}

Komunetako hondakinak koralen kaltean

2002/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Floridako harea-uharteetako (Cayo direlakoetako) koralak gizakion gorozkietako bakterio eta birusez josiak omen daude. Azkeneko bost urteotan Floridako koralen erdia desagertu egin da, eta munduan egoera ez da askoz hobea. Zergatien artean, poluzioa, gehiegizko arrantza eta klima-aldaketa aipatu dira, baina Floridako zenbait agintarik ez dute etxeetako hondakin-urez deus aditu nahi izan. Urok detektatzea oso zaila denez, Georgiako Unibertsitateko ikertzaileek gizakion gorozkietako bakterio eta birusetan ipini dute arreta.

Itsasertzetik hurbil dauden koralen 15 lagin hartu eta bederatzi gorozkietako bakterioekin kutsatuta daudela ikusi dute; birusak, berriz, 14tan agertu dira. Hondakin-urek koraletan duten eragin zuzena ez dute oraindik aztertu, baina jakina da gorozkietako bakterioek koralentzat hilgarria den gaitz bat gutxienez sortzen dutela. Bestalde, hondakin-urak koralak hiltzen dituzten algentzako elikagai-iturri ere izan daitezke. Ikerketaren arduradunek salatu dute harea-uharteetan 24.000tik gora hobi septiko eta legez kanpoko 10.000 putzu beltz baino gehiago daudela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia