}

Koloreak "berpiztu" zituztenekoa

2009/10/11 Korta Hernandez, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Koloreak ez dira berdinak guztiontzat. Batzuek urdin ikusten dutena berdea da beste batzuentzat. Batzuek hori ikusten dutena laranja zenbaitentzat. Zerua noizbait ikus daiteke gorri. Baita lurra ere. Baina larrea gorri ikusten duena, hori daltonikoa da.
Terapia genetikoa egin eta hogei astera, tximinoak kolore guztiak bereizten hasi ziren (Argazkia: Neitz Laboratory ) .

Koloreak ezberdintzeko ezintasuna sortzen duen akats genetiko bat da daltonismoa. Oro har, ezintasun hori duten pertsonek kolore berdea eta gorria nahasten dituzte, baina daltonismoa ez duten pertsonek baino morearen ñabardura gehiagori antzematen diete, eta gai dira kamuflatuta dauden objektuak ikusteko.

Gizakietan akats hori duen genea hereditarioa eta errezesiboa da, eta X kromosomari lotua dago. Hau da, gizonezko batek akatsa duen X kromosoma jasotzen badu, daltonikoa izango da. Emakume batek, ordea, bi kromosomak akastunak behar ditu izan daltoniko izateko; bestela, eramailea bakarrik izango da. Beraz, daltoniko gehienak gizonezkoak dira.

Ezintasuna kronikoa da, edo hala zen, behintzat, Washingtongo Unibertsitateko zientzialariek bi tximuri daltonismoa sendatu zieten arte.

Daltoniko gehienek ez dituzte gorria eta berdea bereizten. Daltoniko batek ez luke 6 zenbakia ikusiko argazki honetan (Argazkia: Ishihara) .

Kolorez margotutako mundua

Hego Amerikako katagorri-tximinoetan, ar guztiak dira daltonikoak. Tximino horiek opsina deritzon genearen bi bertsioak behar dituzte gorria eta berdea bereizteko, bakoitzak koloreetako bat ikusteko gaitasuna ematen baitio. Gene hori, ordea, X kromosoman dago, eta arrek X kromosoma bakarra dute. Beraz, genearen bertsio bakarra dute, eta, hortaz, daltonikoak dira. Emeek, ordea, bi X kromosoma dituztenez, koloreak ikusteko aukera gehiago dute.

Gizakien daltonismoarentzako tratamendu posible baten bila, Jay Neitz ikusmenaren arloko zientzialariak eta haren lankideek sei katagorri-tximino batu zituzten, lau ar eta bi eme —kontrolerako—. Zientzialariek tximinoei urtebetez probak jarri zizkieten egunero, gizakietan daltonismoa detektatzeko erabiltzen den test bat animalietara moldatuta. Koloretako puntuz beteriko pantaila batean, kolore ezberdineko orban bati antzeman behar zioten, eta sari gisa mahats zukua jasotzen zuten. Proben emaitzetan ikusi zuten emeek koloreak gizakiek bezala ikusten zituztela, eta arrek, berriz, ez zituztela bereizten gorria eta berdea hondo grisetik.

Behin tximino bakoitzaren ikusmena zehaztuta, proba genetikoak egiten hasi ziren zientzialariak bi tximino arrekin. Gizakiek kolore gorriari antzemateko duten pigmentuaren genea birus-bektore batean sartu, eta birusak Dalton eta Sam deituriko tximinoen erretinen atzealdean txertatu zituzten.

Koloreak ezberdintzeko ezintasuna sortzen duen akats genetiko bat da daltonismoa. (Argazkia: s tsui) .

Hogei aste geroago, arren kolore-proben emaitzak aldatzen hasi ziren. Koloretako puntuen pantailan, orban berdeak eta gorriak bereizten hasi ziren Dalton eta Sam, emeek egiten zuten bezala.

Probak egin aurretik, zientzialariak ez ziren oso baikorrak. Izan ere, animalia gazteen garun malguak ez bezala, helduen garunak askoz ere zurrunagoak dira, eta denbora gehiago behar izaten dute konexio berriak egiteko. Umetan itsu gelditutako pertsona askok, adibidez, heldu direnean begiak sendatuta ere itsu jarraitzen dute, horien garunek ez baitituzte beharrezko zirkuituak garatu ikusten dutena prozesatzeko.

Baina ikertzaileak konturatu dira garunak eta erretinak uste baino plastikotasun handiagoa dutela. Ikusi dutenez, animalia daltoniko horiek garunean kolorea prozesatzeko zirkuituak mantentzen dituzte. Txertatutako geneak soilik informazio berria bidaltzen du zirkuituetara.

Esperimentua egin eta bi urtera, tximuek kolore guztiak bereizten jarraitzen dute. Arrakasta ikusita, zientzialariek uste dute gaixotasun serioagoak sendatzeko erabili ahal izango dela terapia genetikoa.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia