}

Kuasareek sua jaurtitzen dute

1994/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hubble satelitea, dakigunez, unibertsoko misterioak argitzeko jaurtitako teleskopio bikaina da. Jaurti ondoren ordea, akats batzuek medio miopia zuela konturatu ziren eta astronautak miopia hori konponduta joan den abenduaren 13an itzuli ziren Lurrera.

Hala ere, Hubble teleskopioa konpondu arte irudiak bidali ditu eta horietako bat 3C273 kuasarearena izan da. Unibertsoaren oso urrutiko alderdian dago (3.000 milioi argi-urtera) eta sua jaurtitzen erakusten du argazkiak. Orain arte kuasareek materia kanpora zorrotadaka jaurtitzen zutela astronomoek bazekiten, baina optikoki inoiz ikusterik ez da egon eta argazkiak kuasareak hobeto ezagutzeko balioko du.

Galaxia adinako materia-fluxua jaurti du kuasareak. Lehen argazki optikoa orain atera zaio.

Kuasareei buruz, egia esan, ez dakigu gauza handirik. 1963. urtean detektatu zen lehenengoa (3C273 izenekoa, hain zuzen) eta oso urruti zegoen. Argi-puntuen antza dutelako, kuasare izena (ingelesezko quasistellar edo “sasiizar” hitzetik eratorria) eman zitzaien.

Oso urruti daudela kontutan hartuta, berezko argitasun ikaragarria dutela esan daiteke. Orain arte ez dakigu hain energia handia sortzeko burutzen den fenomeno fisikoa zer-nolakoa den. Agian zulo beltzen eragina egongo da tartean, baina, nolanahi ere, zulo beltz erraldoiak izango dira, hau da, masa handikoak.

Bere erakarmen handiaren eraginez, erdiko zulo beltzak inguruko materia guztia irensten du, partikulak azeleratu eta inguruko multzoaren iharduera areagotuta materia kanporantz jaurtitzen delarik. Kuasareak materia sutan nola jaurtitzen duen ikusten da, hain zuzen, teleskopioak hartutako argazkian.

Irrati-astronomiako datuek iradokitzen zuten bezalaxe, kuasarean jaurtiketa ez da simetrikoa, eta norabide bateko fenomenoa denez, erdiguneko mekanismoaren propultsio-efektua adieraz dezake. Horrela jaurtitako materiaren fluxuak, ia argiaren abiadura lor dezake eta milaka argi-urteko distantziaraino zabal daiteke.

Datu interesgarria da ordea jaurtiketa jarraia ez izatea. Plasma aldika botatzen da kanpora eta zulo beltzak ez du, dirudienez, motore erregularraren antzera funtzionatzen.

Otsailean Hubble teleskopioa irudi garbiak bidaltzen hasten denean, Unibertso urruneko (beraz Unibertsoaren jaiotzako) datu gehiago jakin ahal izango dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia