LAGURUSA, dunetako gramineo iletsua
1997/05/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Landare polit honekin, familia berri bat ezagutzeari ekingo diogu, gramineoena, hain zuzen ere. Bere baitan 500 bat genero eta 8.000 espezie inguru daude. Hauetako asko oinarrizkoak dira giza elikaduran (zerealak, azukre-kanabera…), beste batzuk animalientzat oso baliagarriak (larretako gramineoak esate baterako), edo erabilpen desberdinetarakoak (adibidez, banbu kanaberak). Berez, familia hau gure artean aski ezaguna eta garrantzi handikoa dela esan behar dugu.
Oro har belarkiak dira, hostoak distikoak, edo nekez espiralean antolatuak. Loreak, berriz, oso txikiak eta ikusgaitzak, hermafroditikoak edo sexu bakarrekoak izaten dira eta pertsona alergikoen etsai amorratuak ere bai. Fruituak lehorrak eta indehiszenteak izaten dira.
Ale honetan aztergai dugun landarea gure artean azaltzen den gramineo politenetako bat da. Lagurus generoak espezie bakar bat du eta bera identifikatzeko irakurleak ez du inongo zailtasunik izango. Horretarako gure kostaldean dauden azken dunetara udaberriko erdi aldean bisitatxo bat eginez gero, bere loraldi ikusgarriaz gozatzeko parada izango duzue. Adibidez, Zarauzko Inurritza ingurura, babestutako biotopora, hurbiltzea aukera polita izango litzateke. Landare honek 10-40 cm-ko tamaina du eta iletsua eta berde arre kolorekoa da.
Infloreszentzia oso deigarria izaten da, globularra, zurixka, iletsua eta oso betea. Esan bezala, kostaldeko hondartza eta dunetan banatuta dago, sistema hauek landaretza minimoa baldin badute. Gure kostaldeko kokagune desberdinetatik desagertu egin da gizakiak egindako presioagatik (Getaria, Hondarribia…) eta gelditzen zaizkigun azken dunak kontserbatzea sistema hauetan berezkoak diren espezieentzat ezinbestekoa da. Bukatzeko, landare hau oso dekoratiboa denez eta lehortuta ere ondo kontserbatzen denez, zoritxarrez gehiegi jaso izan dela azpimarratu nahi dugu.
Lagurusa Familia: gramineoak |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia