}
Carlos Cabido Quintas Aranzadiko herpetologia-taldeko ikertzailea

“Kontserbazioa ez da zoologikoetan panda hartza heztea, baizik eta ingurunea, baita gertukoena ere, mantentzea eta zaintzea. Eta ingurune hori gure etxe ondoko putzua eta eskolako pareta izan daiteke.”

2024/06/26 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Hernani BHI ikastetxeko DBHko eta Batxilergoko ikasleek, Carlos Cabido Quintas Aranzadiko ikertzailearekin batera, sugandilak behatu dituzte haien morfotipoaren araberako jokamoldeak ikertzeko, “Gluoien Mahaia, gazteak inspiratzeko” proiektuaren barruan.

kontserbazioa-ez-da-zoologikoetan-panda-hartza-hez
Arg. Aranzadi

Biologian doktorea, Aranzadiko herpetologia-taldeko ikertzailea zara. Zure espezialitatea animalien portaera eta ekologia ebolutiboa da. Nola azaltzen duzu zure lana?

Aranzadin oso gai desberdinetako departamentuak ditugu, eta dibulgazioa, kontserbazioa eta ikerketa egiten dira, batik bat ingurumenaren kontserbazioari lotutako ikerketak. Hor kokatzen naiz ni. Ikerketetan, alderdi ekologikoen eta portaeraren azterketa konbinatu ditut, eta espezieen kontserbazio-egoerarekin eta ingurunearekin duten harremana aztertu dut.

Herpetologia esaten zaio nire departamentuari. Herpetoak arrastaka dabiltzan animaliak dira. Horren barruan sartuta daude anfibioak eta narrastiak. Berez, ez dute euren artean zerikusirik; hegaztiak eta armiarmak multzo berean sartzea bezalakoa litzateke, baina historikoki horrela egin da, eta Aranzadin ere horrela egiten da.

Nondik datorkizu anfibio eta narrastiekiko interesa?

Haur nintzenetik izan dut gustuko anfibio eta narrastiei begiratzea. Begiratze hutsarekin azter daitezkeen animaliak dira. Zientziak, ordea, ez ditu beste espezie batzuk adina ikertu eta, behin-behinean, ez dira beste espezie batzuk bezain erakargarriak. Hegaztiak, esaterako, mendira irten eta narrastiak baino errazago ikusiko ditugu. Behin narrastiak ikusita, aldiz, begiratze hutsaz, oso gertutik behatu daitezke, euren konportamenduan eragin gabe.  Laborategiko ikerketa ere hegaztiena baino errazagoa da.

Zer garrantzi du “herpetoak” ikertzeak?

Garrantzia guztia eta ezer ere ez. Helburu konkretu batekin ikertu behar dela uste ohi da. “Dena delakoa garrantzitsua da plagak kontrolatzeko”. Hau da, dena delako espezieak funtzio jakin bat izan behar du ikertua izateko. Dirulaguntza-politikek ere horrela funtzionatu ohi dute.

Nik, ordea, uste dut espezieek berezko balioa dutela, eboluzioaren emaitza direlako. Are gehiago, ikuspegi artistikotik uler genezake; artelanei balioa eman ohi diegu uste dugulako giza kulturaren bikaintasuna direla, nahiz eta inolako funtzio praktikorik ez izan. Espezieekin era berean joka genezake; gugana iritsi diren altxorrak dira, eta bere horretan gure arreta eta kontserbaziorako ahalegina merezi dute.

Herpetoak zergatik ikertu behar ditugun eta zientzia zergatik egin behar dugun galderek erantzun bera dute; munduak nola funtzionatzen duen ulertzeko, alegia. Horretarako, hoberena oinarrizko zientzia egitea da, aplikaziorik gabea, ez baitakigu noiz eta non suertatuko den erabilera handiko ezagutza bat. Beraz, ikertzen dugun edozerk izango du bere balioa mundu honetan.

Zein da anfibio eta narrastien egoera? Zergatik da garrantzitsua haien kontserbazioa?

Ornodunen artean mehatxu handiena duten espezieen artean daude. Munduko anfibio-espezieen % 50ek, gutxienez, badu mehatxuren bat. Hegaztien kasuan uste dut ez dela % 20ra iristen, baina haien kontserbaziorako egiten den ahalegina askoz ere handiagoa da. Ez dut esan nahi hegaztiak ikertu behar ez direnik, baina aldea nabarmena da.

Gluoien Mahaia proiektuaren bidez, zure ikerketa-proiektua ikastetxeetan jarri duzu martxan. Kasu honetan, Hernani BHIko gazteekin aritu zara. Zer egin duzue?

Aspaldidanik dut interesa sugandilen morfotipoek euren jarreretan duten eraginean eta gazteek ikerketa honetan lagundu zezaketela pentsatu nuen. Euskal Herrian badugu oso arrunta den sugandila bat, horma-sugandila, eta ikastetxe askotan daude haien bizileku diren harrizko paretak. Hernani BHI institutua egokia ikusi genuen horretarako.

Kasu honetan, sugandila arrak behatu dituzte.  Araldian, espezie horretako arrek kolore bentral laranjak, zuriak edo horiak izaten dituzte. Horietako batzuk lurraldekoiak dira, eta euren gunea babesten dute, eme gehien dagoen gunea, alegia. Bestalde, badira, emeak “lapurtzeko” helburuz, lurraldekoien gunean sartzen diren sugandilak. Oharkabean pasatzen saiatzen dira eta ez dute lurraldekoiek adina eme lortzen. Ez dute energiarik gastatzen lurraldea defendatzen. Eta, azkenik, lurraldearen ordez, badira euren emea defendatzen duten sugandilak ere. Hau da, eme batekin kopulatzen dute, eta haren ondoan geratzen dira, beste ar batek ez dezan harekin bat egin.

Sugandila horien portaerak behatu dituzte. Jarduera erakargarria dela esango nuke. Azken batean, xomorroak ikustea da. Askotan pentsatu ohi da otsoa ikertzen duen zientzialariak oso lan interesgarria duela, baina ohartu behar dugu otsoak ikertzen dihardutenen ehuneko handi batek otsoaren kakak biltzen dituela. . Gure ikerketak, ordea, aukera ematen digu haien jokaera tokian bertan ikusteko.

Gainera, aipatu beharra dago oso ondo datorkigula gazteek ikerketa hau egitea. Hau da, bildu dituzten datuek erabilera erreala izango dute, guk iker ditzagun eta, hala nahi izanez gero, argitaratu. Hau da, herritarron zientzia erreala egin dute. Horri esker, benetako zientzia zer den ikusi dute. Hain zuzen, hori lortu nahi du Elhuyarrek proiektu honekin.

Nolakoa izan da prozesua? Zer pauso eman dituzue?

Ikerketa abiatzeko azalpen-saioa ematera joan ginen eta zer egingo genuen azaldu genien. Aipatu beharra dago aurreikusitako egutegia ezin izan dugula osatu; otsaila aldera udaberri-giroko egunak izan genituen eta Aste Santu ostean, behaketa abiatu behar genuenean, hotza itzuli zen. Aranzadikook sugandilak aurretik markatu behar genituen, behaketan identifikatuta egoteko. Ez da posible izan.

Prozesuari dagokionez, lehenik eta behin fenomenoa zein den azaltzea litzateke egokiena, eta gazteek eurek planteatzea nola aztertu.  Alegia, hori litzateke zientziak benetan nola funtzionatzen duen ulertzeko modu ideala. Hau da, galderak planteatzean eta, galdera horiei erantzuteko, ebidentzietan oinarritutako informazioa lortzeko metodoak bilatzean datza zientzia. Ez dugu horretarako astirik izan, baina behintzat metodo zientifikoa aplikatzearen garrantziaz jabetu dira; zorrotz jokatu behar dela, datuak modu sistematizatuan hartu behar direla eta abar.  

Adin-talde bakoitzari egokitutako protokoloa eman diegu. Gazteenek sugandilak non eta nolakoak diren jaso dute hormari ateratako argazki batean. Baita beste sugandilengana hurbiltzen diren ala ez.

Helduagoek, ordea, mehatxu baten aurrean sugandilak duen portaera aztertu dute. Gazteak izan dira mehatxua: sugandilarengana pixkanaka hurbildu dira eta, kronometro eta laser-neurgailu bidez, noiz egin duen ihes neurtu dute. Baita zenbat denborara irteten den ezkutalekutik ere. Kontuan izan behar dugu sugandilak eguzkia behar duela tenperatura mantentzeko, eta, beraz, denbora batera irten egin beharko dela.

Horrekin guztiarekin, erakutsi nahi diegu neurri errazekin portaera konplexuak azter daitezkeela.

Azpimarratu nahi dut, ingurumen-sentsibilizazioari edo ingurumen-heziketari dagokionez, espezie komunekin eta iristeko modukoekin lan egitea aukera izan dela horrek kontserbazioan duen garrantzia nabarmentzeko. Ohartu dira sugandilen itxura ez ikusgarriaren atzean espezie konplexua ezkutatzen dela. Kontserbazioa ez da zoologikoetan panda hartza heztea, baizik eta ingurunea, baita gertukoena ere, mantentzea eta zaintzea. Eta ingurune hori gure etxe ondoko putzua eta eskolako pareta izan daiteke.

Ikerketaren emaitzak azoketan aurkeztuko dituzte gazteek. Zer garrantzi du horrek?

Azaldu behar izateak egiten ari direna hobeto ulertzera behartuko ditu, eta galderak eta zalantzak sortuko dizkie. Hau da, hobe da galderak sortzea ikerketa ziurtasunez bukatzea baino. Mundua galderen bidez behatu dezatela, hori da helburua. “Begira zein txori arraroa!” esan beharrean, “Zergatik da arraroa?” esan dezatela.

Proiektuan sakontzeko, deskargatu "Jasangarritasunerako ikerketak gazteak inspiratzeko" liburuxka hemen

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia