantentzen direnak. Horrek ez du esan nahi, ordea, basoa beti hobea denik. “Euskal Herrian basogintzaren kudeaketa eta ustiaketa masibo intentsiboaren ondorioz izugarri murriztu da bertako baso naturala. Eta egia da baso natural horien berreskurapena eta garrantzia azpimarratu beharra dagoela. Baina beste kontu bat da leku guztietan baso naturala ote den aukerarik onena. Ideia horrekin ez nator guztiz bat. Baso natural bati bere dinamikan aurrera egiten uzten badiogu, baso horrek menperatuko du eremu guztia, eta ongi kudeatutako paisaia mosaiko batek askoz ere biodibertsitate gehiago eskaintzen digu”.
Eta ez da soilik biodibertsitatea. “Lortzen ditugu beste hainbat zerbitzu ekosistemiko, bestela lortuko ez genituzkeenak. Baita elikagaiak ere, eta oso garrantzitsua da hori elikadura-burujabetzan pentsatzen badugu. Baso natural batek ez liguke jaten emango, eta dena kanpotik ekarri beharko litzateke, edo eremu gutxi batzuetara mugatu, eta eremu horietan aplikatuko litzatekeen ustiatze-sistema intentsiboa izango litzateke”.
«Basoaren aldeko ideiak zabalduago badaude ere, ikerketek erakutsi digute belardiek uste baino funtzio garrantzitsuagoa betetzen dutela»
Zuhaitzak nagusi diren bailarak eta paisaia-mosaikoa dutenak konparatu dituzten ikerketetan ikusi izan da paisaia-mosaikoa dagoen lekuetan uraren erregulazioa hobea dela; besteak beste, zuhaitzek ur asko behar dutelako. Klimari begira ere, basoak ilunagoak izaten dira, albedo txikiagoa dute, eta, beraz, bero gehiago xurgatzen dute. Eta karbono-metaketa ere basoetan baino handiagoa izan daiteke belardietan. “Basoaren aldeko ideiak zabalduago badaude ere, ikerketek erakutsi digute belardiek uste baino funtzio garrantzitsuagoa betetzen dutela, eta, zenbait kasutan, basoa bera baino eraginkorragoak izan daitezkeela”.
Ideia horrekin guztiz bat dator Pablo Manzano Baena, BC3-ko Ikerbasque ikertzailea: “Larreak oso gutxietsita egon dira; orain hasi gara baloratzen, arriskuan daudenean eta galtzen ari garenean”.
Basque Centre for Climate Change - BC3-ko Ikerbasque ikertzailea.
Behinolako larreak
Gainera, larreak ez dira beti izan giza jardueraren menpekoak. “Azken 15 milioi urtean larreak izan dira nagusi kontinenteetan”, azaldu du Manzanok. Belarjale handien eraginez, paisaiak oso irekiak ziren, eta kondizio horietara egokitu ziren landare, intsektu eta mota guztietako bizidun ugari. “Azken 60.000 urteetan, ordea, ekosistema horiek mantentzen zituzten animaliak desagertu egin dira. Europan, esaterako, 40.000 urte daramatzagu elefanterik gabe. Eta nork mantendu ditu pasia horiek geroztik? Bada, gizakiak. Hasieran, ehiztari-biltzaileek, asko irekitzen baitzuten paisaia, belarjale gehiago egon zitezen. Eta, ondoren, artzainek”.
Hain zuzen ere, Manzano eta kideen ikerketa batek iradokitzen duenez, gizakiaren eragina nabarmena izan aurretik zegoen belarjale basatien biomasa gaur egungo abereenaren neurri berekoa zen. Alegia, ganaduak ordeztu ditu garai bateko belarjale basatiak. “Orain, ekosistemetan bazkatzen ari den belarjaleen biomasa gehiena ganadua da”, dio Manzanok. “Artzantza edo abeltzaintza estentsiboa, alde ekonomikotik eta sozialetik izan dezakeen garrantziaz gain, planetaren oreka ekologikorako funtsezko pieza bat da”.
Modu egokian egiten bada, abeltzaintzak eragin ekologiko positibo asko izan ditzake. Aipatu bezala, biodibertsitatea handitzen du, eta klima-larrialdian eragin positiboa du. Bestetik, lurzorua sortzea ere eragiten du. “Simaurra mirari bat da, lurzorua ez zegoen tokian ere sortu egiten duena”, dio Manzanok. Polinizatzaileei ere mesede egiten die, eta baita hazien dispertsioari ere. Doktoretza-tesian aztertu zuen azken hori, Manzanok: “Transhumantzian, mila buruko artalde batek 300 bat milioi hazi barreiatzen ditu”.
Suteen aurkako babesa
Mendian erregai gehiegi ez pilatzeko ere ezinbestekoak dira abereak, bi adituen ustez. Manzanok garbi du azkenaldiko suteen arrazoi nagusia hor dagoela, eta haserre dago horri buruz inork ez duelako hitz egiten: “Ezkerrak dio klima-aldaketa dela, eta eskuinak orain mendian ezin dela ezer egin; ez da ez bata eta ez bestea, arazoa da historia ebolutiboko belarjale-galerarik handiena ari dela gertatzen. Ekosistemak biomasa sortzen ari badira eta ez bada biomasa hori jaten, begi-bistakoa da pilatu egingo dela biomasa hori, bolborategi bat izango balitz bezala. Horren ondorioa dira gertatzen ari diren suteak. Ebidentzia erabatekoa da”.
«Larreak mantentzea eta berreskuratzea litzateke suteei aurre egiteko hartu litekeen neurririk onena»
“Gainera, biomasaren kontua nabarmenaz gain, bada beste kontu garrantzitsu bat: belarjaleek landaredian mosaikoak sortzen dituztela”, gaineratu du. “Eta, landaredian aldaketa horiek daudenean, suteak, sortuko balira ere, ez lirateke hain larriak izango”. Hala, Manzanoren ustez, larreak mantentzea eta berreskuratzea litzateke suteei aurre egiteko hartu litekeen neurririk onena.
ARG: txakel/Shutterstock.com
“Tradizionalki esanda, mendia garbi mantentzen du ganaduak”, dio Aldezabalek ere. “Mendia mekanikoki garbi mantentzea egin litekeen gauzari absurdoena da. Batzuetan egin behar da hasieran, baina atzetik ez badator larratze bat ez du ezertarako balio, zeren eta bi urtetara berriz ere sastrakadi hori erabat garatuko zaizu, eta indar gehiagorekin. Benetan landare iraunkorrak dira; lurpean errizomak dituzte, eta mekanismo guztiak birsortzeko. Eremu horretara ez badira abereak bazkatzera eramaten, mekanikoki garbitzea petrolioa gastatzea besterik ez da, eta etengabe kutsatzea, dinamika absurdo batean”.
Elikadura jasangarrirako aukera
Makinen ordez abereak erabilita, berriz, asko ere eraginkorragoa izateaz gain, eta ingurumenean eta klima-aldaketa dituen onura guztiez gain, elikagaiak sortzen dira, aldi berean. “Elikaduraren jasangarritasunean asko dute eskaintzeko larreek”, dio Manzanok. Izan ere, eurek egin dituzten kalkuluen arabera, ongi kudeatutako abeltzaintza estentsiboaren bidez lor liteke gaur egun ekoizten den adina haragi ekoiztea, modu jasangarrian.
Nekazaritzarekin baino errazago ikusten du Manzanok: “Argi dago Haber-Bosch sistemarekin dopatu gabeko nekazaritza jasangarri batek ezingo lukeela mundua elikatu”. Aireko nitrogenotik abiatuta ongarriak sortzeko sistema bat da Haber-Bosch. Energia asko behar du, eta, ondorioz, erregai fosil asko erabiltzen dira horretarako. “Energia fosila jaten ari gara”, laburbildu du Manzanok.
Haztegi intentsiboek arazo bera dute, sistema hori bera erabilita sortutako nekazaritzaren bidez sortzen baitira animalia horien pentsuak, eta gehienetan haztegietatik oso urrun, gainera. “Badakigu beste modu batera egin daitekeela, eta badakigu, bestalde, ez dugula hainbeste esne eta haragi jan beharrik ere. Modu jasangarri batean egin daiteke. Nekazaritzarekin, hori askoz zailagoa da. Horregatik, hausnarketa sistemikoago bat egin beharra dago. Eta hor larreek asko dute eskaintzeko, eta uste dut hurrengo urtean asko hitz egin beharko genukeela horri buruz”.
Larreen eta Artzainen Nazioarteko Urtea izendatua du 2026a Nazio Batuen Erakundeak. Larreek eta abeltzaintza estentsiboak daukaten mundu-mailako garrantzia nabarmendu nahi dute, eta adierazi dute larreen kudeaketa jasangarria funtsezkoa dela Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko, batez ere pobrezia desagerrarazteari, elikagaien segurtasunari eta klima-ekintzari dagokienez.
“Pobreziak kausa asko ditu, baina horietako bat malnutrizioa da. Afrikako biztanleriaren erdiak hazkunde-atzerapena du gaizki elikatuta daudelako”, dio Manzanok. “Abeltzaintzaren kudeaketa hobe batek nutrizio hobea ekar lezake. Baina, horrez gain, abeltzaintza lur marjinaletan egiten da, nekazaritzarako ekoizpen-ahalmenik ez duten lurretan. Hala, munduko leku askotan, garapen ekonomikorako daukaten bide nagusia da”.
ARG: Juan Carlos Muñoz/Shutterstock.com
Babesteko beharra
Hala, kontserbazio-politikak indartzeko eta abeltzaintza jarduera bideragarri izaten jarrai dezan bermatzeko beharra aldarrikatzen ditu nazioarteko urteak.
«Potentziala badago; artzain, abeltzain eta nekazari izan nahi duen jende gaztea badago»
“Politikariei eta gizarteari ulertarazi behar diegu zein garrantzitsuak diren komunitate hauek betetzen dituzten funtzioak”, dio Aldezabalek. “Bilatu beharko genituzke eredu laboral egokiak, eta bizi-baldintza duinak bermatzea lanbide horretan jarraitu nahi duten pertsonei. Potentziala badago, artzain, abeltzain eta nekazari izan nahi duen jende gaztea badago, baina, politika-aldetik eta administraziotik ez gara baldintza egokiak jartzen ari gazte horiek lehen sektorean sar daitezen eta bizimodu duin bat atera dezaten. Benetako apustu bat egin behar da administrazioaren aldetik”.
“Belaunaldi-erreleboa sustatzeko ditugun egitura guztiak artzainen seme-alabek jarraitzean oinarritzen dira, eta hori absurdoa da”, dio Manzanok. “Txipa aldatu beharko litzateke: abeltzainak administrazioarentzat enpresariak dira, baina, izatez, zerbitzu-hornitzaileak dira. Eta baldintza duinak eskaini behar zaizkie”.
Bitartean, larreen etorkizuna beltz ikusten du Aldezabalek. “Euskal Herrian dauzkagunak, oro har, egoera nahiko optimoan daude; arazoa da galtzen ari direla. Eta, egia esan, nahiko ilun ikusten dut gaur egun larre eta belardi hauen kontserbazioa. Esan bezala, lotura zuzena dago belardi hauen iraupenaren eta giza jardueraren artean. Eta, aldaketarik ez badago, lehen sektoreko sistema estentsiboak desagertzen doazen heinean, galdu egingo ditugu belardi hauek”.
Manzano baikorragoa da, nahiz eta aitortzen duen inguruko gehienak ez direla hala. “Suteak, esaterako, gu gure lekuan jartzen ari dira, baita biodibertsitatearen galera ere; baina suteak zuzenean etxeak erretzen ari zaizkigu. Beraz, uste dut ez dugula sistema hauek baloratzen hastea beste aukerarik izango. Kontua da noiz, baina azkenean sagarra ondu eta erori egingo da”.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia







