}

Koloretako zizareak

2003/02/27 Elhuyar Zientzia

Zizare guztiak ez, baina espezie batekoak, lurzoruan dauden metalen arabera, kolorez aldatzen dira. Kontzentrazio altuetan badaude, metal horiek toxikoak dira, bai zizare arruntentzat bai beste bizidun askorentzat. Zizare berezi horiei, ordea, ez diete inolako kalterik egiten; alderantziz, lurzoru horietara moldatzeko gai dira. Gainera, gaitasun hori hurrengo belaunaldietara transmititzen da geneen bidez.

Metal-kontzentrazio altuak dituzten lurzoruetan bizitzeko gaitasuna duten superzizare horiek Lumbricus rubellus espeziekoak dira. Britainia Handiko Lancastergo Unibertsitatean ikertu dituzte, eta, artsenikoa duen lurzoruan kolore hori distiratsua hartzen dutela ikusi dute; beruna duenean, berriz, ilun-ilunak dira, eta zinka duenean ia gardenak.

Zientzialarien esanean, poluzio-markatzaile gisa erabil daitezke, eta baita lurzoruko metalak erauzteko ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia