}

Landare haragijaleek hiru tranpa-mota dituzte.

2002/02/10 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Egun modan jarri badira ere, landare hauek aspalditik dira ikerketa-gai. Lloyd-ek 1942an egin zuen erabiltzen dituzten tranpa-moten lehen sailkapena.

Landare haragijaleek harridura sortzen dute, eta ez da gutxiagorako; forma bitxiz eta estrategiaz beteriko mundua da beraiena. Landare haragijaleak elikagaietan oso urriak diren lurretan bizitzera egokitu dira, eta landare guztiek bizitzeko behar duten nitrogenoa, lurretik beharrean, jaten dituzten animalietatik lortzen dute. 7 familiatan banatzen diren 600 bat espezie ezagutzen dira, eta mundu guztian daude hedatuta, baita Euskal Herrian ere (zoko umeletan, kareharrizko maldetan eta zingira azidoetan, batez ere).

Harrapakinak tamaina txikiko intsektuak izan ohi dira, baina gerta daiteke musker ala sagu txikiak ere harrapatzea. Landareek proteinen digestiorako produktuak soilik xurgatzen dituzte, eta intsektuen hegal etakanpo-eskeletoko osagai garrantzitsuaden kitina alde batera uzten dute. Hortaz, digestioaren ondoren, azala edo oskola hutsik gelditzen da.

Mugimendu biziak

Tranpa aktiboak erabiltzen dituzten landareek harrapakina harrapatzeko mugimendu bizkorra egiten dute, eta digestio hobea ziurtatzen dute. Bi motatako tranpak bereizten dira; baraila-tranpak eta xurgatze-tranpak.

Tranpa aktiboak Dionaea muscipula eta Aldrovanda vesiculosa familietako landareek erabiltzen dituzte batik bat. Landare horiek, hortzez betetako aho baten antzerako hostoak dituzte. Hostoaren erdialdeko kolore gorriak edo nektarak erakartzen du harrapakina. Oso azkar ixten da; landarearen adinaren arabera 1 eta 10 segundo bitartean bakarrik behar izaten du. Digestioa, berriz, egun batzuetako lana izaten da.

Xurgatze-tranpaz uretako landareak soilik baliatzen dira. Guti edo aski gardenak diren besikula txikiak dituzte, eta mutur batean ile luzez inguratutako zulotxoa. Nahikoa da harrapakinak filamentu horiek ukitzea landareak xurgatzeko. Animalia istant batean xurgatzen da (1/50 segundo), baina gero denbora behar izaten du landareak, batzuetan ordu-erdi ere bai, berriz ere lehengo formara itzultzeko.

Guztiak ez dira hain bizkorrak

Tranpa erdi-aktiboetan ere egitendu mugimendua landareak, baina tranpa aktiboetan baino askoz ere geldoago –minutua baino gehiago irauten du–. Beraz, mugimendu hori ez da intsektua harrapatzeko egiten, elikagai-likidoa ez galtzeko eta harrapakinari ihes egiten ez uzteko baizik.

Harrapakina modu horretan harrapatzen duten landareek digestio-entzimak eta muzilagoa deitzen den kolaren antzeko likido bat jaurtitzen dute. Gehienetan, landarearen guruinak eta muzilago-bolak gardenak edo gorriak izan ohi dira. Argia islatu egiten da eta intsektuak ur-tantekin nahasten ditu bolatxoak. Tantatxoan pausatu ondoren, tentakuluek inguratu egiten dute intsektua eta horrek ezin izaten du hegaldatu. Intsektu bat harrapatuta, landareak pare bat aste behar izaten ditu lehenera itzultzeko.

Mugimedurik gabeko landareak

Sarracenia rubra landarea. Familia honetako landareek ez dute intsektua harrapatzeko mugimendu bizirik egiten.

Tranpa pasiboak hori landare handi eta koloretsuek erabiltzen dituzte. Nepenthaceae-en eta Cephalotaceae-enkasuan, kolore biziek eta xixku edo eltze forma duten hostoen puntan dagoen nektarrak erakartzen dituzte harrapakinak. Hosto horien azala likatsua da eta beherantz zuzenduta dauden ile txikiz josita dago. Ile horiek irristari gertatzen dira intsektuarentzat, eta ezinezkoa egiten zaio goranzko bidea egitea bertatik ateratzeko.

Sarraceniaceae familiakoen kasuan tranpa antzekoa da, baina hostoek hodi-forma nabarmenagoa dute. Alabaina, intsektua irrista dadin erabiltzen duten estrategia bera da.

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia