Kutsatze genetikoa Mexikoko artoan
2001/11/29 Elhuyar Zientzia
Mexikoko arto-barietate basatietan zekale transgenikoan txertatu izan diren geneak aurkitu dituzte. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek detektatu dute kutsaketa genetiko hori, eta gaurko Nature aldizkarian argitaratu dituzte datuok.
Adituak asko harritu ditu emaitza horrek, batez ere Mexikon 1998az geroztik genetikoki eraldatatutako produktuen aurkako luzamendua ezarrita dagoelako, eta ADN transgenikoaren barreiaketa eragoztearen garrantzia azpimarratu dute. Izan ere, kutsatze genetikoa arrunta dela ikusi dute.
Aurretik Mexikoko Ekologia Institutu Nazionalak eta Biodibertsitatearen Batzorde Nazionalak egina zuten horrelako ikerketa bat, eta antzeko emaitzak jaso zituzten, argitaratu ez bazituzten ere. Horien esanetan, arto basatiaren hazien % 10k zuen ADN transgenikoa.
Arto-barietate horietan detektatutako ADN arrotzak Bt toxina kodetzen duen genea du (cry1Ab genea), baita azalorean mosaiko-itxurako gaitza eragiten duen birusaren sekuentzia promotoreak ere (promotorea arto transgenikoak Bt toxina espresa dezan baino ez da erabiltzen). Toxina hori Bacillus thuringiensis bakterioak sortzen duen toxina arrunta da, eta landarearen genoman txertatzean insektizida baten modura jokatzen du.
Oraindik argitzeke dagoena ADN transgenikoaren jatorria da, Mexikon 1998 aurretik landatutako zekale transgenikoak kutsaturik aurkitu dituztenetatik 100 km baino gehiagora ezarri baitzituzten. ADN arrotza jaso izanak zer eragin izan dezakeen baloratzea zaila den arren, adituen artean eztabaida piztu duen gaia da. Landare transgenikoak landatzeko baimena emateko unean kontuan hartu beharreko faktorea izango da behintzat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia