Kloroplastoak, genetikako irakasle
2001/04/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Bizia sortu zenean zelula bakarreko organismo ugari zeuden. Horietako batek fotosintesia egiteko gaitasuna zuen bakterioak janda, lehen landare-zelula bilakatu zen. Biziaren eboluzioak aurrera egin ahala, horrelako prozesu asko izan dira (orain ere gertatzen dira). Ondorioz, aldaketa genetikoak eragiten dira. Organismoak irentsitako bakterioaren geneak barneratu eta nukleoan sartzen ditu. Bakterioaren nukleoa desegiten da, baina bere geneek aurrera egiten dute. Horrela eratutako organismoei nukleoformo deritze.
Antzinako eboluzioan gertatutako horrelako prozesuen aztarnak ikusgai daude Erresuma Batuko ikertzaile batzuk deskodetu berri duten Guillardia theta nukleomorfoaren genoman. Organismo horrek fotosintesia egiten du eta, ondorioz, kloroplasto bakuntzat har daiteke. Gizakiaren ondoan oso genoma txikia du, 531 genekoa soil-soilik eta 6.000 bider txikiagoa, gutxi gorabehera.
Genoma horretan ez da eraldaketa asko ikusten. Izan ere, gene asko ditu, duen tamaina kontuan hartuta, geneek ez dute ia informaziorik gabeko hutsunerik (introiak) eta oso gutxi errepikatzen dira. Genoma trinkoa da, alegia. Eboluzioaren eraginez, behar-beharrezkoak ez diren geneak deuseztatu dira. Izan ere, metabolismoari dagokion zatian kloroplastoentzat ezinbestekoak direnak bakarrik gelditzen dira.
Egileek asko ikasi dute genoma horretatik. Adituek gizakiaren genomarekin konparatzen dute genoma txiki horren garrantziaz jabetzeko. Gizakian Y kromosoma nahitaezko informazioa duelako gordetzen da. Era berean, nukleomorfoaren genoma ia osoa ezinbestekoa da bizirik iraun ahal izateko. Organismo horrek ezin du oinarrizko eukariotoetatik gertuago egon. Horregatik, besteon eboluzioa aztertzeko abiapuntu ezin hobea da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia