}

Klonen patua erabakitzen duen genea

2002/05/16 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Mundu osoko zientzialariak gero eta animalien klon gehiago egiten ari dira eta gizakiekin gauza bera egiteko asmoa azaldu dutenak ere badaude. Hala ere, bizirik irauten duten klonak egiten diren guztien % 3 besterik ez dira.

Horren zergatia argitu nahian, Pennsylvaniako Unibertsitateko zientzialari-talde batek klonatutako arratoi-enbrioien genoma aztertu du. Dirudienez, guztiaren errua gene batek du: Oct4 deituriko geneak baldintzatzen omen du klona bideragarria izatea.

Tetra, lehen tximino klonatua.

Klonazio-teknikaren lehen pausoa enbrioi-zelula batean zelula heldu baten DNA sartzea da. DNA horrek zelula berriaren mekanismoak ezagutu eta horiek erabiltzen hasteko, beharrezkoa da bere baitan birprogramazioa gertatzea. Birprogramazio horren bidez, enbrioia garatzeko beharrezko geneak aktibatzen dira, eta zelula helduarenak desaktibatu.

Birprogramazio-prozesuan Oct4 genea nola eta non aktibatzen den jakitea ezinbestekoa omen da. Antza denez, hiltzen diren klonetan Oct4 genea okerreko lekuan edota okerreko unean aktibatzen da. Normalean, Oct4 genea enbrioia lau zelulaz osatua dagoenean aktibatzen da, eta gero apurka-apurka aktibitatea jaisten joaten da. Baina klonatutako enbrioien Oct4 genea behar ez denean aktibatzen bada, ehunak oker garatzen dira eta, ondorioz, enbrioia hil egiten da.

Aurkikuntza hori egin duten zientzialarien esanean, Oct4 genearen aktibitate egokia duten enbrioiak aukeratzea da oraingoz bideragarritasuna ziurtatzeko bide bakarra. Edozein modutan, zientzialari berek argi utzi nahi dute gene hori ez dela bideragarritasunaren erantzule bakarra, gene horrekin gertatzen dena ezezagunak diren beste hainbat generekin ere gertatzea oso posible baita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia