Kostaldeko dunak, haizearen hareazko sorkuntza
2004/06/01 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Marearteko guneko harea lehorra dagoenean eraman egiten du haizeak, eta hondartzaren atzeko aldean pilatzen du. Mundu osoko kostaldeetan gertatzen da hori, baita Euskal Herrian ere.
Dunak era daitezen, beharrezkoa da, haizeak jotzeaz gain, atzerantz hedatzeko aukera izatea. Beraz, euskal kostaldearen orografia malkartsua dela eta, ez dira asko duna-sistemak eratzeko toki egokiak, eta garatu diren tokietan tamaina txikikoak izan dira. Toki gutxi horietan, gainera, asko mugatu da dunen hedadura azken mendean, gehienetan giza eraginaren ondorioz.
Dunek garrantzi handia dute hondartzetako ekosistemetan. Sistema dinamikoak eratzen dituzte, eta zati batzuk, bereziki haizeak zuzenean eragiten dienak, etengabe ari dira eraldatzen. Hainbat bizidunen habitata dira eta babes handia ematen diete. Hondartza bera ere indartu egiten dute higaduraren aurrean.
Ahuldutako sistemak
Duna-sistema osasuntsuek naturaren indar itzelak jasan baditzakete ere, oso sentikorrak dira giza jarduerekiko. Oinezkoen joan-etorri hutsak landareek hondartzan mantentzen duten harea aska dezake, eta higadura erraztu. Horri beste faktore asko gehitu behar zaizkio, gune horiek kaltetzen dituzten faktoreak.
Esate baterako, askotan autoen pasabidetzat edo aparkalekutzat erabiltzen dira, eta, harea askatzeaz gain, landareei kalte egiten zaie. Gainera, hainbat hondartzatan ohitura izan da urte askoan eguzkitan egoteko “traba” egiten zuten landareak moztea. Hondartzak garbitzeko sistema mekanikoek ere honda ditzakete dunak.
Hala, harea askatuta eta landareak hilda, edo hilzorian, dunak ahulduta geratzen dira itsasoaren eta haizearen erasoen aurrean.
Bestalde, kostaldea babesteko eta egonkortzeko lanek ere sarritan kaltetzen dute dunaren dinamika, eta dunaren atzealdean egiten diren eraikuntzek ere eragiten dute dunaren eboluzio naturalean, hedatze- eta migrazio-prozesu naturalak eteten baitituzte. Hainbat tokitan, gainera, hareatzetan bertan egin dituzte eraikuntzak, eta erabat hondatu dute sistema.
Hondartzaren erabilpenak sortzen duen kalte zuzenaz gain, ez da ahaztu behar estresak ekosistema horretako bizidunetan izan dezakeen eragina, eta baita uraren eta atmosferaren poluzioa ere.
Gure kostaldeko dunak ez dira arazo horietatik libratu. Mendebaldeko muturretik ekialdekoraino aurki daitezke hainbat hondartzatan, baina haien egoera asko aldatzen da toki batetik bestera.
Euskal Herriko dunak
Arenako hondartzan, adibidez, Barbadun ibaiaren bokalean, Euskal Herriko duna higikor egituratuenak daude. Hala ere, bizi duten egoera kezkagarria da. Petronorren instalazioa hondartzan bertan egoteaz gain, gainean dute autobidea, eta itzela da Ibaizabalen ezkerraldeko hondartza bakarra izateak dakarren presioa.
Ekialdeko muturrean, Angeluko dunek ere arazoak izan dituzte. Han, dunak garatzeko kondizioak euskal kostaldeko onenak dira. Hala ere, presio handia jasan behar izaten dute, eta muga arkitektonikoek eta aisialdiko eta garapeneko proiektuek arriskuan jarri dituzte. Aturri ibaiaren kanalizazioak ere kalte handia egin du dunen dinamika naturalean.
Bi horien tartean daude Gorliz, Urdaibai, Zumaia, Zarautz, Hendaia, Bidarte, Miarritze… Gorlizko, Hendaiako eta Miarritzeko batzuk, ordea, ez dira aktiboak dagoeneko. Beste hainbat tokitan erabat desagertu dira, besteak beste, Urumearen eta Ibaizabalen bokaleetan zeudenak.
Sistema horiek duten garrantzia ikusita, Euskal Herriko duna gehienek dute nolabaiteko babesa gaur egun, baina ahalegin hori ez da berdin arrakastatsua toki guztietan.
Berreskuratzeko ahaleginak
Inguru horiek berreskuratu nahian, hainbat ekimen garatu dira. Aipatzekoak dira horien artean Urdaibain eta Zarautzen egindakoak.
Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Laidako hondartzan aspaldi desagertu ziren dunak giza ekintzaren eraginez. Orain, ordea, berreskuratu egin dira Erreserbaren Patronatuak 2001etik aurrera garatu duen programaren ondorioz.
Duna berriak ezartzeko, substratu egokia bota behar izan zuten hondartzan, eta substratu hori itsasadarrean bertan egindako draga batetik lortu zuten. Inguru egokia aukeratu eta han zabaldu zuten materiala, marearen ur-lasterrak eragindako higadura murrizteko. 250 metro luze eta 25 metro zabaleko hiru zume-ilara jarri zituzten, hondar-aleak haien inguruan bil zitezen.
Hareak eta haizeak egin zuten ondorengo lana. Harea pilatzen hasi zenean, Ammophila arenaria aitzindaria landatu zuten, eta horren ostean beste landare batzuk ezarri ziren, dunen berezko landaretza osatzeko. Prozesu bera egin zuten 2003an.
Zarautzen, bestalde, duela zenbait urte hasi ziren dunak babesten. Hesiak eta plataformak jarri eta birlandaketa lanak egin dituzte, eta orain dunak berreskuratzeko plan berriari ekin diote. Helburua hondar-muinoak egonkortzea da, hondartza naturalki gara dadin. Horretarako, 60.000 landare sartuko dituzte eta itsasoaren eta haizearen higaduratik babesteko teknikak erabiliko dituzte.
Hainbat lekutan lanean hasi diren arren, kontzientzia eta borondatea behar-beharrezkoak dira dunak berreskuratzeko ekimenak orokortu daitezen, baina, gaur egungo joera ikusita, badirudi zaila izango dela.
Arrisku gehiago dunentzat
Mundu osoko kostaldeetan, badira Euskal Herrikoen aldean duna erraldoiak. Lapurditik iparralderantz joanez, adibidez, Arcachongo Dune de Pyla dago, Europako handiena. Gure kostaldeko metro apurreko dunen ondoan, izugarriak dirudite duna haren 2,5 kilometroko luzerak eta 100 metroko garaierak, baina handiagoak ere badaude.
Handiek ere badituzte arazoak, ordea, eta, ohiko kalteez gain, aisialdirako erabilera berriek arazo gehiago ekarri dituzte horietako batzuetara. Izan ere, azkenaldian asko zabaldu da motor-mota desberdinekin dunetan gora eta behera ibiltzeko ohitura. Horrez gain, sandboard izeneko kirola ere gero eta gehiagok egiten dute. Kirol horretan, dunen tontorretik behera irristatzen dira kirolariak taula baten gainean.
Horrelako jarduerek dunen ekosistemetan eragiten dituzten kalteek kezka sortu dute gune horiek babesteko lanean ari diren erakundeen artean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia