}

Klonatu nazazu, ahal baduzu

2004/01/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Gizartea oso kezkatuta dago klonazioa dela eta. Aspaldian, norbaitek aipatu zuen Hitler klonatzeko aukera, eta, orain, aukera hori gertu dagoela ematen du. Baina ez; aukera hori ez dago hain gertu.
Teknikoki izakia klonatzerik ba ote dago?

Espaziotik norbait etorriko balitz eta gizakiaren zibilizazioa ezagutu nahiko balu, zer erakutsiko liokete zientzialariek? Espazioko bidaiak? Ordenagailu ahaltsuenak? Material berriak? Landare transgenikoak, akaso? Zaila da esaten zein den egungo teknologiaren adierazgarririk egokiena. Dena dela, ia ziur, norbaitek esango luke: "Bizidunak kopiatzeko gai gara. Klonatu egin ditzakegu".

Klonazioa bioteknologiaren erronka da, baina baita etikaren mamua ere. Izan ere, espazioko bisitariak gizakien arteko eztabaidaren berri izango luke. Iritzi publikoa gidatzeko ahaleginak entzungo lituzke, hain larria iruditzen zaigun gai bati buruz. Eta bada larria. Zilegi da bizidunak kopiatzea? Are gehiago, zilegi da gizakiak bikoiztea?

"Egon pixka bat" esango luke "benetan klona ditzakezue bizidunak?". Eta erantzunean, besteak beste, Dolly ardiaren historia entzungo luke. Dolly ardia bioteknologiaren arrakasta izan zen; ardi heldu baten zelula batetik sortutako arkumearen historia. Baina, beste alde batetik, Dolly bioteknologiaren porrota da, inolaz ere, ez zelako ardi arrunta eta osasuntsua izan. Sei urte zituela, ardi zaharra balitz bezala hil zen.

Arratoia klonatzen oso zaila da.

Dolly ardia besterik ez zen, eta ez ditu arazo etiko oso handiak eragiten; baina gizakiak bai. Zer gertatuko litzateke gizakia klonatzen saiatuko bagina? Galdera garrantzitsua da. Dena dela, aurrera egin baino lehen, merezi du aztertzea zer ari garen galdetzen.

Ideia orokorra hauxe da: edozein zelula heldutatik erauzitako informazio genetikoa obulu batean txertatzea, haren kromosomen ordez. Odoletik har daiteke, edo ile batetik; edo ahoan txistuarekin batera dauden zeluletatik. Erreza da. Zelula horri kromosomak kendu, obulu bat 'hustu', eta zelularen kromosomak obuluan txertatu. Besterik ez. Horrela, enbrioi berria izango genuke, eta enbrioi hori eme baten umetokian inplantatu. Prozesu horren ondorioz, klona jaioko litzateke.

Baina animalia guztiak ez gara berdinak. Ez biologian, oro har, ezta klonazioaren ikuspuntutik ere. Batzuk, ardiak, saguak, behiak edo ahuntzak, adibidez, erraz klonatu zituzten Dollyren esperientziatik abiatuta. Untxiak, txerriak edo zaldiak klonatzea, berriz, zailagoa izan zen; arazo asko izan zituzten enbrioia transferitzeko eta haurdunaldia behar bezala kontrolatzeko.

Arratoia duela gutxi lortu zuten klonatzea; oso zaila izan da, obuluak azkar hasten direlako erdibitzen, biologoei material genetikoa txertatzeko denbora utzi gabe (harrigarria da nolako aldea dagoen saguaren eta arratoiaren artean; berdintsu ematen dute, baina oso ezberdinak da batekin edo bestearekin lan egitea). Beste animalia batzuekin, ez dute oraindik lortu.

Klonatu ezin izan dutenen zerrendan, Reshus makakoa dago, primate bat, alegia. Gizakiarekiko gertutasunak ematen dio interes berezia. Baina ez dakigu noraino diren kasu biak konparagarriak. Zientzialariek ulertu dute, hala ere, zein den makakoaren arazo nagusia klonatu ahal izateko. Zelulak ez dira behar bezala erdibitzen, horretarako behar dituzten hainbat proteina galdu egiten direlako prozesuan. Beharbada, obuluari informazio genetikoa erauzten zaionean, horrekin batera erauzten dira proteinak. Eta hori arazo bakarra bada, klonatu egingo dituzte makakoak, lehenago edo geroago.

Dagoeneko abere arruntenak klonatu ahal izan dira.

Eta gizakiak? Modu berean klonatu ahal izango dira? Lortuta ere, kontu ilun samarra da.

Klonatu diren animaliek gaixotasun asko dituzte. Den-denek. Hausnarkariek, adibidez, gehiegi haztearen sindromea garatzen dute, gizakiaren in vitro ernalkuntzan batzuetan gertatzen den bezala. Bestetik, klon berriaren geneak ez dira ondo birprogramatuta egoten, hau da, gorputzak ez daki zein gene aktibatu behar dituen eta noiz; desoreka horren ondorioz gara daitezkeen gaixotasunen zerrenda oso luzea da.

Gainera, adinarekin zerikusia duten kromosomen hainbat ezaugarri ere desorekatuta geratzen dira klonatze-prozesuan. Izan ere, telomero izeneko egitura batzuek ez dute luzera egokia izaten enbrioian; esan daiteke klonatutako bizidun berriaren abiapuntua animalia heldu bat izaten dela batzuetan. Biologoak oker ez badaude, eta telomeroek zahartzearekin zerikusia baldin badute, ez da harritzekoa klona beste animaliak baino lehenago hiltzea.

Bukatzeko, klonazioaren 'akats' horiek guztiak aldatu egiten dira hasierako zelula-motaren arabera. Zelula heldua azaletik hartu edo muskulutik hartu, klona ezberdina izango da.

Zelula bakartu behar da eta material genetikoa erauzi.

Faktore asko kontrolatu behar dira, ezta? Bisitariak esango luke ez dela egia, ezin dugula bizidunik klonatu. Eta, joandakoan, eztabaidaren galderarik garrantzitsuenari egin beharko genioke aurre. Gizakia klonatzeari ekingo diogu?

Agian, hausnarketak ez luke eztabaida etikoa bakarrik izan beharko; biologikoa ere izan beharko luke. Eta une honetan, biologoen ekarpena oso baliotsua da, eta biologiak esaten du agian oraindik ez gaudela prest horri ekiteko.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia