Unai Pascual García de Azilu, BC3

BC3ko ikertzailea

Klima-aldaketa eta giza eskubideak


2025 urtea joan zaigu, baina ez klimari dagokionez errekor berriak hautsi gabe. Munduko Meteorologia Erakundeak baieztatu berri duenez, iazkoa hiru urte beroenetako bat izan da, ezohiko tenperatura globalen boladari jarraipena emanez. Azken 11 urteak erregistratutako azken 176 urteetatik beroenak izan dira. Are gehiago, azken hiru urteak, 2023-2025, hiru urte beroenak izan dira. Topa!

Ez hori bakarrik. Ozeanoen berotzeak etenik gabe jarraitzen du, hori izanik klima-aldaketaren adierazle kritiko bat, berotze globaletik datorren gehiegizko beroaren % 90 inguru ozeanoan metatzen baita. 2024-2025 bitartean, ozeanoan metatutako energia termikoa handituz joan da. Munduan sortutako elektrizitatearen baliokidea den energia-kantitatea metatu da. Topa!

Bada 2025ak utzi digun beste berri garrantzitsu bat. Hori nazioarteko zuzenbidearen eskutik etorri da. Iaz Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak eta Nazioarteko Justizia Gorteak (NJG) nazioarteko zuzenbidean inflexio-puntu bat markatu zutela esan genezake, biek ofizialki baieztatu baitute klima-aldaketa gizakiak eragindako mehatxu existentziala dela.

NJGak klima seguru baterako eskubidearen alde egin du, eta klima-aldaketak talde zaurgarrienei (emakumeei, herri indigenei, nekazariei, artisau-arrantzaleei eta gazteei) eragiten dizkien neurriz kanpoko kalteak aitortu ditu. Gorte horren arabera, osasuna bezalako oinarrizko giza eskubideetarako aurretiko baldintza ingurumen osasungarria da. Estatuek klima-aldaketatik eratorritako kalteak prebenitzeko betebeharra dutela adierazi du. Horrez gain, legezko betebehar gisa ezarri du zientziak markatu eta 2015eko Pariseko akordioan ezarritako 1,5 °C-ko beroketa globalaren langa ez zeharkatzea.

«Estatuek eta enpresek orain badakite beren ekintzak estandar horien arabera epaitu ahal izango direla hemendik aurrera»

Nazioarteko gorteen ebazpen horiek oinarri zientifikoa duen esparru bateratu bat ezarri dute, eta gizarte zibilak sistema sozioekonomikoaren eraldaketarako presioa egiteko erabil ditzake. Hemendik aurrera, klima-aldaketaren kontra egoteko beharra ez da zientziatik datorren zerbait soilik izango, nazioartean betebehar legal bat ere bihurtu da. Estatuek eta enpresek orain badakite beren ekintzak estandar horien arabera epaitu ahal izango direla hemendik aurrera.

Orain, nazioarteko zuzenbidearen arabera, CO2-aren igorpenak ez murriztea legez kontrako ekintza izan badaiteke ere, jarraitu beharreko bidea ez da automatikoa ezta erraza izango. Adibide bat jartzearren, AEB ez dago Gorte horien jurisdikzioaren menpe. Are gehiago, ingurumenaren aldeko defendatzaileak Trumpismo globalaren atzerapauso autoritarioaren mehatxupean daude. Autoritarismoaren mugimendu globalak ondo daki zientzian eta mobilizazioan oinarritutako gizarte-mugimenduak deslegitimatu behar dituela, horiek baitira gaur egun beren interes korporatibo eta inperialisten kontra egiten dutenak. Ez gaitezen haien aurrean kokildu.

Unai Pascual García de Azilu, BC3

BC3ko ikertzailea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali