}

Laneko baldintza fisikoak hobetzeko aholkuak (eta III)

1991/12/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Indarrezko ekintzarik arruntena pisua jaso edo garraiatzea da.
Eskuzko esfortzu handia eskatzen duen hainbat iharduera: aitzurrean aritu, aizkora edo motozerra erabiltzea, tenisa, etab. Guzti horietan bibrazioak edo kolpeak sortzen dira.

Indarrezko langintzak

Indarrezko ekintzarik arruntena pisua jaso edo garraiatzea da. Jakina denez, gure gorputza kaltetu gabe behar bezala egiteko, belaunak flexionatu egin beharko ditugu pisua lurretik jasotzeko; eta eusteko edo garraiatzeko gorputzaren ondo-ondoan eduki behar dugu, belaunak erdi-flexionaturik mantendu eta abdominalak uzkurtu, bai geldirik gaudela eta bai pisua gainean dugula ibiltzen hasten garenean.

INDARKA LAN EGITEN DUTENEK BETE BEHARREKOA

  • Esfortzu handiegiak edota luzeegiak ebitatu.
  • Pisuak postura egokian hartu eta mantendu.
  • Eskumuturrak eta gerriak babestu, iharduerak hala eskatuz gero.
  • Muskuluak sendo eta elastiko mantendu; beste lanetan baino areago.

Eskuzko esfortzu handia eskatzen duen hainbat iharduera: aitzurrean aritu, aizkora edo motozerra erabiltzea, tenisa, etab. Guzti horietan bibrazioak edo kolpeak sortzen dira. Artikulazioetan eragina dute eta eskumuturrekoetan batez ere; horiexek bait dira hauskorrenak. Horietako indar-iharduera bat egin aurretik komeni da, beraz, eskumuturrak babestea, artikulazioak zertxobait estutu eta bibrazioen transmisioa moteltzeko.

• Lan gogorrak eta fajak

I

a kultura guztietako traje edo jazki tipikoetan aurki daiteke faja, garrantzizko osagarri bezala. Jantzi honek muskulu abdominalen eginkizuna osatzen du, gerri aldea lesioetatik babestuz.

Faja etengabe erabiltzeak pixkanaka abdominalak ahultzen dituen arren, ez da ahaztu behar, horratio, denbora luzez makurtuta egon behar badugu edota esfortzuren bat egin beharrean gaudenean oso baliagarria gerta dakigukeela.

Etxeko lanak

Etxean egin ohi diren ia lan guztiak sar daitezke aurrez aipatu dugun ihardueraren batean edo bestean. Dena den, etxeko lanek sortzen dituzten arazoak ebitatzen lagunduko diguten aholku praktiko batzuk eman egingo ditugu.

Erosketa-otarrea , gure artean bakarrik erabiltzen da pisuak garraiatzeko era aldrebes hori. Nekeaz gain, bizkarrezurreko deformazioak eragin ditzake, otarrea hutsik dagoenean izan ezik, noski. Deformazio horiek ebitatzeko badira gutxienez hiru era:

  • Orgatxo bat erabiliz pisua ez daramagu guk. Hala ere, askoz hobea litzateke erosorga horrek bestelako diseinua balu, eta tiraka ordez bultzaka eramango bagenu.
  • Motxila erabiliz, pisua bizkarrean uniformeki banatzen da.
  • Aurreko bi soluzio horiek nahi ez baditugu edo erabili ezin baditugu, har ditzagun bederen bi otarre, bien artean pisua banatuz (baina behar baino gehiago bete gabe!).

Platerak garbitzea iharduera deserosoa eta kaltegarria ere bada, eta hori arraskagileei eta etxeetako sukaldeak diseinatzen dituztenei eskertu beharreko zerbait da:

  • Ia arraska guztiak bajuegiak eta sakonegiak dira.
  • Ia arraskarik ez dago, behean oinak jartzeko lekurik duenik. Zutik egindako ihardueretan esan bezala, hemen ere kajoi, barra edo antzekoren bat erabiltzea komeni da, oinak txandaka apoiatzeko. Honela gerri-kurba txikiagoa izango da.

Oheak egitean belaunak zertxobait flexionatu eta abdominalak uzkurtu egin behar ditugu. Postura horretan molestiak nabaritzen baditugu, deseroso bagaude edota ohea bajuegia bada, belaunika gaitezen ohea egiteko. Posizio horretan ere molestiarik sentitzen badugu, ez oherik egin. Bertan etzan zaitez!

Erratz eta aspiradoreen girten eta makilak oso motzak izan ohi dira eta makurtu beharrean egoten gara. Horrelako erremintak erosterakoan girten luzea dutenak aukeratu eta erabiltzean muskulu abdominalak uzkurtzea komeni da.

Azken oharra

Lan honetan ez dugu gaia agortu; ezta hurrik eman ere. Eguneroko lana alienatzailea izan ez dadin, aldatu beharreko faktore batzuk besterik ez dira aipatu. Baina lanaren alderdi korporalarekin batera hortxe daude lankideen arteko harremanak, ordutegia, presio psikologikoa, ingurugiroa, sormena, etab., eta elementu horiek guztiak ere kontrolatu eta hobetzen saiatu behar genuke; gugan jasotako dirusariak baino eragin handiagoa bait dute.

BULEGOAN KIROLA EGITEA

Horixe da Scott Donkin kiropraktikoak proposatzen duena; laneko mahaian noizbehinka ariketak egiteko etenalditxo bat egitea. Gorputzak behar-beharrezkoa du bulegoko lanik gehienek behartzen duten postura bortxatu horretatik errekuperatzeko.

Mikro-etenaldiak

dei genitzakeenak proposatzen ditu bere liburuan; eserlekua utzi gabe burutu daitezkeenak. Gomendaturiko mugimenduak sinpleak dira, eta gehientsuenak ohargabean pasako lirateke ia.

Hona Donkin-en ariketetako bat. Begirada lanetik maiz altxa eta segundo gutxi batzuetan sei metro baino gertuago kokatua dagoen objekturen bati begiratu. Tentsio-gehikuntza nabarmentzen badugu, sakon-sakon arnastea komeni da, geldiro, sudurretik airea hartuz eta ahotik botaz.

Begiak esku-ahurrekin estaltzea (minutu-erdiz, minitu batez) ere oso komenigarria da, hala nola aldizka behatzak, eskuak, eskumuturrak eta bestoak luzatzea. Egunaren zati handi bat idazmahaiaren aurrean eserita ematen dutenentzat beste mugimendu onuragarri bat sorbaldak belarrietarantz eramatea da, aurrerantz eta atzerantz biratzen ditugun bitartean. Elastikotasuna mantentzeko ona da burua sorbalda bietarantz makurtzea, poliki-poliki, zangoak luzatzea eta oinak orkatilen inguruan mugitzea, belaun bat eta bestea ondoren bularrera jasotzen ditugun bitartean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia