Kontrolbideen beharra
2000/04/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Munduan 33 milioi pertsona bizi dira hiesaren birusak kutsatuta. Horietatik % 70 Afrikan daude. Izutzeko moduko datua da. Herrialde garatuetan kutsadura egonkortu egin da. Afrikan, ordea, kutsadura zabaltzen jarraitzen du. Zerbait egin beharko da.
Hiesaren inguruko ikerketek ere herrialde batetik bestera oso abiapuntu ezberdinak dituzte. Europan eta Amerikan birusa eta sistema inmunologikoaren arteko erlazioa argitzen saiatzen ari dira. Afrikan ez. Hango beharrik larriena kutsadura gelditzea da. Eta horretan lan egiten ari dira. Baina horretarako, kutsatze mekanismoak ezagutu behar dira.
Kutsadura maila handiagoa da populazio batzuetan besteetan baino. Zergatia jakiteko, Anberesko Anne Buve epidemologoak ohitura sexualak konparatzeko ikerketa handia jarri du martxan. Lau hiritako jendea aukeratu du, gutxi gorabehera, 1.000 gizon eta 1.000 emakume. Ikerketa Beningo Cotonou-n, Kamerungo Yaounde-n, Kenyako Kisumu-n eta Zambiako Ndola-n egin da. Azken bietan hedapen maila askoz handiagoa dela ikusi da.
Ezusteko emaitzak
Ikertzaileek ez dute erlazio garbirik aurkitu hiesaren hedapena eta espero litezkeen lau ezaugarrien artean. Lau ezaugarri horiek dira amorante kopurua, ordaindutako sexuarekiko lotura, harreman horietako kondoiaren erabilera eta lehenengo sexu harremanaren adina. «Uste dugu gaixotasunaren kutsatzearen eraginkortasunak berak eragin handiagoa duela, ohitura sexualek baino», dio Anne Buve epidemologoak.
Adibidez, hiesaren hedapen handieneko hiriak gizonen zirkuntzisio kopuru txikienekoak dira eta zenbait gaixotasun ultzerosoren kopuru handienekoak. Emaitza horiek baieztatzen badira, prebentzio kanpainak berrantolatu beharko dira. Oraingo kanpainen joera ohituretara zuzenduko da, baina gaixotasun ultzerosoen jarraipena, kondoien banaketa eta agian gizonen zirkuntzisioaren sustapena egin beharko da.
Hiesaren ikerketaren beste ezaugarri nabarmena da herrialde garatuetan lortutako aurrerakuntzak ez direla errazak Afrikara eramaten. Adibidez, jakina da AZT droga ospetsuak jaiogabeko haurren kutsapena saihestu dezakeela. 1997. urtean Estatu Batuetan horrelako 500 kutsapen gertatu ziren. Urte horretan 600.000 kasu egon ziren, horietatik, % 90 Afrikan.
Zenbait ikerketatan aurkitu da bularra emateak kutsa dezakeela hiesa. Baina beste aukerek ez dute zertan hobeak izan behar. Toki askotako ur kutsatuta dela eta, esteetako gaitzek haurren hilkortasuna ikaragarri handia bilakatu dute.
Prostitutekin egindako ikerketek ere ezusteko emaitzak eman dituzte. Aztertutako taldeko % 15 kutsatugabeko emakumeak ziren, kutsatutako bezeroekin babestu gabeko harremanak izan badituzte ere. Batzuek lana bi hilabetez utzi ondoren, itzuli eta hurrengo harremanetan kutsatu ziren. Azalpena izan liteke eguneroko kontaktua behar dela nolabaiteko hesi inmunologikoa izateko. Hori egia bada eta hiesarentzat txertoa lortuz gero, agian efektua izango luke soilik etengabe hartuko balitz. Gai konplexua da.
Hiesa gogor jotzen ari da Afrikan azken urteetan. Baina ikerketa zabaltzen ari da. Datorren udan 10.000 ikertzaile bilduko dira Durban-en, Hego Afikan, hiesari buruzko XIII. mundu mailako konferentzian. Herrialde pobre batean egiten den lehenengo aldia izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia