Klimaren ikertzaileak errekorrak egiten Antartikan
2006/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Klimaren bilakaera aztertzeko, oso baliotsuak dira Antartikan ateratzen dituzten izotz-zutabeak. Hainbat zientzialari-talde ari dira izotz-zutabeak sakonenetik ateratzen, ahalik eta lagin zaharrenak lortu nahian, eta, azkenaldian, errekorrak egiten ari dira bata bestearen atzetik.
Azken berria japoniarrek eman dute: Antartikan lanean ari diren Japoniako zientzialariek izotz-zutabe bat atera dute hiru kilometro baino sakonagotik. Haien kalkuluen arabera, azkeneko zatiak milioi bat urte ditu.
Albistea eman baino egun gutxi batzuk lehenago, EPICA egitasmoan diharduten zientzialari europarrek antzeko zutabe bat atera zutela zabaldu zuten. 2004an ere atera zuten beste bat, eta, oraingoa hura baino laburragoa bada ere, harekin bezainbeste egin dute atzera denboran: duela 900.000 urteraino, gutxi gorabehera.
Beharbada, antzinatasun-errekorra japoniarrek izango dute orain, baina horrek ez dio meritua kentzen Europako taldeari. Izan ere, atera berri duten zutabea Ozeano Atlantikoko urari dagokio. Orain artekoek, berriz, Indiako Ozeanoko eta Ozeano Bareko ura zuten. Beraz, biak alderatzeko eta erregistro osatua izateko aukera emango die lagin berriak.
Laginak laborategietara bidali orduko hasiko dira aztertzen eta ondorioak ateratzen. Klimaren bilakaera aztertzea eta etorkizunerako irakaspenak ateratzea da helburua.