Elkarrizketa

Asier Herrero Mendez

«Kudeaketa desberdinak dituzten basoen mosaiko bat behar dugu Euskal Herriko paisaian»

Miloi bat hektarea-lur erre da aurtengo udan Europan. Euskal Herriaren erdia erretzearen pareko kopurua da hori. Erretako eremuaren zati handi bat basoa da, gainera. Faktore askok egin dute bat: aldaketa klimatikoak eta basoen kudeaketak. Asier Herrerok baso ekosistemek estres klimatikoei nola erantzuten dieten ikertzen du.

Has gaitezen definizio bat emanaz. Zer dira basoak? Ez dira zuhaitzen multzo hutsa, ezta?

Baso batek beti zuhaitzak izango ditu elementu adierazgarrienak, baina helburuaren araberakoa da. Ekoizpen-helburu bat dutenak landaketak dira, eta horiek deskribatzeko erabiltzen diren parametroak nekazaritzarekin lotuta daude: letxugen ordez, zuhaitzak ditugu. Egurraren ekoizpenaz hitz egiten da.

Baso natural bat deskribatzeko oso bestelako parametroak erabiltzen dira. Adibidez, lurzoruko mantenugaien birziklapena. Hau da, zuhaitzak sortzen du hostoa, hostoa erori egiten da, hostoa usteldu egiten da, eta hostoan dauden mantenugaiak –nitrogenoa, fosforoa eta bestelakoak– lurzorura itzultzen dira. Hala, berriro, zuhaitzak hartzen ditu.

Baina ekoizpen hori landatutako baso batean ere gertatuko da, ezta?

Bai, baina landaketetan egur guztia ateratzen da, eta orduan, materia organikoa eta mantenugai horiek guztiak kentzen dituzte, ez dira bertan gelditzen.

Aitortuko dizut niri mito bat erori zaidala esan didazunean oraintxe zu eta biok gauden hau ez dela baso natural bat.

Askotan joaten gara mendira, gure pagadietatik ibiltzen gara, asko gustatzen zaizkigulako, eta pentsatzen dugu: "baso natural hauek...". Baina Euskal Herrian oso baso natural gutxi daude, oso baso heldu gutxi. Orain dela oso gutxi arte gizakiak kudeatu dituelako denak, hainbat helburuetarako.

Eta ez bakarrik egurra, ezta?

Ez bakarrik egurra, hori da. Aspaldi sortu zen kontzeptu bat: zerbitzu ekosistemikoak. Termino horrek erreferentzia egiten die ekosistemak betetzen dituen funtzioei, baina gure gizartearen ikuspuntutik sortuak, alegia gizarteak lortzen dituen etekinen ikuspuntutik.

Baso batek guk erabili ditzakegun produktu asko sortzen ditu: egurra, onddoak, bestelako elikagaiak… Oso onddozaleak eta oso zizazaleak gara herri honetan. Eta, nola ez, aisialdirako tokiak dira. Horrek geroz eta garrantzia handiagoa du gizartean. Beraz, funtzio pila bat betetzen dituzte.

Baina beste funtzio asko ere betetzen dituzte: habitata sortzen dute animalia askorentzat, mantenugaien birziklapena, airea purifikatzen dute, ibai-emarien erregulazioan parte hartzen dute, eta ibaietan dauden hainbat mantenugai xurgatzen dituzte, ura nolabait garbituz.

Zerbitzu asko dira. Beraz, behar ditugu basoak.

Behar ditugu, bai. Esango nuke guk behar ditugula basoak haiek gu baino gehiago.

Basoak ikertzen dituzuenok basoen “mediku" ere bazarete. Zein da Euskal Herriko basoen osasun-egoera?

Alde batetik, inoiz baino baso-hedadura handiagoa dugu Euskal Herrian. Baina, beste alde batetik, esandakoa, apenas dugu baso naturalik. Apenas dugu baso heldu bat, non basoaren potentzialitate guztiak ikus ditzakegun.

Toki guztietan erabiltzen da "kudeaketa" hitza. Basoak ere kudeatu egin behar dira?

Uste dut denetik egon beharko lukeela. Beharren arabera kudeatu behar ditugu basoak, baina, esan bezala, ez dugu baso guztiz naturalik, ez dugu baso heldurik. Horiek behar-beharrezkoak ditugu, eta gure lurraldearen ehuneko batean basoari bere dinamika propioa jarraitzen utzi beharko genioke. Batez ere, jada ez dakigulako nola funtzionatzen duen guztiz naturala den baso batek.

Basoari bere dinamika propioa jarraitzen uztea izango litzateke basoa bakean uztea, ezta?

Bai, kudeaketaren barruan kontenplatu daiteke ez kudeatzea. Basoari bere dinamikan uztea.

Eta beste muturrean izango genuke esku-hartze intentsiboa, landaketa gisa erabiltzen den basoa.

Hori da orain duguna: landaketa intentsiboak, egurra lortzeko. Basoen ekologo bezala, baso-maitale bezala, gustatuko litzaidake landaketetan beste kudeaketa-mota batzuk ikustea. Hemengo espezieak ikustea: adibidez, haritzak landatzea, eta kalitatezko egurra ekoiztea Euskal Herrian.

Tarteko kudeaketa batzuk ere posible dira, eta oso garrantzitsua da, batez ere klima-aldaketaren testuinguru honetan, kudeaketa desberdinak dituzten basoen mosaiko bat edukitzea gure paisaian. Kudeaketak eraginda baso-egitura desberdinak dituzten basoen mosaiko bat edukitzea. Kudeaketa anitza eta baso anitzak.

Baso publikoak eta pribatuak desberdin kudeatzen dira?

Baso publikoak aldundiek kudeatzen dituzte, normalean. Kasu jakin batzuk kenduta, non udalek kudeatzen dituzten. Gertatzen dena da, askotan, lur pribatu eta lur publikoen kudeaketa oso antzekoa izaten dela, helburua egurra ekoiztea dela oraindik ere bietan.

Isurialde Atlantikoan, egurgileen ikuspegia gailendu da. Basoak oso produktiboak dira, diru-iturri bat dira. Baina saiatu beharko genuke kudeaketa desberdinei tokia egiten. Hau da, egurra beharko da, eta beraz, beharko dira toki batzuk kudeaketa intentsiboa dutenak. Baina beste batzuk tarteko ereduekin kudeatu beharko dira, eta beste batzuetan ez litzateke ezer egin behar, eta zientzialariei utzi epe luzeko ikerketak egiteko aukera emateko.

Une honetan, nola ari zaie eragiten klima-aldaketa basoei?

Modu askotan, baina faktore kezkagarrienen artean lehorteak daude. Prezipitazioak eskasak badira eta tenperaturak gora egiten jarraitzen badu, lurrunketa handiagoa eta, ondorioz, lehorte handiagoa izango dugu. Eta lehorteak zuhaitzak asko ahultzen ditu. Zuhaitzak bizitasun gutxiago du, zaurgarriagoa izaten da izurrite edo patogenoen aurrean… Lehorte gehiago etorriz geroz, eta egoera horiek luzaroan mantenduz gero, zuhaitzen heriotza ere gerta daiteke.

Ez dakit gogoratzen duzun, baina 2022an bero-bolada ikaragarriak izan ziren, eta Arabako zenbait basoetan zuhaitzak hil egin ziren: arteak, pinu gorriak, zenbait zuhaixka, ipuruak... hil egin ziren. Eta horrek ekosistema erabat aldatzen du. Zuhaitzez estalita zegoen eremuak, bat-batean, estaldura guztia galtzen du. Erabat aldatzen du ekosistemaren dinamika, eta kezkagarria da, oso.

Espezie asko hil zirela diozu. Espezie guztiek berdin erantzuten diote lehorteari?

Ez, modu desberdinetan erantzuten dute. Batzuk zaurgarriagoak izaten dira. Adibidez, koniferak, haien ezaugarriengatik, nahiko zaurgarriak dira. Baina izaera mediterraneoa duten espezieak erresistenteak izaten dira. Adibidez, artea.

Baina, lehorte hartan, Arabako Badaiako mendilerroan baita zenbait arte ere hil ziren, eta hori kezkagarria da. Izan ere, klima-aldaketarekin, gero eta ohikoagoak izaten ari dira muturreko gertaera klimatikoak.

Klima-aldaketa dute basoek mehatxu bakarra, edo mehatxu gehiago dituzte?

Mehatxu gehiago dituzte, tamalez. Adibidez, kutsadura. Kutsadurak, beste garai batzuetan, asko ahuldu zituen basoak. Eta espezie exotikoak ere badira arazo handi bat.

Bestetik, pertsonen eta bestelakoen mugimendu handia dago munduan zehar, eta askotan ekartzen ditugu onddoak eta bestelako patogenoak, munduaren beste punta batetik. Horrek ere ondorio latzak ditu.

Bukatzeko, marraztu dugun panorama honetan, nola ikusten duzu basoen etorkizuna?

Basoen etorkizuna gure kudeaketak eta gure erantzukizun-mailak baldintzatuko dute. Klima-aldaketarekin nola jokatzen dugun, basoen kudeaketarekin nola jokatzen dugun, horren araberakoa izango da... Zabalik dago etorkizuna.

Beñar Kortabarria Olabarria

Elhuyar Zientzia Beñar Kortabarriak kazetaritzan lizentziatua da eta Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Arg. Elhuyar

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali