}

Kontuz uretatik irtetean!

2001/12/05 Elhuyar Zientzia

Urpekariek uretatik irtetean kontu handia izan behar dute, azkarregi irteten badira, presio-aldaketaren eraginez arazo larriak izan ditzakete eta. Izan ere, gorputzeko ehunetan aireko gasen kopuru txikiak daude disolbatuta eta uretatik irtetean, kanpoko presioa baxuagoa denez, gasak disoluziotik ateratzen dira. Igoera pixkanaka egiten bada, gasak odolera igarotzen dira eta arnas-aparatuaren bidez kanporatzen dira inolako arazorik gabe. Ostera, presio-aldaketa azkarregi egiten bada, gas-burbuilak sortzen dira gorputzean. Kalte larrienak nerbio-sisteman eratzen diren burbuilek eragiten dituzte: zorabioak, paralisia, konbultsioak eta koordinazio-arazoak, besteak beste. Gainera, nerbio-sistemaz gain beste ehunek ere jasaten dituzte ondorioak; adibidez, giltzaduretan metatzen diren burbuilek oinazea eragiten dute.

Uretatik azkarregi irten bada, gorputza bere onera ekartzeko kamera hiperbarikoak daude. Urpekaria uretatik ateratakoan, presio altuko kamera horietako batean sartu eta pixkana jaisten da presioa. Hala ere, baliteke guztiz ez etortzea bere onera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia