}

Lanbide Heziketa eta enpresak

1994/02/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nahiz eta krisi garaian bizi, Usurbilgo Lanbide Eskolako Zuzendari den Iñaki Mujikarekin inbertsio bereziei buruz hitz egin dugu; ezagutzarekin erlazionaturiko inbertsioei buruz, hain zuzen ere. Lanbide Heziketarako ikastetxeak, irakaskuntzaren arloan beti izan dira seniderik txiroenak, baina Gipuzkoan, batez ere, iharduera berezia izan dute, enpresa eta administrazioekin batera eratutako plangintza amankomun bati esker.

G: Lanbide Heziketa eta enpresen arteko formazio-plana noiz eta zein helbururekin hasi zen?

E: Nire ustez gauza batzuk bereizi egin behar dira: alde batetik badira, inguruko enpresekin izandako harremanen ondorioz, formazio-plan bereziak eratu dituzten lanbide-eskola batzuk, Arrasateko Eskola Politeknikoa adibidez. Bestetik, gainerako lanbide-eskolak eta bereziki lanbide-eskola publikoak heziketa arautuan aritzen ziren eta kasu gutxitan zeukaten harremana inguruko enpresekin.

86an Gipuzkoan Imanol Murua Diputatu Nagusi zela lanbide-eskola eta enpresen arteko formazio-planak antolatzeari ekin zitzaion. Eskoletatik proiektuak aurkeztearekin batera ekipamenduz hornitu ziren. Hiru urterako bi plan egin dira, orain arte (88-91 eta 91-94 planak, alegia) eta bi plan horietan ia 1.000 milioi inbertitu direla esan daiteke. Hortaz, eskoletan sartu den ekipamendua punta-puntakoa da eta horrek irakaslegoa motibatu egin du. Beste plan batzuk ere eratu dira: langabezian dauden gazteentzako, (25 urtetik beherako gazteentzako, hain zuzen) formazio-plan berezi bat eratu zen. Emakumeentzat ere antzeko planak aurkeztu ziren.

Horiek izan dira Diputazioaren aldetik egin izan diren planak. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak ere 89an eskualde-batzordeak antolatu zituen. Hauen helburua, eskualdean bertan zeuden eskolak bildu eta bertako formazio-arazoei erantzuna eman ahal izatea izan zen. Horretarako oso talde interesgarriak antolatu ziren. Enpresen aldetik bazeuden ordezkariak, udalen aldetik, sindikatuen aldetik, eskoletatik eta teknikari batzuk ere bai. Baina plan horrek oso gutxi iraun zuen, (3 urte eskax) eta ez oso era egokian gainera. Dena den, hortik ere zenbait gauza ikasi dugu eta une honetan bultzada handiena ematen ari direnak eskolak berak direla aitortu behar da.

Eskolan ekipamenduak nahi badituzu, eskolan ikastaroak eman behar dituzu. Ikastaroak emateko zeure burua prestatu egin behar duzu, baina ekipamendua punta-puntakoa denez, bera izan da jendea birziklatzeko erabili den akuilua.

G: Usurbilgo lanbide-eskolan zertan ari zarete une honetan?

E: Usurbilgo eskolak 3 espezialitate ditu: administraritza, automatismo industrialak eta mekanika, eta azken honen barruan CAD-CAM espezializazioa. Espezializate horietan nahikoa ongi hornituta gaude, bai ekipamendu aldetik eta bai irakaslego aldetik. 84az geroztik Usurbilgo eskolak inguruko enpresekin harremanak jorratzen lan handia egin du eta une honetan ezagunak gara. Horren adibide gisa, 70en bat enpresekin sinatuta ditugun hitzarmenak aipatuko nituzke. Aipatu espezialitateetatik kanpo zenbait ekintza badago lantzeke; antolaketa-mailakoak, hain zuzen ere. Guk alor horretan lan egin nahi dugu eta horregatik Lan Sailari eta Diputazioari zenbait eskaera egin diegu. Arlo honetan ere aurrerapausoa eman duena Gipuzkoako Diputazioa izan da. Jadanik sektoreka azterketak egin eta beharren arabera planak antolatzen ari dira.

G: Plangintza horiek burutzeko, krisia eta enpresen tamaina ikusita, enpresek nekez inberti dezakete formazioan behar dena. Beraz, formazio-planen kostua nola ordaintzen da?

E: Materiala, irakasleak eta planak eskoletan bertan badaude. Orain arte Diputazioak subentzionatu ditu ikastaroak (% 70); hau da, ikastaro normal bat, 40 ordukoa edo, oso prezio onean ateratzen zen: 8.000 pta. edo kostatzen zen. Baina beti geratzen zenkezka, ea hor ematen zenak enpresen beharrei erantzuten zien ala ez. Horregatik, enpresak ezagutzea eta enpresek plangintzak proposatzea zela onena pentsatu genuen. Ildo honetan, Ingemar enpresarekin plan bat egin dugu.

Ingemarrek Eskolari makinetan ari ziren langileak, mantenimendu sinple bat egiteko gai izatea planteatu zion, beraiek makina ongi dabilen gaizki dabilen... detektatzea, beharbada ez konpontzeko, behar den garaian gelditzeko, begiratzeko, gauzen bat gaizki baldin badago pieza hori aldatzeko gai izatea, horretarako makina ezagutzea eta teknologi ezagutza batzuk izatea. Horrela hiru ikastaro egitea planteatu zen. Guk plana aurkeztu genuen eta berak sindikatuen aurrean, langileen aurrean etab. azaldu zuenean, hiru ikastaro atera beharrean 9 atera ziren, eskaera langileen aldetik eta sindikatuen aldetik izan zelarik.

Horrek honakoa esan nahi du: jendea prest dagoela beren lanpostuak hobetzeko, mantentzeko eta giro horretan lan egiteko. Beste plan bat Luzuriagarekin egin dugu. Luzuriagak bere aldetik barruko azterketa bat egin zuen, beharren azterketa bat, eta hortik atera zen gurekiko harremana. Ea guk zer erantzun eman geniezaiekeen. Hor atera dena aurten 13 ikastaro ematea izan da, gehienbat mantenimenduko, mekanikako eta elektrikako langileak birziklatzeko. Hemen ere finantzazio-bide guztiak guk mugitu ditugu Diputazioan eta Diputazioak % 65 subentzionatzen du.

G: Eta zuek irakasleok, behartuta zaudete nolabait puntan egotera. Zuk, Iñaki, ikusten al duzu Eskolan eta oro har lanbide-eskoletan kezka hori? Hau da, zerbitzu bat eskaini behar dut eta zerbitzu hori eskaintzeko nire burua prestatu egin behar dut. Nola ikusten duzu gai hori?

E: Eskolan ekipamenduak nahi badituzu, eskolan ikastaroak eman behar dituzu. Ikastaroak emateko zeure burua prestatu egin behar duzu, baina ekipamendua punta puntakoa denez, bera izan da jendea birziklatzeko erabili den akuilua.

G: Sei... zortzi urteko esperientzia daukazue eta urte dexente dira nolabait epaitu ahal izateko. Nola ikusten duzue Usurbil eta Lasarte-Oria ingurua orain dela 8 urte zegoen egoerarekin konparatuz?

E: Adibide batekin azalduko dizut. Orain dela... ez zortzi urte baina bai 10 urte, eskoletan ez zegoen halako material gehiegirik eta teknikoki nahikoa atzeratuta ginen. Orain Usurbilgo Lanbide Eskolak inguruko injinerutza eta enpresa txiki baina gai tekniko aurreratuetan lanean ari direnekin dabil elkarlanean eta hortik aparte material-biltegi gisa ere egiten dugu, hau da, guk baditugu orain oso ekipamendu aurreratuak eta enpresa gehienek ezin dute gordailuan eduki, diru asko balio dutelako.

Bezero bat etortzen denean, edo erakusketaren bat egin nahi dutenean, eskolan bertan egiten dira edo eskolatik hartu eta enpresara eramaten dira. Harreman horiek sendotzea da adibide gisa enpresekiko erlazioaren adierazle. Bestalde, lehen esan duguna, harreman horietatik formazio-eskaerak daude; bai enpresa horietatik eta bai enpresa hauek beste enpresei egiten dizkieten lanetatik etab. sortzen diren beharretatik. Beraz, hor katea bat sortu da nolabait.

G: Euskal Herriko beste lurraldeetan gertatu al da antzekorik edo gertatzen ari al da?

E: Nik uste dut hemen lanbide-eskoletan abantaila handiena Gipuzkoak duela; lehen esan dudanez, eman zaion bultzada horregatik. Bizkaian eta Araban bada puntan dagoen eta linea horri jarraitzen zaion zenbait ikastetxe, baina oro har nik uste dut asko jaisten dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia