}

Koloretako lehenengo holograma egonkorra

2011/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Koloretako lehenengo holograma egonkorra
2011/06/01 | Elhuyar
Osaka Unibertsitatean garatu duten koloretako holograma egonkorra. Arg.: Science /AAAS.

Koloretako lehenengo holograma egonkorra garatu dute Japoniako Osaka Unibertsitateko ikertzaileek.

Ohiko hologramak ez dira gai kolore uniforme bat mantentzeko. Alegia, haien tonalitateak aldatu egiten dira, ikus-angeluaren arabera. Ikertzaile japoniarrek garatutako irudiko hologramak, berriz, kolore bera du angelu batetik zein bestetik begiratuta.

Holograma bera egiteko modua ohikoa da, laser baten argia bi izpitan banatu, eta bi izpi horietako interferentziak jasotzen dira material fotosentikor batean. Kasu honetan, hiru aldiz egiten da hori, oinarrizko hiru koloretako (gorria, urdina eta berdea) laserrekin, hain zuzen ere.

Bistaratzeko prozesuan dago aldea, ohiko hologramen prozedurarekin alderatuta. Ohiko holograma bat jatorrizko laserrarekin argituta ikusarazten da; ikertzaile japoniarrek, berriz, argitze hori argi zuriz egitea eta material fotosentikorrean "gainazaleko plasmoiak" eragitea lortu dute. Plasmoi horiek emititzen dute ikusten den argia, objektuaren kolorearekin. Aurkikuntzaren arrakasta, hain zuzen, izan da emisio horiek angelu guztietan kolore berekoak eta egonkorrak izatea.

1
276
2011
6
010
Fisika
Albisteak
18

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia