}

Kolore-jokoak

2001/02/11 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Gizakiontzat koloreek hainbat funtzio izan ditzakete. Batetik, koloreak apaingarri dira: janzteko, etxea margotzeko, koadroak egiteko eta abarrerako erabiltzen ditugun koloreak guretzat gustuko edo atseginenak direnak erabiltzen ditugu, edo gure ustez, toki zein egoera jakinetarako egokienak direnak; adierazi edo transmititu nahi dugunerako aproposenak direnak hautatzen ditugu. Bestetik, kode modura erabiltzen ditugu. Seinale gorriek debekua edo antzekoren bat adierazten dute; hori edo laranjek arriskua, arreta jarri beharra edo antzeko zerbait; berdeak dena delakoa libre dela eta abar. Koloreen konbinazio eta formak identifikaziorako ere balio digute, logotipo, ikurrin eta beste hainbatetan.


Animalia asko kamuflatzeko baliatzen dira koloreez eta kolore-konbinazioez. Estrategia hori darabiltenak asko dira. Harrapari askok ingurunearekin bat egitea lortzen dute dituzten koloreak direla eta, horrela harrapakinetara errazago hurbiltzeko. Tigreek eta beste hainbat felidok, esaterako, kolore arrea eta marra edo orban ilunak dituzte, gehienak argiguneak eta itzalak dituzten inguruneetan bizi baitira.


Baina harrapakinak ere baliatzen dira kamuflajeaz. Geldi dauden hainbat hegazti, intsektu, narrasti eta abar ia ikustezin bilakatzen dira duten koloreari esker. Erabat kriptiko bihurtzen dira. Adibidez, arrain gehienak goi aldetik ilunak dira. Izan ere, itsasoa nahiko iluna da airetik begiratuz gero, eta horrela, hegazti harrapariek ezin dituzte hain erraz bereizi; azpi aldetik, ordea, argiak izan ohi dira, horrelakoa delako itsasoa hondotik gorantz begiratuz gero. Animalia asko, koloreez gain, gorputzaren diseinuaz ere baliatzen dira helburu horretarako.


"Harrokeria"


Beste zenbait kasutan, animaliek kolore biziak euren buruak harro-harro nabarmentzeko izaten dituzte. Hori gehienetan arretan gertatzen da, oro ar, kolore eta itxura onak osasun-egoera ona adierazi nahi baitu eta, beraz, erakustaldietan emeek ar hori hautatzeko aukera gehiago izaten da; ugaltzeko aukera gehiago izaten du. Hegazti-espezie askotan arrak kolore bizikoak izaten dira eta emeak kolore apalekoak.


Trikimailua


Zenbaitetan garrantzizkoena ez da kolorea bera, kolorea duten irudien diseinua baizik. Zebrek, esaterako, marra zuriak eta beltzak dituzte. Animaliok oso nabarmenak eta urrunetik ikusteko modukoak dira. Orduan, zergatik izan hain kolore nabarmena? Dirudienez, horrenbeste marra izateak animalia beraren itxura hautsi egiten du eta harrapariei zailagoa zaie zebra bakoitza non hasi eta non bukatzen den bereiztea, edo zebraren gorputzeko atal bakoitza non hasi eta non bukatzen den, eta, beraz, zailago zaie ehizatzea.


Beste animalia batzuek ere irudi nabarmenak dituzte eta, horrela, ez direnaren itxura hartzen dute, engainatu egiten gaituzte. Tximeleta askok, gehien bat gautarrek, begi-itxura duten irudiak dituzte hegoetan, "ozelo" izenekoak eta, horrela, badirudi animalia handiren bat ari zaizula begira. Arrain askok ere badituzte horrelako ozeloak gorputzaren atzealdean. Har eta beldar-espezie askok ere irudi beldurgarriak izaten dituzte gorputzaren atzealdean, inork atzetik eraso ez ditzan edo.


Kontuz nirekin!


Hori adierazten duten koloreak ia harrapari guztiek ezagutzen dituzte, esperientzia txarren bat izan dutelako besterik ez bada ere (behin probatuta ikasten baitute askok). Animaliaren bat pozointsua dela, jateko txarra dela edo mingarria dela adierazten duten koloreak eta horien konbinazioak unibertsalak dira: beltzaren eta gorri, hori edo laranjaren arteko konbinazioa. Inor edo zerbait liztorrei erasotzera ausartuko balitz, jakin beharko luke liztorren heldua izugarri mingarria dela, erleen ziztada mingarria den bezala. Eta ez badaki ere, kontu izan beharko luke, listorren gorputza marra hori eta beltzez betea dago eta. Txantxikuek ere zapore txarra dute eta hori adierazten duten orbantxo edo puntutxo laranjak dituzte gorputzaren bi alboetan. Inoiz txantxikuren bat probatu duen animaliak badaki hori. Eta, gainera, behin horrelako esperientziaren bat izan duten animaliek ez dira berriz saiatuko ez harrapakin bera ezta antzeko koloreak dituen beste animaliak harrapatzen. Horregatik dira unibertsalak kolore horiek.


Harrapariei halako organismoa arriskutsu edo kaltegarri dela adierazten dieten kolore horiei, teknikoki "aposematiko" deritze.


Iruzurtiak


Nola ez, animalien artean ere badira iruzurtiak edo besteen lepotik probetxua lortzen dutenak. Izan ere, jateko onak izanik ere kolore aposematikoak dituzten animaliak dira. Adibidez, zenbait euli-espeziek liztorren moduko koloreak dituzte; koloreak eta itxura ere bai, gorputza gainerako euliek baino lirain eta luzangagoa baitute. Tximeletak ere baliatzen dira "mimetismo" deritzon horretaz, baita hainbat suge eta bestelako animaliak ere. Edonola ere ez da komeni iruzurti gehiegi izatea sistemak huts egitea nahi ez bada.
Horrek ez du esan nahi koloreei esker animaliok erabateko arrakasta dutenik ez ehizean, ez ugalketan, ezta euren buruaren babesean ere, beti baitago uste baino bista hobea duen edo arrik ederrena ere gustatzen ez zaion emea edo zernahi jaten duena.

TXIMELETAK


Tximeleten kasuan, koloreen erabilera asko beha daitezke euren garapen-faseetan. Beldarrak direnean, askotan kamuflajerako koloreak izaten dituzte eta zaila izan ohi da adar, hosto zein belarretatik bereiztea. Beste askok kolore aposematikoak dituzte.

Adibidez, hain ezaguna zaigun prozesionariak ez ditu oso kolore biziak, baina beltza eta gorri-marroixkak edo dira, soinean dituzten iletxoek azala erresumintzen dutela adierazi nahian edo. Badira, azkenik, atzealdean forma eta itxura deigarri eta beldurgarriak dituztenak, inork atzetik eraso ez ditzan.


Beldarrek pupa bihurtzean kamuflatzeko koloreak izaten dituzte gehienetan. Baina pupatik tximeleta helduak sortzean, kolore-aniztasuna handia izan ohi da. Espezie askotan kolore aposematikoak ikus daitezke eta, gehienetan, kolore horixek iruditzen zaizkigu ikusgarri eta erakargarrienak. Erakargarritasun horrek zenbait espezie desagertzeko bidean jarri ditu, bildumetarako harrapatzen direla eta. Kolore aposematiko gehienak beltza eta gorri-hori-marroi tankerakoak dira, baina badira beste kolore batzuk ere, ia beti biziak edo deigarriak. Izan ere, garrantzitsuena hau da: tximeletak jaten dituztenek kolore jakinak eta horien konbinazioak zapore txarrarekin identifikatzea. Baina horrexegatik daude mimetismoaz baliatzen diren tximeletak ere. Hau da, zapore txarrik ez duten edo pozointsuak ez diren baina zapore txarrekoen antz-antzera kolore aposematikoak dituzten tximeletak.


Horrez gain, kolore-mota bat baino gehiagoko tximeletak ere badaude. Askotan, hegoak itxita dituztenean, kolore arreak eta apalak izaten dituzte eta hegoak zabaltzean edo hegan egitean, kolore bizi-biziak ageri dituzte. Horrela, hegoak itxita dituztela pausatuta daudenean ikustea oso zaila da eta hegan dabiltzala oso erakargarriak dira (hori ugaltze-garain oso eraginkorra izan daiteke).


Eta gauzak gehiago nahastu edo zailtzeko, gerta liteke bi tximeleta-espeziek jateko txarrak direla koloreen bidez adieraztea, baina biek kolore eta irudi ia bera erabiliz. Horri "müller-en mimetismo" deritzo eta, horrela, bakoitzak bere kolore edo eredua edukita baino babes handiagoa lortzen omen dute. Hori lehendik ere jakina zen teoria-mailan eta laborategian egindako ikerketei esker, baina berriki Costa Rica-ko basoetan egindako esperimentu baten bidez, naturan ere gertatzen dela ikusi dute.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia