}

Kontrolik ez hartz zurien ehizan

2003/06/19 Elhuyar Zientzia

Txuktxien itsasoan, Estatu Batuak eta Errusia banatzen dituen Bering itsasartetik iparraldera, hartz zuri gehiegi ehizatzen ari direlakoan, kezka azaldu du Estatu Batuetako Fish and Wildlife zerbitzuak. Azken boladan, urtean 100-250 hartz zuri ehizatzen ari dira errusiarrak, jasangarria izateko gehiegi. Erakundearen kalkuluen arabera, lau mila bat hartz zuri daude eskualde horretan eta, hainbeste ehizatzen segituz gero, hogei urtean populazioa erdira murritz daiteke.

Eskualdea Errusiako txiroenetakoa da eta, Sobietar Batasunak gainbehera egin zuenetik, bertako biztanleek ez dute bizirauteko beste modurik topatu. Hartzak ehizatu eta larruazalak salduz ateratzen dute bizimodua, Errusian hartzak ehizatzea 1950eko hamarkadan debekatu zen arren.

Estatubatuarren kezka ez da funtsik gabekoa. Izan ere, Alaskan, hartz zuria desagertzeko arriskuan egon zen 1960ko hamarkadan, kirol-ehizaren erruz. Geroztik, bertako biztanleak dira hartza ehiza dezaketen bakarrak, 50 bat urtean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia