Landareak, errugabeak metanoaren auzian
2009/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hiru urte eztabaidatzen eta ikertzen eman ondoren, landareek ez dutela metanoa sortzen ondorioztatu dute ikertzaileek. Max Planck Institutuko ikertzaileen lan batek piztu zuen eztabaida. Science aldizkarian argitaratu zuten ikerketa, eta, haren arabera, landare asko gai dira metanoa sortzeko. Eta ez gutxi, gainera: haien esanean, atmosferara isurtzen den metanoaren % 10-45 landareek sortutakoa izango litzateke. Baina ez zuten argitu zer mekanismoren bidez sortzen zuten metano hori.
Orain, Hego Australiako Unibertsitateko ikertzaileek berriro egin dituzte Max Planck Institutuan egindako esperimentuak, metano-iturririk ez dagoela ziurtatuta. Eta emaitza garbia izan da: ez dute metanoaren arrastorik detektatu. Horrez gain, landareen genoman ez dute topatu metanoaren ekoizpenarekin lotutako generik. Nonbait, landareak gai dira lurzoruan dagoen metanoa hartzeko eta hostoetatik askatzeko; beraz, hori izan daiteke 2006ko ikerketen emaitzen azalpena. Baina sortu, ez dute sortzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia