Laponia: bizimodu latz eta gotorreko lurraldea
1991/12/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Horrela azaltzen dute laponiarrek (edo sameek, beraiek beren burua izendatzeko duten hitza erabiliz) beren jatorria.
Laponia izeneko lurraldea Europako iparraldean dago. Ekialderantz Errusiako Kola penintsularaino, Itsaso Zuriaren ertzeraino, zabaltzen da eta mendebaldean Finlandia, Suedia eta Norvegiako iparraldea hartzen du. Alta, Laponiaren mugak, herri nomadari dagokionez, ez dira zehatzegiak. Dena den, gaur egun laponiarrak batez ere zirkulu polar arktikotik gorako lurraldeetan bizi dira.
Laponiako zatirik handienean eguzkia ez da zeruan ageri neguko egun askotan (adibidez, 70 egunez ez da eguzkia ikusten 72¾-ko latitudean). Gau polarra da. Udan berriz, eguzkia ez da egun askotan zerutik jaisten (adibidez 80 egunez zirkulu polarrean, hau da, 66¾ 32’-ko latitudean). Gauerdiko eguzkia da. Urtean 8 hilabetez estaltzen du elurrak Laponia eta mendi altuetan elurra ez da inoiz desagertzen. Kostaldean Gulf Stream (Mexikoko golkotiko itsas korronte) famatuak klima eztitu egiten du: urteko muturreko batezbesteko tenperaturak kostaldean -17 ¾C eta +18 ¾C dira 70¾-ko latitudean eta itsasoa ez da izozten (latitude berean edo are latitude txikiagotan ordea, hala nola Alaskan edo Groenlandian, itsasoa izoztu egiten da). Barne aldean, latitude beretsuan, muturreko batezbesteko tenperaturak -42 ¾C eta +27 ¾C dira. Udak oso laburrak eta beroak dira (udan Laponiako tenperatura eta Mediterraniokoa berdintsuak izaten dira askotan).
Laponiarrak gaur egun
Ez da erraza laponiarrak zenbat diren jakiten, estatistikak ez bait dira oso fidagarriak eta laponiar nor den definitzeko parametro desberdinak erabil bait daitezke (hizkuntza, arraza, ...) Dena dela, 40.000 inguru direla uste da. Horietatik ia bi heren Norvegian bizi dira, 10.000 inguru Suedian, 4.000 inguru Finlandian eta 2.000 edo 3.000 inguru Sobietar Batasunean.
Habitat eta ihardueren arabera, lau talde nagusitan banatuta daude laponiarrak gaur egun. Talderik handiena kostaldeko laponiarrek osatzen dute. Norvegiako iparraldeko fjordetan bizi dira. Arrantzale eta nekazariak dira. Ez dute elur-orein aziendarik eta sedentarioak dira. Norvegiako gizarte modernoan erabat integratuta daude.
Oihanetako laponiarrena da beste talde bat. Suedian bizi dira. Ehiztari, arrantzale eta nekazari dira eta elur-orein azienda txikiak dituzte. Ez dira nomadak, baina migrazio txikiak egiten dituzte. Gizarte modernoan integratuta daude. Talde honetan Errusiako laponiarrak, skolt izenekoak, sar daitezke. Skoltek azpitaldea osatzen dute laponiarren artean (janzkera desberdina, erlijioz ortodoxoak, tradizio bereziak, ...), baina bi mundu-gerren ondorioz aldaketa handia jasan behar izan dute bere bizimoduan.
Hirugarren taldea ibaietako laponiarrek osatzen dute. Ipar Eskandinaviako laku eta ibaien ertzetan bizi dira. Arrantza da haien iharduera nagusia; izokin-arrantza batez ere. Nekazaritzan ere aritzen dira iharduera osagarri gisa. Sedentarioak dira.
Azken taldea mendietako laponiarrak dira: antzinako jatorrizko laponiarren jarraitzaileak, “benetako” laponiarrak, elur-oreinak zaindu eta hazten dituztenak. Elur-oreinen urteroko bi migrazioek nomada izatera behartzen dituzte. Laponiar guztien % 10 inguru baino ez dira eta Norvegia, Suedia eta Finlandiako barne aldeko eskualdeetan bizi dira. Elur-oreinak talde handitan bildurik, bazka-bila abiatzen dira iparralderantz udaberrian eta uda-amaieran hegoaldeko bazkalekuetara itzultzen dira. Laponiarrek bide jakin eta egokietatik bideratzen dituzte. Elur-oreinei jaraitzeko eta gobernatzeko hiru lagungarri nagusi ditu laponiarrak: zakurra, eskiak eta lakioa. Elur-oreinaz baliatzen dira jateko eta jazteko: elur-oreinaren okela ihartua edo keztatua jaten dute eta esnea ere erabiltzen dute. Bestalde elur-oreinaren larrua erabiltzen dute kanpamenduetako denda konikoak eraikitzeko eta botak, prakak eta zamarrak egiteko.
Laponiako ekonomiaren oreka, elur-oreinaren hazkuntzan oinarrituta zegoena, zeharo aldatu da merkatu-ekonomian sartuta. Gero eta gehiago dira gizarte modernoan sartzen diren laponiar gazteak, beren kultura eta tradizioak utzita. Milaka urtetan iraun duen laponiarren bizimodua, kultura eta hizkuntza arriskuan daude gaur egun.
Klima eta landaretza
Klima-baldintza gogor horietan bizi ahal izateko animaliek eta landareek era askotako moldaerak garatu dituzte. Dena den, Laponiako klima-baldintza orokorrak lehentxeago adierazitakoak badira ere, eskualde geografiko desberdinek, altuerak, orientazioak eta abarrek mikroklima asko eta ondo mugatuak sorterazten dituzte: fjord sakonez jositako kostaldea, Norvegia eta Suediaren arteko mendikatea, Laponia erdialdeko meseta kizkur eta soila, eskualde zingiratsuak, basoguneak... . Hortaz, landaretza arrunt aldatzen da toki batetik bestera.
Tundran likenek, goroldioek eta zenbait ihik bakarrik heltzen diote lurzoruari erro luze eta sendoen bidez. Beste ezer ez da hazten. Beste maila batean, basoaren mugan, garapen ona lortzen ez duten bestelako landareak agertzen dira: liken lodiak (elur-oreinek neguan jaten dituztenak) eta txilar-mota desberdinak. Bestalde, Laponiako eskualde hotzetako baldintzak hobekien jasaten dituzten zuhaitzak urki nanoa ( Betula nana ) eta mendiko urkia ( Betula tortuosa ) dira. Zuhaitz txikiak dira hauek, oso adartuak eta erro sendodunak.
Azkar hazten dira eta neguko baldintzetara ongi egokituta daude; koniferoak ezin haz daitezkeen tokietan hazten dira eta horregatik iparraldean eta leku altuetan basoak estaltzen duen lurraldearen mugak adierazten dituzte. Haien enborrean Parmelia izeneko liken arrea hazten da. Liken hau argia dagoen tokian hazten da, tenperaturak oso bajuak badira ere. Neguan elurpean gelditzen ez den enborraren zatian bakarrik hazten dira. Beraz, likenaren beheko mugak enborrean, elurrak neguan hartzen duen batezbesteko altuera adierazten du.
Urkidietan barrena ez da belarra hazten; elur-oreinaren goroldioa, txilarra, ahabia eta antzeko landareak baizik. Altuera txikiagotan konifero-basoak daude, hazteko urkiek baino denbora luzeagoa behar dutenak. Izeia oso ugaria da, baina elurraren pisuagatik irregularki hazten da askotan. Izeiaren punta-begia hondatzea arrunt normala da eta orduan alboko adarren batetik enbor berria garatzen da. Horregatik ohizko izei enborzuzenaren ordez oso maiz agertzen dira bi enborreko izei okerrak.
Laponiako fauna
Elur-oreina ( Rangifer tarandus ) da, zalantzarik gabe, Laponiako animaliarik ezagunena eta ugariena. Animalia honen moldaketa-ahalmena izugarria da. Haren ilajea batezbeste 4 cm lodi da, isolatzaile ezin hobea. 60. paralelotik iparralderantz bizi dira, 80. paraleloraino irits daitezkeelarik. Apoak zabalak ditu eta horri esker aise ibil daiteke elurraren eta lokatzaren gainean. Migratzailea da; udazkenean hegoalderantz egiten du, beti talde handitan bildurik.
Kostaldean itsas txakur muturbeltza ( Phoca groenlandica ) eta itsas txakur marmolairea ( Phoca hispida ) aurkitzen dira, baina ez dira oso ugariak. Lehorreko ugaztunetan azeriak eta hartzak nabarmendu behar dira. Europako beste eskualde epelagoetakoek baino gorputz lodiagoa eta gorputzadar txikiagoak dituzte. Gorputz lodiaz beroa hobeto mantentzen dute eta gorputzadar txikiez bero gutxiago galtzen dute. Bestalde, arktikoko azeri, erbi eta erbinude zuriari ilajea zuritu egiten zaie neguan, elurretan ondo kamuflatu ahal izateko. Beste horrenbeste gertatzen zaie migratzen ez duten hegaztiei, lagopodoei adibidez.
Laponiako faunaren berri ematean ezin aipatu gabe utzi intsektuak. Elur- eta izotz-urtzea hasten denetik eta lehenengo elurtera bitartean, eltxoak dira Laponiako udako ezaugarririk nabarmenena. Lur zingiratsuetan milioika jaiotzen dira egunero. Tronpa ia gorputza bezain luzea dute eta emeek animaliei, elur-oreinei batez ere (baita pertsonei ere), heldu egiten diete odola zurgatzeko. Haien ziztadak ez dira arriskutsuak (ez dute gaixotasunik transmitizen), baina bai narritagarriak eta haien eraginez elur-orein taldeak zoratzeraino irits daitezke.
Laponiarrak eta laponiera
Laponiarren ezaugarri fisikorik nabarmenenak bi dira: txikiak izatea (batezbeste 1,55 m-koak gizonezkoak eta 10 cm gutxiagokoak emakumezkoak) eta oso buruhezur txikia eta forma berezikoa izatea. Ilea, oro har, leun eta iluna dute. Aurpegia madari-itxurakoa da, masailak pixka bat irtenak eta azala olio-kolorekoa. Begiak gehienetan arreak edo marroiak. Beraz, fisikoki, bere bizilagunen, hots, eskandinaviarren, antzik ez dute.
Ikusmen zorrotza dute, baita zahartzaroan ere. Bere odol-sisteman anastomosiak dituzte (arteria eta zainen arteko ez-ohizko loturak), horri esker tenperatura bajuak hobeto jasan ditzaketelarik. Indartsu eta biziak dira, ibilera arinekoak eta erresistentzia handikoak (1883.ean Amundsen esploradore norvegiarrak bi laponiar bidali zituen Groenlandiako barne-lurraldeak miatzera eta 57 ordutan eski gainean 460 km-ko ibilaldia egin zutela esan zuten itzuli zirenean. Inork ez zien sinetsi, baina bietako batek Suediako lasterketa batean parte hartu eta irabazi egin zuen: 21 ordutan 220 km ibili zen!).
Laponiarren jatorria ez dago batere argi, baina badirudi K.a. 2000. urtearen inguruan iritsi zirela Eskandinaviara edo, zehatzago esan, gaur egun bizi diren lurraldeetara. Hegoaldetik iritsi ziren, beste herrien erasoetatik ihesi.
Laponiera fino-ugriar hizkuntz taldeari dagokio, talde hau ural-altaiar hizkuntz familiako adar bat delarik. Adar horretako hizkuntzarik ezagunenak suomiera (finlandiera) eta hungariera dira. Hiru dialekto nagusi ditu laponierak; elkarrekiko aski desberdinak. Iparraldeko dialektoa da hedatuena: 3 laponiarretatik bik egiten dute iparlaponieraz. Ekialdeko laponieraz Inari lakutik ekialderantz egiten da (Ipar-ekialdeko Finlandian eta Errusian). Azkenik, hego-laponiera dago, gutxien hedatua: erdi aldeko Norvegian eta Suedian egiten dute.
Laponieraren fonetika eta gramatika konplexuak dira (adibidez, 9 izenordain pertsonal dituzte: 3 singular, 3 plural eta 3 dual, hau da, gu biok, zuek biok, haiek biok). Lexikoa, espero izatekoa denez, oso aberatsa da haien bizimoduari dagozkion gauza eta kontzeptuetan (metereologia, fauna eta elur-oreinari dagokion guztian adibidez), baina urria kontzeptu abstraktutan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia