}

Kolore berriak eguzki-paneletan

2008/07/14 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Bi tindagai organikoren nahaste batek hamar aldiz handitzen du eguzki-panelen eraginkortasuna, Eguzkiaren izpiak panelean kontzentratzen baititu. Ideia zaharra da, gutxienez duela 30 urtekoa. Tindagai organikoz egindako plaka koloredun batek xurgatzen ditu argi-izpiak, eta eguzki-panelaren zeluletarantz igortzen ditu. Baina orain arte probatutakoek energia asko galtzen dute bidean, tindagaien plakaren barruan izpi gehienak birxurgatzen direlako, eta berriz ere igorri. Hala, zeluletara oso energia gutxi iristen da.

MIT zentroko ingeniari batzuek hobetu dute prozesua. Tindagaiak dituen plaka oso bat erabili ordez, film koloredun mehe bat erabili dute, beirari itsatsita. Bi tindagai-mota nahasi dituzte film horretan, Eguzkiaren izpien maiztasun gehienak jaso ahal izateko. Beirari, bestalde, izpiak ertzetara bideratzen dituen molekula bat gehitu diote. Eta panela bera beiraren ertzetan jarri dute.

Sistema hori erabilita, eraikinetako leihoak bihur litezke eguzki-panel. Oso merkea da. Baina, aditu batzuen ustez, merkatuan arrakastatsua izateko, sistemaren eraginkortasuna hobetu beharko lukete oraindik ere ingeniariek. Beste zientzialari batzuk ispiluak ari dira erabiltzen argia kontzentratzeko; hobeto kontzentratzen dute argia, baina handiegiak dira, eta instalazio konplexuak behar dituzte. Bi teknologia daude lehian; merkatuak erabaki beharko du zeinen alde egingo duen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia