}

Klonatutako behi-ehunak transplantatu dituzte errefusarik gertatu gabe

2002/06/03 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Klonazioaren abantaila handietako bat norberaren neurrira egindako transplanteak izango direla esaten da eta, ildo horretatik, aurrerapauso garrantzitsua eman dutela iragarri dute Advanced Cell Technology (ACT) laborategi estatubatuarrak, Harvard Mediku Eskolak eta Bostongo Umeen Ospitaleak .

Klonazioz lortutako
behi-ehunak laborategian hazi eta bihotz, hezur eta giltzurrun bihurtu dituzte. Horretarako, behi baten belarriko zelula baten nukleoa beste behi baten hustutako obuluan txertatu dute, elektrikoki kitzikatu eta enbrioiaren garapena abiarazteko. Gero, lau eguneko klonatutako enbrioia beste behi batean txertatu eta 5-6 astez naturalki hazten utzi dute. Jarraian, dagoeneko eratutako organo-ehunak erauzi dizkiote enbrioiari –bihotzekoak, hezurretakoak eta giltzurrunetakoak– hazkuntza laborategian jarraitzeko.

Ehun horiek organoen itxurako moldeetan ipini dituzte, eta laborategian hazitako miniorganoak lortu omen dituzte. Amaitzeko, behi emaileari (belarriko zelula eman zuen behiari, hau da, jatorrizko 'klonari') giltzurrun horietako bat transplantatu diote. Nature Biotechnology aldizkariaren bidez iragarri dutenez, transplantatutako giltzurruna hainbat funtzio betetzeko gai izan da, eta ez da errefusarik gertatu. Artikulua uztaileko zenbakian argitaratuko bada ere, gaurtik aurrera eskura daiteke Interneten.

Errefusarik ez

Ikertzaileen arabera, berria oso garrantzitsua da errefusarik sortzen ez duten transplanteak egin daitezkeela frogatu dutelako. Pentsa gaixo zaudela eta giltzurrun bat behar duzula. Ohiko transplanteekin, nahiz eta gaur egun teknika nahiko ondo kontrolatu, beti dago errefusa gertatzeko arriskua, beste baten organoa eta beste baten informazio genetikoa delako; baina zuretzako giltzurruna zure material genetikotik abiatuta hazten bada, hau da, klonazioz, behiarekin egin duten bezala, errefusaren arazoa errazago gaindi daiteke.

ACT laborategiko ikertzaileek aldarrikatu dute gaurdaino maila teorikoan lantzen zen hipotesia esperimentalki aztertu ahal izan dutela lehen aldiz, eta horregatik dela hain garrantzitsua beraien ikerketa.

Orain arte, obuluetako mitokondrietan dagoen DNA transplanteetarako oztopoa izan zitekeela uste zen. Izan ere, klonazio bidez emailearen
berdin-berdina den alea lortzen dela esaten denean, ez da egia osoa esaten. Obulutik nukleoa kentzen da, baina ez mitokondriak eta, han, emailearena ez baizik eta obuluaren jabearen informazio genetikoa dago. Beraz, klonatutako ale berriak ere izango du informazio genetiko 'arrotz' hori bere zeluletan. Horregatik, klonazioa transplanteetarako ehun-iturri gisa erabiltzerakoan, mitokondrietako DNA horrek arazoak sor zitzakeela uste zen, errefusa, alegia. ACT laborategietako ikertzaileek erakutsi dute beraien behiarekin behintzat horrelakorik ez dela gertatu.

Behitik gizakira salto handia dago, ordea. Behitik gizakira alde biologikoak eta legalak daude. Legez, giza enbrioiak ezin dira 14 egun baino gehiago in vitro hazi eta ezin da horiek baino helduagoak direnetatik ehunik erauzi. Beraz, giza organoak zeluletatik abiatuta garatu beharko lirateke laborategian, eta ez, behiekin egin duten bezala, enbrioien ehunetatik. Hau da, zelula ametatik hasi beharko lukete, beste ikerketa-talde askok egiten duten bezala.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia