Klonatutakoen erlojuaren kontrola
2000/05/16 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Dolly ospetsua ardi heldu baten ADNtik klonatu zen. Horregatik, zientzialariak ardiaren adinaz arduratzen hasi ziren. «Bere zelulak bera baino zaharragoak al dira?» Hainbat analisiren ondoren, 1998an, galdera horri erantzuna eman zioten. Dolly-ren kromosomen telomeroak oso motzak ziren.
Telomeroak kromosomen muturretan dauden ADN zati bereziak dira. Zelularen kromosomak kopiatu egiten direnean, telomero puska bat galtzen dute. Beraz, erloju genetiko gisa jokatzen dute. Dolly-ren telomeroak motzegiak ziren eta, beraz, jaiotzean genetikoki zaharra zen. Esan daiteke erlojua aurreratuta zeukala.
Behi gazteegien paradoxa
Massachusetts-eko ACT laborategiko ikertzaileek, Robert Lanza fisikariaren zuzendaritzapean, abereak klonatzen dituzte. Esperimen- tuetan aurkikuntza harrigarria egin dute. Diotenaren arabera, jaio zaizkien txekorren telomeroak ohi baino luzeagoak dituzte. Zelula horiek naturalak baino gehiagotan kopia daitezke. Prozedura horretaz lortutako ehunak jatorrizkoak bezainbesteko adinera hel daitezke. Agian gehiago. Ehunen hazkuntzarako berri ona, dudarik gabe. Arazo etikoak, ordea, ez dira desagertu.
Lanza eta lankideak Dolly-ren telomeroen berri izan zutenean azterketa zehatzagoak egiten hasi ziren. Zelula zaharretatik klonatutako abere osasuntsurik lor daitekeen jakin nahi zuten. Txekorren fetuen zelulak hartu eta kopiatzen utzi zieten ahalmen hori «agortu» arte. Zelula horietatik sei txekor jaio ziren. Naturalak baino handiagoak ziren jaiotzean. Gainera, odol presioa handiagoa zuten, eta arnasketa arazoak zituzten. Hala ere, bi hilabeteko adinera iritsi zirenean txekor osasuntsuak ziren.
Bost hilabeteko adinetik aurrera zientzialariek zelulen azterketak egin zituzten. Kromosomen telomeroak ohikoa baino askoz luzeagoak ziren. Klonazioaren efektua, erloju biologikoaz gain, beste hainbat ezaugarritan ere nabaria zen.
Lanzak ez du baztertzen modu horretan klonatutako animalien bizitza % 50 luzeagoa izan litekeenik. Beraz, benetan horrela bada eta gizakion kasuan erabiliko balitz, 180 urteko adinera iritsiko ginateke. Hala ere, beste zientzialariak askoz zuhurragoak dira. Aipagarria da adinaren kontrola prozesu konplexua dela eta telomeroen luzeraz gain beste hainbat aldagai zaindu beharko direla. Dena den, Lanzaren hipotesia baieztatzeko urte dexente pasa beharko dira, ardien eta behien adina 12 eta 20 urte ingurukoa izaten baita. Denbora hori pasatzen den bitartean, adinaren kontrol biokimikoa beste ikuspuntu batetik ikertzen hasi beharko dute.
Oraingoz Dolly-ren eta Lanzaren klonatutako abereen arteko ezberdintasunen zergatia ez da jakina. Misterio hutsa da. Horrela gertatzeko arrazoiak mota askotakoak izan daitezke: aldaketa aleatorioren bat, espezie ezberdinak direla, zelula mota ezberdinak edo nukleoaren transferentzia era ezberdinetan egin zela. Texas Southwestern Medical Center-eko Jerry Shay biokimikariaren ustez, telomeroak oso motzak direnean, agian zelulek konpentsatu egin dezakete eta horregatik agertuko ziren hain telomero handiak.
Dena den, Lanzaren emaitzak beste talde batzuetakoekin bat datoz. Izan ere, Conneticut-eko unibertsitateko Xiangzhong Yang-ek aurkitu du behi helduen zeluletatik abiatutako klonazioetan telomero berriek gutxienez ohiko luzera dutela. Klonatutako saguetan New York-eko beste ikertzaile talde batekoek gauza bera aurkitu dute.
Oraingo erronka telomeroen luzapenaren prozesua ulertzea izango da. Oozitoaren barruan gertatzen dena in vitro errepika badaiteke, enbrioiaren urratsa saihets daiteke. Horrela izanda ordezko ehunak eta organoak haziko lirateke inongo arazo etikorik sortu gabe.
Herrialde bakoitzak legedia egokitu beharko du azkar gerturatzen zaizkigun klonazioen garaietarako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia