}

Konstante aldakorrak

2001/08/17 Astobiza, Amaia


Baliteke unibertsoaren antolamendua zehazten duen konstantea aldakorra izatea


Egitura xehearen konstantea argiaren abiadura, elektroiaren karga eta Planck-en konstantea erlazionatzen dituen konstantea da. Hiru horien konbinazioaren bidez, argiaren eta materiaren arteko elkarrekintzaren indarraren balioa lortzen da, esate baterako, elektroia atomora lotzen duen indarraren balioa. Beste era batera esanda, konstante horrek unibertsoaren antolamendua determinatzen du. Egun, konstantearen balioa, gutxi gorabehera, 1/37 dela onartzen da. Konstantea izanik, arrazoizkoa dirudi unibertsoa sortu zenetik balio bera izan duela pentsatzea. Baina, egindako azken ikerketen arabera, badirudi ez dela beti horrela izan.

Urte askoan, astronomoek buruan bueltaka izan duten galdera da hori: konstanteen balioak unibertsoaren hasieran finkatu ziren edo apurka-apurka aldatuz joan dira? Galdera horri erantzuteko, Sidneyko New South Wales-ko Unibertsitateko John Webb astronomoak eta Australia, Ingalaterra eta Estatu Batuetako hainbat laguntzailek quasarrek igortzen duten argiaren uhin-luzera aztertu dute, eta lortutako emaitzak abuztuaren 27ko Physical Review Letters aldizkarian argitaratuko dituzte. Ikerketa egiteko, Hawaiien dagoen Keck Behatokiko teleskopio ahaltsu bat erabili dute.

Quasarrak ikus ditzakegun objektu urrunenak (1010 argi-urteraino) dira, eta bere espektroan gorriranzko lerradura nabaria dute. Hain urrun daudenez, igortzen duten argiak denbora asko behar du guregana heltzeko. Horregatik, unibertsoa sortu berria zenean ziren bezala ikus ditzakegu.

Lurrerako bidean, quasarrek igorritako argiak izarren arteko gasa zeharkatzen du. Gas horren osagaiak magnesioa, burdina, nikela eta beste atomo batzuk dira, eta atomo horiek uhin-luzera jakin batzuetako erradiazioa xurgatzen dute. Horren ondorioz, quasarren espektroan xurgapen horren berri ematen duten lerro ilunak agertzen dira. Egitura xeheko konstantearen bidez lerro horien posizio erlatiboak determina daitezke, argiaren xurgapena elektroiaren eta atomoaren arteko elkarrekintzaren araberakoa delako.

72 quasarretako argiaren xurgapen-lerroak aztertuta, badirudi duela milaka milioi urte egitura xehearen konstantearen balioa egun dena baino % 0,001 txikiagoa zela. Ondorio hori zuzena bada, fisikako oinarrizko hainbat uste bertan behera geratuko lirateke.

Dena dela, zientzialari asko ez datoz bat lortutako emaitzekin. Hawaiiko Astronomia Institutuko Lennox Cowieren ustez, adibidez, argia xurgatzen duten hodeien konposizioa aldakorra da eta, horregatik, normala da espektroko lerroetan aldaketak sortzea. Ikertzaileek, ordea, efektu hori kontuan hartu dutela diote. Hala ere, beste ikertzaile-talde batek behaketa errepikatu beharko lukeela uste dute, beraiek lortutako emaitzak baieztatu eta eszeptikoenak ere konbentzitzeko.

Gu, bitartean, emaitza berri horien zain geratuko gara, kalkulagailuko memorian gordeta ditugun konstanteak aldatu edo ez erabakitzeko.

Informazio gehiago

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia