}

Kontinenteen jitoa imitatzeko, bolatxoak

2008/08/12 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Orain dela 300 milioi urte, Pangea superkontinentea zegoen; orain dela 200 milioi urte inguru, bereizten hasi zen, eta gaur ezagutzen ditugun kontinenteak sortu ziren. Hemendik milioi urte batzuetara, berriz elkartuko dira seguru asko... Lurreko kontinenteak etengabe ari dira mugitzen, elkartzen eta urruntzen, lurrazalaren azpian dagoen mantu likidoaren konbekzio-korronteek bultzatuta, onartuen dagoen teoriari jarraitzen badiogu.
Lurraren nukleoak igortzen duen beroaren eraginez, mantuko konbekzio-korronteek bultzatuta ari dira mugitzen kontinenteak.
Cornell Unibertsitatea

Bada, New York Unibertsitateko fisikari batzuk saiatu dira azaltzen zergatik gertatzen den urruntze eta aldentze zikliko hori. Hain zuzen, lurrazalaren lodiera aldakorrak konbekzio-korronteetan duen eragina simulatu dute.

Esperimentu erraz baten bidez egin zuten: hiru litroko tanga bat urez eta glizerinaz bete zuten, eta azpian xafla bero bat jarrita berotu zuten likidoa. Ura berotzearekin batera, konbekzio-korronte bat eratu zen: azpialdean berotutako likidoak gora egiten zuen dentsitatea galdutakoan, eta gaineko likido hotzagoak beherantz, dentsitatea handiagoa zuelako. Hala, korronte zirkular bat eratu zen.

Konbekzio-korrontea eratutakoan, hondoaren azalera erdia hiru milimetroko bolatxoz bete zuten, bolatxoen eragina ikusteko. Eta, ikusi zutenez, eragina handia izan zen: askoz maizago aldarazten zuten korrontearen noranzkoa, eta, aldi berean, haiek ere tangaren alde batetik bestera mugitzen ziren.

Sartu zituztenean, bolatxoak tangaren alde batean pilatu ziren, likidoa noranzko batean zebilelako biraka. Hala, likidoari beroa ematen zion xaflaren eta likidoaren artean jarri ziren bolatxoak, eta beroari bidea oztopatu zioten. Bolatxorik ez zuen aldean, berriz, hasierako indarraz berotzen jarraitu zuen urak. Beraz, alde horretako ura gora egiten hasi zen; hau da, konbekzio-korronteak bira eman zuen. Korronteak bira emandakoan, bolatxoei bultzada beste aldetik iristen hasi zitzaien, eta mugitzen hasi ziren, beste muturreraino iritsi ziren arte. Orduan, berriz hasi zen prozesua.

Plaka tektoniko deritzen egituren zati dira gaur egun ezagutzen ditugun kontinenteak. Plaka tektoniko horiek mantuaren gainean flotatzen ari dira

.

(OR)

Bolatxoak eta kontinenteak, 'gauza bera'

Zer zerikusi du -galdetuko zion honezkero bat baino gehiago bere buruari- fisikari horien esperimentuak Lurreko kontinenteen mugimenduarekin? Bada, fisikariek eurek diote sistemak oso antzekoak direla. Lurraren kasuan bolatxoak kontinenteak lirateke, eta, tangaren hondoan egon beharrean, gainean flotatzen egongo lirateke. Likidoa lurrazalaren azpian dagoen mantua litzateke.

Une honetan, Lurraren nukleoak igortzen duen beroaren eraginez, mantuan konbekzio-korronteak noranzko batean biratzen ari dira, eta korronte horiek bultzatuta ari dira mugitzen kontinenteak. Uneren batean, ordea, Lurraren eremuren batean bat egingo dute kontinente guztiek, hau da, garai batean izan zen Pangearen itxurako superkontinente bat eratuko da.

New York Unibertsitateko taldeak egin zuen esperimentuaren eskema. Bolatxoak tangaren alde batean pilatzean, konbenkzio-korronteak bira ematen du.

Kontinenteen azpiko lurrazala askoz lodiagoa denez ozeanoen azpian dagoena baino, superkontinenteak bolatxoen antzeko funtzioa izango duela esan dute ikertzaileek. Antza denez, Lurraren mantuak igortzen duen beroa superkontinentearen azpian metatuko da, eta itsasoen azpiko mantua kontinentearen azpikoa baino hotzago egotera pasatuko da.

Horren eraginez, hotzago dagoen materiala hondoratuz joango da, eta kontinenteak gune batean pilatu dituen konbekzio-korronteek bira emango dute. Orduan, kontinenteak elkartzea ez, baizik elkarrengandik bereiztea eragingo dute korronte sortu berriek.

Zientzialarien esanean, hainbatean gertatu da hori Lurraren historian; 200-250 milioi urtean behin, hain zuzen. Hortaz, Pangea baino lehenago beste elkartze eta bereizte batzuk gertatu ziren, nonbait, eta hemendik aurrera ere gertatuko omen dira.
(OR): Plaka tektoniko deritzen egituren zati dira gaur egun ezagutzen ditugun kontinenteak. Plaka tektoniko horiek mantuaren gainean flotatzen ari dira.
Bolatxoak: New York Unibertsitateko taldeak egin zuen esperimentuaren eskema. Bolatxoak tangaren alde batean pilatzean, konbenkzio-korronteak bira ematen du.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia