Kontabilitatea: teoria eta praktika
2009/03/01 Ansa Maiz, Lurdes - Elhuyar Edizioak Iturria: Elhuyar aldizkaria
Edozein unetan, kontabilitateak gai izan behar du erabiltzaileari behar duen informazioa, informazio eguneratua, eskaintzeko, hala, erabiltzailea erabaki arrazionalak hartzeko moduan izango baita. Egungo ekonomia- eta finantza-munduan, kontabilitatearen beharra nabaria da, zeren, esaera batek dioen bezala, "informazioa boterea da".
Gaur egun, enpresen arrakasta informazio-sistema oso eta informatizatuan oinarritzen da, eta, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien (IKT) erabilerari esker, informazioa agente interesatu orori banatuko zaio.
Informazio hori osatzen laguntzeko sortua da liburu hau, kontabilitate orokorrari buruzko kontsulta-eskuliburua. Eskuliburu klasikoa da, kontabilitate orokorrari buruzko sarrera-ikastaroetan erabiltzen den horietakoa, eta, halaber, liburutegiko edo lantokiko apalean, erabiltzeagatik azalak zeharo gastatuta izaten dituen kontsulta-liburu horietakoa ere bada.
Ez da egileek finantza-ekonomiari eta kontabilitateari buruz osatu duten lehenengo liburua, ezen jakintza horiek gurean eta beste ikastetxe askotan euskaraz ikasi dituzten ikasle askok dagoneko izan baitute aukera egileen beste zenbait eskuliburu erabiltzeko.
Liburu hau Espainiako Kontabilitate Plan Orokor berriari (2007ko azaroan onartutakoari) egokitutakoa da, ariketa eta bestelako ekarpen berriekin osatua datorrena, gainera. Ondarea eta balantzea, kontuak, kontabilitatearen euskarri materialak, kontabilitate-prozesua, Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ), izakinak, kobrantza-eskubideak, ordainketa-obligazioak, ibilgetuak, finantza-inbertsioak, pasiboak, eta beste zenbait gai landu dituzte, erabat modu praktiko eta erabilgarrian, kontu-taula tolesgarria ahaztu gabe.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia